Osteguna, 05 Urria 2017 10:27

Artiumek Kartografia likidoak erakusketa aurkeztu du

Zygmunt Bauman soziologo eta filosofoaren, «modernotasun likido» kontzeptuaren sortzailearen, postulatuen gainean garatu da. Hamabi artista mexikar eta espainiarren artelanak bildu ditu erakusketak. Elkarlanean egin dute ekoizpena Mexiko Hiriko Museo Carrillo Gil-ek, Arabako Artium Museoak eta AECID-ek

Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak Kartografia likidoak erakusketa aurkeztu du (Hegoa aretoan 2018ko otsailaren 11rarte). 12 artista mexikar eta espainiarren artelanen bidez orainaren zeharkako berrikuste bat egitea proposatzen du erakusketak, Zygmunt Bauman filosofo eta soziologoaren, «modernotasun likido» kontzeptuaren sortzailearen, postulatuak oinarri harturik. Sei ardatz tematikoren bidez antolatu da erakusketa, gaur-gaurko hainbat gairi heltzeko: mugak, iraunkortasuna edota komunikazioa, besteak beste. Kartografia likidoak elkarrekin ekoitzi dute Artium Museoak, Carrillo Gil Museoak (Mexiko Hiria) eta Garapenerako NazioartekoLankidetza Agentzia Espainiarrak. Blanca de la Torre, Paula Duarte eta Carlos E. Palacios izan dira komisarioak eta Mexikoko Estatu Batuen eta Espainiako Estatuaren harreman diplomatikoak berriz hastearen 40. urteurrena ospatzeko aurkeztu da.

Gehiago irakurri +

Zygmunt Bauman (Poznan, Polonia, 1925 — Leeds, Erresuma Batua, 2017) irakaslea izan zen Varsoviako Unibertsitatean eta Leeds-eko Unibertsitatean, besteak beste, eta 2010ean Asturiasko Printzearen Saria jaso zuen Komunikazio eta Humanitate sailean. Bere bizitzan zehar kontu garaikide batzuei eta besteei eman zien arreta, baina 80etatik aurrera, batez ere, modernotasunaren eta posmodernotasunaren analisiari, kontsumismoari, globalizazioari eta pobretasun berriari. Bide batez esanda, haren pentsamenduak eragin handia izan du globalizazioaren aurkako mugimenduan.

«Modernotasun likido» kontzeptua «modernotasun solido»-aren aurkako gisa sortu eta zabaldu zuen Baumanek. Soziologo eta filosofo honen iritzian, modernotasuneko segurtasun sendoen ondoren, modernotasun hori «likidoa» egin da, bere nolakotasun «obsesibo eta konpultsiboagatik, modernotasun horrek bultzada eta indarra ematen baitizkio bere buruari, eta horren emaitza da (…) bizitza sozialeko hurrenez hurreneko aldiek ezin diotela denboraldi luze batez beren formari eutsi». Prozesu horretan, norbanakoak gizarte gero eta globalago baina nortasun finkorik gabeko batean integrat behar du, mendeko eta etengabe egokitzera behartua.

Arazo askoren analisirako erabili zuen Baumanek kontzeptu hori, hasi arte garaikidearekin eta Interneteko gizarte-sareetaraino. Kartografia likidoak erakusketari dagokionez, komisarioek sei ardatz ezarri dituzte «aldi berean gai-konstelazio jariakorrak direnak, espainiar eta mexikar artisten arteko elkarrizketari heltzeko»: Frontera/mugak, Ekonomia, Iraunkortasuna, Historia/artxiboa, Sareak/komunikazioa eta Habitata.

Norbaitek pentsa lezake mundu globalizatu batean fronterak eta mugak ez direla beharrezkoak, baina, berez, «hesi hauek politikoki lehengoratzen dira, sendotzen dira, mugitzeko, elkarrekin bizitzeko eta egoitza hartzeko aukerak murriztuz». Ildo horretan, Asunción Molinos Gordo-ren El Fellah Ando Fes (El campesino tiene un azadón) eta Edgardo Aragón-en Assignment (La encomienda) lanek fronteraren eta mugaren ideiaren gainean jartzen dute fokua. Egungo gizarte globalizatuaren beste arazo bat, Baumanek aztertua, iraunkortasunarena da, eta zehazki baliabide nauralen neurrigabeko ustiaketa, eragindako gizarteen nahi eta beharren aurka. Gai hoi dute aipagai Elena Lavellés-en Patrón de disolución eta Mauricio Orduñar-ren Combustível. Haiku: para Arto Linsay obrek.

Bestalde, Zygmunt Bauman-en buruzko analisiak gizarte posmodernoak finkatzen diren habitatari buruz erakusten du «nola habitat posmodernoa globala ari den egiten, eta aldaketa etengabeen mende dagoen. Tentsio sozialez eta existentzialez jositako habitata». Baumanen ustez, ordea, mundu honek ez du den modukoa zertan izan, badago gaur egun hain naturala, hain begi-bistakoa, hain ezinbestekoa dirudien horrren alternatiba bat. Auzi hori dute aipagai Fernando García-Dory-ren Tierras raras eta Emilio Chapela-ren Es una catástrofe no encontrar terreno en común lanek.

Egungo komunikatzeko moduetan, onlinekoetan bereziki, eta haietatik eratorritako gizarte-harremanen ereduan gertazen da bereziki nabarmena modernotasun likidoaren ideia. Ana Roldán-en, Strangers at Home eta Maider López-en Línea de césped (Polder Cup) lanek «modu eraginkorrean irudikatzen dute bizi garen sistemak interpretatzeko eta esanahi berri batez hornitzeko premia hori, egungo gizartearen egoera lurrinkor honetan».
 
Bestalde, gizarte garaikideen izaera aldakorrak zalantzan jartzen du, Baumanen ustez, historiaren egungo garrantzia eta arriskuan, erreferentzia egonkorrak izatea. Bi artistak, espainiar batek eta mexikar batek, erakusketa honetarako egin […d]ituzte obrak, artxibotik eta historiatik abiatuta: tradizioaren estetika baterako bi baliabide. Rosell Meseguer Ovni Archive-ren egilea eta Morelos León Celis El oficio del adversario-ren egilea dira. Azkenik, ekonomiaren mundua dago Carlos Aires-en El ojo que todo lo ve 30 euros 15 minutos eta Miguel Fernández de Castro-ren Batuc obren jatorrian. Haietan merkataritzaren arloak dena kutsatzen duelako Baumanen ideia sumatzen da, giza-harremanak kostu-onura terminoetatik abiatuta ertzen direlakoa, eta marginaltasuna areagotu eta «giza hondakinak» sortu izatea dela horren guztiaren ondorioa.

Hamabi artista mexikar eta espainiar horiek, Kartografia likidoak erakusketan egoteak balio du gainera gogorarazteko 2017 urte bete direla Mexikoko Estatu Batuen eta espainiar Estatuaren arteko harreman diplomatikoak berriz hasi zirenetik. Gerra zibila amaitzean Mexikok eten egin zuen Francoren diktaduraren Espainiarekiko harremana, eta, aldi berean, babesa eman zien ehundaka errepublikar iheslariri. Harreman diplomatikoak 1977an hasi ziren berriz ere, diktadorea hil eta trantsizioa hasi ondoren.


«Kultura likido modernoak ez du uste ikaste- eta metaketa-kultura bat denik, historiagile eta etnografoen txostenetan erregistratutako kulturen antzera. Horren ordez, atxikitasunik ezaren, jarraitasunik ezaren eta ahanzmenaren kultura gisa agertzen zaigu».
Sobre la educación en un mundo líquido. Zygmunt Bauman (Ricardo Mazzeo-rekin solasean; gaztelaniatik itzulia)

«Modernotasun solidoa teleologikoa da: totalitarismorantz bezala jotzen du berritasunerantz, eta modernotasun likidoak ez bezala blai eginda uzten du denbora presentea. Azken horretan, iragankortasuna istant bat bilakatzen da eta merkatuak bizitzako alor guztiak blaitzen ditu. Modernotasun likidoarekin batera, produkzio-sistema aldatu egiten da, kontsumoak bestelako ñabardura bat hartzen du: desiraren zikloa konpultsio bilakatzen da, objektu eta esperientzia berriak bilatzea helburu duen konpultsio iraunkor bat, pertsona beti asegabe utziko duena. Desira nahigabe iraunkor bat bilakatzen da eta gizabanakoa esperientzia berrien ehizan dabilen turista bat izatetik leku finkorik gabeko arlote bat izatera pasatzen da, inoiz erabat aseko ez diren eta horregatik berri batzuez ordezkatu behar diren desiren atzetik batetik bestera alderrai dabilena.»
Gemma Argüello Manresa, Kartografia likidoak katalogoan

Prentsarako irudiak  Argibide gehiago  Inaugurazio-programa  Erakusketaren liburuxka  Lan zerrenda

Kartografia likidoak

Hegoa aretoa, 2017ko urriaren 7tik 2018ko otsailaren 11 arte
Artistak: Carlos Aires, Edgardo Aragón, Emilio Chapela Pérez, Miguel Fernández de Castro, Fernando García Dory, Elena Lavellés, Morelos León Celis, Maider López, Rosell Meseguer, Asunción Molinos Gordo, Mauricio Orduña Pérez eta Ana Roldán
Komisarioak: Blanca de la Torre, Paula Duarte eta Carlos E. Palacios
Inaugurazioa: urriaren 6an, ostirala
18:30ean: inauguratu aurreko bisita gidatua Blanca de la Torreren eskutik. Artiumen Adiskideentzat bakarrik
19:00etan: mahai-ingurua komisarioekin eta artistekin. Doako jarduera
20:00etan: erakusketaren irekiera
Hurrengo bisita gidatuak: urriaren 8an, igandea, 12:30ean (gaztelaniaz); hilaren 11n, astezkena 18:30ean (euskeraz); 25ean, asteazkena, 18:30ean (gaztelaniaz)
Erakusketaren katalogoa. Testuen egileak: Blanca de la Torre, Paula Duarte, Carlos E. Palacios eta Gemma Argüello Manresa
Kartografia likidoak ondokoek ekoitzi dute elkarlanean: Artiumek (Vitoria-Gasteiz, Araba), Museo de Arte Carrillo Gil-ek (Mexiko Hiria) eta Agencia Española de Cooperación Internacional para el Desarrollo-k (AECID)

Babesleak:

logos cartografias liquidas MC

Artium gizarte-sareetan

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand