Asteartea, 2018(e)ko Ekainaren 26a 09:17

ArtFacts atari ospetsuak Artium hautatu du munduko arte garaikideko 100 erakunde nagusien artean

Vigoko MARCO museoarekin batera, Arabako museoa da Estatuak XXI. mendean sortutako museoetatik zerrenda horretan sartzen den bakarra. Estatu Batuek eta Alemaniak hogeina ordezkari baino gehiago dituzte. Espainiak sei ditu. Zazpi mila museo inguru eta 600.000 artista baino gehiago erregistratuta dituela, ArtFacts erreferentziazko webgunea da egungo arte-sistemaren ezagutza globala izateko

ArtFacts arte garaikidearen sistemaren datuen analisirako web-orri ospetsuak munduko arte garaikideko ehun erakunde nagusien artean sailkatu du Artium, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoa; 73. tokian, hain zuzen. Mundu osoko arte-zentroak eta museoak, galeriak eta bienalak agertzen dira zerrendan, publikoak zein pribatuak, New Yorkeko MoMA denen buru dutela. Artiumez gain, Sofia Erregina, MACBA, IVAM, CGAC eta MARCO museoak ere agertzen dira zerrenda horren barruan.

Bere sorreratik bertatik (2002), ArtFacts (literalki, artearen datuak) erreferentziazko webgune bat bihurtu da arte garaikidearen sistemako aktore guztientzat, kultur erakunde eta galeria pribatuetatik hasi eta artista eta erakusketa-komisarioenganaino. Atari espezializatu honek mundu osoko 7.000 museo publiko, 400 bienal, 2.300 arte azoka, 21.000 galeria, 7.000 artista eta 800.000 erakusketa ingururi buruzko datuak biltzen eta aztertzen ditu. Horiek horrela, garu egun erakusketen inguruan argitaratzen diren informazioei buruzko munduko datu-base zabalena izango da, segur aski, ArtFacts. Berlinen du egoitza nagusia, eta kolaboratzaile-sare zabal bat munduko lau bazterretan. Proiektuaren atzean dagoen ideiaren arabera, "arte modernoaren historia erakusketen historia bat bezala ikus daiteke".

Eskura zuen informazio guztia baliatuta, ArtFacts artisten sailkapen bat argitaratzen hasi zen 2004an. Zerrenda osatzeko orduan, ez zuen kontuan hartzen haien merkataritza-kotizazioa, baizik eta haien banakako zein taldekako erakusketa-jarduera. Denbora gutxian, webgunea erreferentziazko tresna bihurtu zen artearen sisteman parte hartzen duten guztientzat, artista bakoitzaren ibilbidea haien erakusketa-historiala begi-kolpe batez aztertuz ezagutzeko beharra dutenentzat bereziki.     

Duela hilabete gutxitik, eta antzeko irizpideei jarraituz, ArtFacts arte garaikidearekin zerikusia duten munduko 100 erakunde nagusien zerrenda argitaratzen hasi da. Ondare-museoek, arte-zentroek, arte garaikideko bienalek eta galeria pribatuek osatzen dute zerrenda hori. New Yorkeko MoMA museoak hasten du zerrenda, Veneziako Bienala eta Parisko Pompidou Zentroa atzetik dituela. Oro har, Estatu Batuetako eta Alemaniako erakundeak agertzen dira zerrendako lehen erdian. Ondoren, baina alde handira, Austria, Britainia Handia, Espainia eta Frantzia dira zerrendan ordezkari gehien dituzten herrialdeak.

Espainiak, zehazki, sei museo ditu "top 100" horren barruan. Madrilgo Sofia Erregina Museo Nazionala da lehena, 18. tokian. Ondoren, honako hauek agertzen dira, hurrenez hurren: Valentziako IVAM (36), Santiago de Compostelako CGAC (46), Gasteizko Artium (73), Bartzelonako MACBA (76) eta Vigoko MARCO (86). Horien artetik Artium eta MARCO dira XXI. mendean sortutako bakarrak, eta, beraz, ibilbide laburrena dutenak. Eta hala ere onenen artean sartzea lortu dute.

Artium gizarte-sareetan

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand