Ostirala, 2018(e)ko Maiatzaren 25a 12:52

Artiumek Nire oinak baino harago aurkezten du, 2018 Sculto Azokarentzako eskultura-erakusketa Logroñon

Artium Bildumako hogei bat obrarekin, nolakoa izan den azken 40 urteotan teknika honen praktika berrikusiko du erakusketak. Sculto, eskultura garaikidean espezializaturiko azoka, maiatzaren 30aren eta ekainaren 3aren artean ospatuko da, bigarren edizioan

Artium, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak, SCULTO, Eskultura Garaikideko Azokak gonbidaturik, Nire oinak baino harago. Artium Bilduma aurkeztuko du, arabar museoko eskultura-funtsetako hogei bat obra biltzen dituen erakustaldia. Maiatzaren 25etik uztailaren 22ra arte egongo da erakustaldi hau zabalik, Logroñoko Udaletxeko erakusketa-aretoan. Erakusketa hau dela medio, berrikusi ahal izango da eskulturak izan duen bilakaera XX. mendearen azkenaldetik XXI. mendeko ia bi hamarkadetara arte, besteak beste, Leiro, Plensa, Moraza eta Javier Pérezen obrekin, alde batetik, eta Aranberri, Prego eta Susana Solanoren obrekin, bestetik. Nire oinak baino harago Artiumen proiektua da, eta Enrique Martínez Goikoetxea da komisarioa.

Erakusketaren komisarioa den Enrique Martínez Goikoetxeak azaltzen duen bezala, tituluak, Nire oinak baino harago, jadanik berea ez duen eta antzekotasun eta istiluen tokia izan daitekeen espazio batean kokatzen du ikuslea, espazio hori hurbilekoa eta partekatua izan arren. «Erakusketa honetako obrek arte garaikidearen ikusmolde zabala eskaintzen dute, azaltzen baitute nola arte horren interesak, historiak eta testuinguruak mugan kokatzen diren, konfrontazioko leku batean; baina aldi berean da leku hori topaketa eta ezagutzako lekua ere».

Erakusketan 24 obra daude, 23 artistarenak. Haien artean ikus daiteke lehenago behin ere erakusgai jarri ez diren Artium Bildumako pieza batzuk, nola den Sergio Pregoren 00 Pared abultada, edota Alicia Mihai Gazcueren Doble negación, duela gutxi erosia. Beste pieza batzuk, berriz, ezagunagoak dira, hainbat erakustalditan egon baitira, esate baterako Ibon Aranberri (Nova era), Ana Laura Aláez (Dedos) eta Santiago Sierra (NO) egileenak. Artium Bildumak ugaritasun handia dauka eskulturan, eta ugaritasun horretan elkartuko dira, batetik, eduki poetiko handiko obrak, hala Javier Pérezen Red de Venus edota Juan Luis Moraza Su-dur, eta, bestetik, obra guztiz monumentalak, esate baterako Francisco Leiroren Unicéfalo eta Jaume Plensaren Still Life III.

Beste alde batetik, eskulturaren esparruaren baitan egonik ere, arte garaikidearen praktiken ondorioz, era askotako teknikak baliatzen dira hautatu diren obretan, hainbesteraino non batzuek eskulturagintzatik urrun daudela diruditen. Halaxe gertatzen da Susana Solanoren Edhe I eta Edhe II obretan (2004); bi bideo dira, non irudiek, beren gestualitatea dela medio, hiru dimentsioko obra batekin lotzen baitira. Gauza bera gertatzen da Elena Asinsen Menhires marrazki-sailarekin, zeinaren tituluak eta edukiak berebat lotzen baitira eskulturagintzarekin.

Erakusketan badira gainera instalazioaren teknikatik gertuko obrak, hala nola Ulrich Vogl-en Fenster/Vitoria, Erick Beltránen Oráculo eta Txuspo Poyoren Glory Hole. Obrarik zaharrena Caja vacía bat da, Jorge Oteizarena, 1958. urtekoa; eta azkena, berriz, gorago aipaturiko Sergio Pregoren 00 Pared abultada da, 2014koa. Bi horien artean daude, besteak beste, Manuel Saiz, Ana Laura Aláez, Francisco Leiro, Juan Luis Moraza eta Jaume Plensaren obrak, XX. mendearen bukaera aldean eginak, eta Ibon Aranberri, Jacobo Castellano, Alberto Peral, Bene Bergado eta Santiago Sierraren piezak, XXI. mendekoak.
 
SCULTOren bigarren edizioa
SCULTOk, eskultura garaikidean espezializaturiko arte-azokak, bigarren edizioa ospatuko du aurten, maiatzaren 30etik ekainaren 3ra arte. Azoka Logroñoko San Blas Merkatuan kokatuko da, eta bizirik dauden eta lanean diharduten artisten lanak jasoko ditu; artista horiek edozein herrialdetakoak izan daitezke eta galeria espainiarrek ordezkatzen dituzte, nahiz eta azokak etorkizun hurbilean bere proposamena nazioartekotzeko asmoa duen. Kontserbadoreen taldea Enrique Martínez Goikoetxea, Alicia Ventura, Inma Prieto eta Adrián Pierak osatzen dute, eta talde horrek hautatu ditu galeriak eta artistak, deialdi publiko baten bitartez jasotako proposamen guztien artean.

SCULTOk publiko guztiengana eraman nahi du arte garaikidea, eta, zehatzago, eskultura, hiru dimentsioko obra baten gisan ulertua. Jarraitasunezko proiektua da, bost programak osatua: SCULTOdeDía, SCULTOdeNoche, SCULTOeduca, SCULTOmuseo eta SCULTOsigue. Artium Bildumaren erakusketaren ondoan, azokak berebat antolatzen du DKV Bildumaren erakustaldia, komisarioa Alicia Ventura bere zuzendaria izango dena, eta bilduma hori Logroñoko Ongintza eraikinaren Kaperako aretoan bisitatu ahal izango da. Era berean, Fernando Maquieira argazkilariaren erakusketa bat izango da, Gabinete de interferencias izenburukoa, Kulturako Ministerioak antolatua eta komisarioa Paco Gómez izango dena.

SCULTOri buruz  Lan zerrenda  Argibide gehiago  Erakusketaren irudiak

Erakusketa
Nire oinak baino harago. Artium Bilduma (eskultura)
Artium Museoaren proiektu bat SCULTOrentzat, Eskultura Garaikidearen Azoka (Logroño)
Inaugurazioa: maiatzak 25, ostirala, 11.00etan
Komisarioa: Enrique Martínez Goikoetxea
Artistak: Ana Laura Alaez; José Ramón Amondarain; Ibón Aranberri; Txaro Arrazola; Elena Asins; Erick Beltrán; Bene Bergado; Jacobo Castellano; Francisco Leiro; Asier Mendizabal; Alicia Mihai Gazcue; Juan Luis Moraza; Jorge Oteiza; Alberto Peral; Javier Pérez; Jaume Plensa; Txuspo Poyo; Sergio Prego; Manuel Saiz; Carlos Scwartz; Santiago Sierra; Susana Solano; Ulrich Vogl
Logroñoko Udaletxeko Erakusketa Aretoa, 2018ko uztailaren 22ra arte

Artium gizarte-sareetan

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand