Astelehena, 30 Urria 2017 12:44

Familientzako lantegiak, Artium txikia, Good morning! Eta FamiliArtium Museora itzuliko dira udazkenarekin batera

Dokumentazio-Zentroa erakusketa bat prestatzen ari da liburutegiek zineman izan dituzten agerraldiekin. Francisco Javier San Martín-ek hitzaldi bat emango du Santos Iñurrieta margolariaren lanaren inguruan. Gainera, zazpigarren inTACTO jaialdia eta Irudika, ilustrazioaren profesionalen topaketa, egingo dira Artiumen

Artium Vitoria-Gasteizko Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak familientzako lantegiak eta jarduerak berreskuratuko ditu azarotik aurrera, hitzaldiak, cinema eta arte eszenikoak ere barne hartzen dituen kultur programa batean. Santos Iñurrietaren, Artium Bildumaren eta Kartografia likidoak eta Mirarien horma erakusketen eta Museoa zinemaren munduaren inguruan prestatzen ari den erakusketa dokumental berriaren doako bisitak eskainiko dira. Gainera, inguruko kultur eragilei babesa eman eta haiekin elkarlanean aritzeko ildoan, ekimen ugariren egoitza izango da Artium, besteak beste inTACTO jaialdiarena eta Bernaola Festival-ena. Artiumen webean (www.artium.org) dago programa horiei buruzko informazio zehatza.

Gehiago irakurri +

Udako oporren etenaldiaren ondoren, azaroak eta udazkenak berekin dakarte familientzako lantegien jarraipena, bai igandetakoena (Artium txikia eta Good morning!) eta bai hilean behingoarena (FamiliArtium). Zehatzago, datorren igandean, azaroak 5, bai Artium txikia, 3-5 urte bitarteko haurrei zuzendua eta bai Good morning Artium!, 6-11 urte bitartekoei zuzendua, Santos Iñurrietaren erakusketaren eta haren koadroetan agertzen diren ehundaka pertsonaien inguruan egingo dira. Lantegi bien asmoa da familiei eskaintzea Museoan esperientzia dinamiko eta aberasgarria bizitzeko aukera. Bestalde FamiliArtium, hilean behingo proposamena ere azaroan itzuliko da, hilaren 18an, larunbatarekin, Azucena Monjek emandako komikien gidoi- eta marrazki-lantegi batekin.  

Gazteenei zuzenduta dago, orobat, album baten eta eranskailu bilduma baten argitalpena. Azaroaren 1ean, asteazkena eta jaieguna, eta ondoko asteburuetan hasiko da banatzen bisitarien artean. Santosen animaliategia da, Ke usted lo pase bien erakusketako margolan batzuk erreproduzitzen dituen album bat. Haietatik hogeita hamar animalia-irudi inguru atera dira, eranskailu modura berregin direnak.

Iñurrietaren erakusketa Francisco Javier San Martín Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslearen ekarpenekin aberastuko da, gainera, arabar margolariaren pertsonaien eta koloreen unibertsora eramango baikaitu. Azaroaren 21ean izango da, asteartea. Bestalde, Concha Rubiok beste irakurle klub bat zuzenduko du hilaren 30ean. Beti bezala literatura eta artea lotuko dira, eta oraingo honetarako hautatutako liburua Julian Barnes-en El ruido del tiempo nobela da.  

Zinema protagonista izango da berriz ere azaroan Artiumen, oraingo honetan arrazoi askorengatik. Lehendabizi, hilaren 17an, ostirala, liburutegiek eta liburuzainek zineman izan dituzten agerraldiei buruzko erakusketa dokumental bat irekiko delako, Liburutegiak tapiz gorriaren gainean, Artiumen Dokumentazio-Zentroak antolatua. Gainera, Hileko proposamena programak Liburutegiko erabiltzaileen eskura jartzen ditu, ikusteko edo maileguz etxera eramateko, Caimán aldizkariak argitaratutako Las cien mejores películas de la historia del cine español zerrendako pelikula gehienak.

Liburutegian betiere, Zinemaren inguruan programan dokumentazio zabala eskaintzen da Lenny Abrahamson irlandar zuzendariari eta haren Frank izeneko pelikulari buruz. Hori ere Zentroan ikus daiteke. Bestalde, Institut Français-ekin batera programatutako CinémArtium zikloan hilaren 28an, asteartea, Emmanuel Finkiel-en Je ne suis pas un salaud pelikula eskainiko da. Eta azkenik Vital Fundazioarekin batera antolatzen den, Zinema eta arte garaikidea adinekoentzat programan, hilaren 7an, Un otoño sin Berlín pelikula proiektatuko da.

Gogoratu behar da, era berean, Artiumen bisitariek hiru erakusketa handi dituztela ikusgai, dagoeneko aipatu den Ke usted lo pase bien, Santos Iñurrietarena, Artiumek eta Mexiko Hiriko Carillo Gil Museoak elkarlanean ekoitzitako Kartografia likidoak eta Artium Bildumaren artelan garantzitsuenen erakusketa, Artea. Hezkuntza Sailaren erakusketa batek, Mirarien horma, eta Liburutegiaren erakusketa dokumentalak osatzen dute erakusketa-programa. Museoak doako bisita gidatuak egiten ditu asteazken eta igandero erakusketa horietara guztietara.

Lankidetzak
Bestalde, bere inguruko kultura-bilbea babestu eta sustatzeko xedea betez Artium Museoak Arabako eta Euskadiko kultur eragileek sustatutako zenbait ekimenetan parte hartuko du. Horien artean daude ihizkuntza eszeniko berrien nTACTO Jaialdiaren zazpigarren edizioa, aurten ere esparru horretako sortzaile ospetsuen eta berritzaileenak bilduko dituena. Programatutako ikuskizun eta lantegien artean daude Societat Doctor Alonso-rena, Twins Experiment-ena, Poliana Lima-rena edota Alberto Cortés-ena. Jaialdia hilaren 24, 25 eta 26an egingo da.

Bestalde, azaroaren 17, 18 eta 19an musika esperimentalaren hamalaugarren Bernaola Festival egingo da Museoan, Espacio Sinkro-k antolatua. Jaialdiaren esparruan eta danZálava proiektuaren barruan Mala Kline koreografo eta dantzari eslobeniarraren emanaldia aipatu behar da. Zinexpress Jaialdiaren egoitza izango da gainera Artium, Gauekoak antolatua, azaroaren 18an, larunbata. Eta lankidetzaren atal hau amaitzeko, hilaren 10ean eta 11n. lehendabiziko ilustrazioaren profesionalen topaketa egingo da.

Hileko agenda jaitsi  Artiumen jarduerak 

Artium gizarte-sareetan

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand