Astelehena, 09 Urria 2017 12:12

Zabalik dago inTACTO Jaialdiaren inguruko jardueretan izena emateko epea

ALBERTO CORTÉS ANDALUZIAR KOREOGRAFOAK 10 PERTSONA BEHAR DITU JAIALDIAN AURKEZTUKO DUEN PIEZAN PARTE HARTZEKO. BARATZA ARETOAN BI LANTEGI EGINGO DIRA AZAROAREN 25EAN ETA 26AN, IKASLEEI, PROFESIONALEI ETA, ORO HAR, EDONORI IREKIAK, ETA POLIANA LIMA-K ETA QUIM BIGAS-EK ZUZENDUAK

Gaur zabalduko da inTACTO VII jaialdiaren inguruko jardueretan (edonork parte har dezake) izena emateko epea. Jarduera horiek hizkuntza eszeniko berriei eskainitako programa artistikoari lagun egingo diote. Azaroaren 25ean eta 26an bi lantegi egingo dituzte Quim Bigas-ek eta Poliana Lima-k Baratza aretoan, eta Artiumen elkarlaneko saio batzuk egingo dira Alberto Cortés koreografoarekin batera, jaialdiko lan batean bertako jendeari parte harrarazteko asmoz.

Alberto Cortés-en elkarlaneko pieza
Alberto Cortés andaluziar koreografoak Masacre en Nebraska pieza aurkeztuko du inTACTOren esparruan, orain arte L’Estruch-en (Sabadell) eta LEAL.LAV-en (Tenerife) work-in-progress gisa erresidentzian egon dena. Dantza, antzerkia eta performancea nahasten dira pieza honetan talde-oroimeneko gailu bat sortzeko. Agertokira igotzeko prest dauden bertako 10 pertsonaren lankidetza behar da.  

Deialdi hau zabaldu du Cortés-ek: «persona ausarten bila gabiltza, lau lan-saiotan parte hartzeko prest daudenak gero gurekin agertokira igo eta Masacre en Nebraska obran parte hartzeko. Azaroaren 25ean antzeztuko da lana Vitoria-Gasteizen, inTACTO jaialdian».  

Konpainiaren eta hautatutako pertsona-taldearen arteko lan-saioak azaroaren 21, 22, 23 eta 24an egingo dira, 17:00etatik 19:00etara Artiumen. Era eta adin askotako jendea bilatzen da, baina 15 urte da parte hartzeko gutxieneko adina. Pieza honetan parte hartzeko ez da antzerkian edo dantzan prestakuntza berezirik behar. Cortés-ek dioen bezala «mugimendua atsegin zaion edozein ikusle izan daiteke. Jende libre eta beldurrik gabearen bila gabiltza, txeraz eta adeitasunez betetako esperientzia batean parte hartzeko».  

Esperientzia honetan parte hartu nahi duten pertsonek mezu elektroniko at bidali behar dute alberto@comoseralbertocortes.com helbidera (gaia: Encuentro Nebraska) azaroaren 15a baino lehen, izen-abizenak eta telefonoa emanez, eta ekimenean parte hartzera zerk bultzatu duen adierazten duen testutxo bat erantsiz.   

Baratza aretoko lantegiak
Poliana Lima Madrilen bizi den brasildar koreografoak eta Quim Bigas dantzari kataluniarrak lantegi ireki bana egingo dituzte dantzaren eta antzerkiaren munduko ikasle eta profesionalei zuzenduak, baina baita interesa duen beste edonori ere.

Lantegietan izena nola eman: online egin daiteke inTACTO jaialdiaren eta Baratza aretoaren webguneetan aurkitzen den izen-emate orria betez, edota aurrez aurre, Aldabe plazatxoko Baratzaren egoitzan. Izena emateko epea azaroaren 15era arte egongo da zabalik eta tokia mugatua da. Lantegi bakoitzaren prezioa 30 eurokoa da eta biak eginez gero, 50 eurokoa guztira.

Azaroaren 25ean, larunbata, 10:30etik 13:30era, Quim Bigas kataluniar koreografoak lantegi bat emango du, non eraldatzearen eta bilakaeraren ekintzari jarriko baitzaio arreta, ekoizpenari, ikerketari edo jardun artistikoari dagokionez. «Bertan» egotearen ekintzatik abiaturik egindako birformulazio bat mugitzeko ekintzan dagoen mugimendua —nahiz diskurtsiboa, nahiz fisikoa— areagotzeko. Quim Bigasek bere lana eta lankidetza artistikoak elkartzen ditu, nahiz interprete nahiz sortzaile gisa. Koreografiarekin, dramaturgiarekin eta informazio-prozesuekin obsesionaturik, performatibitatean, ideia baten adarkatzean eta topaketa sortzaileetan dauzka sorkuntza eszenikoarekiko duen interesaren ardatzak. Asko interesatzen zaizkio, orobat, mugimenduaren ikerketa, eta sortzen diren elkarreraginak eta informazio-prozedurak.

Poliana Limak azaroaren 26an, igandea, (10:30etik 13:30era) emango duen maisu-eskola bere azken piezaren —Las cosas se mueven pero no dicen nada— material koreografikoa oinarri harturik lan egiteko gonbidapena da. Lantegian errepikapenarekin lan egitea proposatzen da, eta hark egoera fisiko, mental eta emozionalean duen eraginarekin, baina baita inprobisazioarekin ere, taldean elkarri entzuteko gaitasuna lantzeko. Helburua da dantzare eta antzerkiaren munduko ikasle eta profesionalei lanabesak ematea. Brasilen jaioa, Poliana Limak koreografo, dantzari eta irakasle gisa lan egiten du gaur egun Madrilen. Ondoko sariak jaso ditu: ACT Festival 2016an, Sabadellgo Koreografia Lehiaketa 2015ean eta Madrilgo Koreografia Lehiaketa 2014an.

Prentsarako irudiak 

Prentsa-harremanak
Anna Pinotti: 605.45.80.92 / inTACTOfestival@gmail.com

Artium gizarte-sareetan

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand