Asteartea, 23 Maiatza 2017 12:55

Sorkuntza artistikoan eta ingeles hizkuntzan murgiltzeko udalekuak

MondragonLingua-k hizkuntzen irakaskuntzan eta Artiumek artearen esparruko hezkuntzan duten metodologiaren bermearekin. Lantegi eta jarduera dibertigarriak Museoan 4-10 urte bitarteko haurrentzat; astebeteko edo bi asteko egonaldiak.

MondragonLingua hizkuntzen irakaskuntza-zentroak eta Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak ingelesezko udalekuak antolatu dituzte 4-10 urte bitarteko haurrentzat. Arabako Museoan egingo dira ekainaren 26tik uztailaren 7ra bitartean. Jarduera horren helburua da parte hartzaileak udako goizetan ingeles hizkuntzan eta artearen eta sorkuntzaren munduan murgiltzea, museo anglosaxoi batean baleude bezala. Udalekuetan hizkuntz murgilketaren praktika eta Artiumen hezkuntza-metodologia (arte garaikidearekiko harremana errazten duena) elkartzen dira. Zabalik dago izena emateko epea eta MondragonLingua-ren web orrian egin daiteke. Artiumen adiskideei beherapena egingo zaie prezioan.

Gehiago irakurri +

Hezkuntza eleaniztun baten eskaria gero eta zabalduagoa dago eskola-munduan eta gizarte osoan, eta herri-erakundeen lehentasunetako bat da, gainera. Zentzu horretan gauza jakina da hizkuntzak gaztetatik ikasten hasteak erraztu egiten duela haien ikasketa, eta bai eskolan, eta bai lan-munduan erabiltzea.

MondragonLingua-k eta Artium-ek antolatutako udaleku hauen xedea da gurasoei baliabide bat eskaintzea beren seme-alabek ingelesarekiko eta artearekiko sentipen baikor bat garatzeko, komunikatzeko-gaitasuna hobetzeko eta ingeles-hiztegia eta gramatika-egiturak ikasteko. Hezitzaileek garrantzi berezia emango diete formekin, koloreekin, materialekin, teknikekin eta arte plastikoekin zerikusia duten beste kontzeptu batzuekin lotutako esamoldeei.

MondragonLingua-ren eta Artiumen udalekuetan parte hartuko duten neska-mutilek ingelesa erabiltzeko ohitura garatzeaz gainera beren sormena ere landuko dute, eta adierazpen plastikoko proiektuak burutuko dituzte. Erakusketak eta Museoan ikusgai dauden artelanak izango dira jardueren abiapuntuak. Horretarako, hizkuntz murgilketaren metodologiaz gainera —hizkuntzak ikasteko egokiena—, Artiumen hezkuntza-proiektuan hamabost urtez eraginkorrak direla erakutsi duten baliabideak erabiliko dira: parte-hartzaileen arteko elkarrizketa eta iruzkinak erakusketa-aretoetan artelanen aurrean, lantegi dinamiko eta parte-hartzekoak, eta egindako lanak ikusgai jartzea, guztia prestakuntza egokia duten hezitzaileen eskutik.

MondragonLinguaren web gunean egin daiteke izen-ematea. Nahiz astebeterako, nahiz bi asterako eman daiteke izena. Talde txikiak izango dira, 12 ikasledunak gehienez ere. Informazio gehiago behar izanez gero Vitoria-Gasteizko MondragonLingua-ra dei egin daiteke (945150155), eta baita Artiumera ere (945209020), edota hizkuntza zentroarekin harremanetan jarri mlgasteiz@mondragonlingua.com helbide elektronikoaren bidez.

Udalekuak ingelesez
MondragonLingua-k eta Artiumek elkarrekin antolatuak
4-10 urte bitarteko haurrentzat
Ekainaren 26tik uztailaren 7ra. Aste bakar baterako izena emateko aukera
Ordutegia: 10:00etatik 13:00etara (behar izanez gero zaintza-zerbitzua 9:00etatik 10:00etara)
Talde txikiak. Izena emateko epea zabalik: 945150155 (MondragonLingua) | 945 20 90 20 (Artium)

Argibide gehiago 

Artium gizarte-sareetan

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand