Ostirala, 05 Maiatza 2017 09:43

Liliana Porter-ek aukeratutako «berriz ikusi beharreko» pelikula-ziklo bat eskainiko du Artiumek

The Godfather eta Il giardino dei Finzi-Contini, besteak beste, eta programa osatzeko, argentinar artista polifazetikoak idatzitako bi antzerki-lanen grabaketaren proiekzioa

Vitoria-Gasteizko Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak Liliana Porter-en Elkarrizketak eta desobeditzeak erakusketarekin lotutako zinema-ziklo bat eskainiko du asteburu honetatik aurrera. Berriz ikusi nahi? izenburupean, «bere garaian ikusi genituen eta beti berriz ikusteko gogoa dugun horietako» pelikula-sorta bat hautatu du Porter-ek, eta Museoak artista polifazetikoaren bi antzerki-lanen bideo bana gehitu dizkie pelikulei. Hautatutako pelikulen artean daude The Godfather eta Il giardino dei Finzi-Contini. Sei saio izango dira, guztira, Artiumen Emanaldi-aretoan, maiatzaren 6tik aurrerako asteburuetan.

Gehiago irakurri +

Berriz ikusi nahi? zikloa maiatzaren 6an hasiko da, larunbata, aldi guztietako pelikula hoberentzat jo izan den batekin: The Godfather (gaztelaniaz El padrino), 1972an Francis Ford Coppola-k zuzendua. Aktore-zerrenda ikusgarria du XX. mendearen bigarren erdi aldeko amerikar mafiari buruzko trilogia ezagunaren lehen zatiak: Marlon Brando, Al Pacino, James Caan, Robert Duvall, Diane Keaton eta John Cazale. Hiru Oskar-sari jaso zituen (pelikula onena, gidoi egokitu onena eta antzezle onena Brandorentzat), eta bost Urrezko Globo.  

Al Pacino protagonista da berriz ere hurrengo eguneko, maiatzaren 7ko, pelikulan Scent of a Woman (gaztelaniaz, Perfume de mujer), 1992an Martin Brest-ek zuzenduan. Pacino-k aktore onenaren Oskarra jaso zuen militar erretiratu batez (itsua eta harreman zailekoa) egin zuen antzezpenagatik, zeinari ikasle gazte batek laguntzen baitio (Chris O'Donnell). Pelikulak lau Urrezko Globo jaso zituen, gainera.

Bigarren astebururan, Being There (gaztelaniaz Bienvenido Mr Chance) proiektatuko da larunbatean, hilak 13, eta Il giardino dei Finzi-Contini (gaztelaniaz El jardín de los Finzi-Contini) igandean, hilak 14. Lehendabizikoa Hal Ashby-k zuzendu zuen 1979an eta Peter Sellers du protagonista. Aktore ingelesaren azken pelikula izan zen hura, eta Oskar sarirako izendatua izan zen bizitza osoan lan egin duen gizona hil ondoren babesik gabe geratzen den lorezain xaloaren paperagatik. Melvyn Douglas-ek bigarren mailako aktore onenaren Oskar saria jaso zuen.  

Il giardino dei Finzi-Contini, berriz, Vittorio de Sica-k zuzendu zuen 1970ean Dominique Sanda eta Helmut Berger protagonista zituela. Ferrarako goi-mailako gizarteko familia judu baten, Fintzi-Continitarren, istorioa kontatzen du Mussoliniren diktaduraren eta bigarren mundu-gerraren garaian. Pelikulak Berlingo Jaialdiko Urrezo Hartza irabazi zuen, Donatello-ren David saria eta hizkuntza ez ingeleseko pelikula onenaren Oskarra.

Liliana Porter-en antzerkia
Zikloa osatzeko, Liliana Porter-en bi antzerki lanen grabaketa bana proiektatuko dira maiatzaren 20an, larunbata, eta 21ean, igandea. Lehendabiziko egunean Entreactos: situaciones breves proiektatuko da, artistaren lehen antzerki-lana, 2014an idatzia. Bertan, giza-mailara daramatza bere kezkak eta umore filosofiko berezia, objektu-pertsonaiak antzezle eta dantzari bihurtuz.

Asteburu horretako bigarren egunerako El orden de las cosas (bocetos) pieza aukeratu da, handik urtebetera egindakoa. Eszena labur sail batek osatuta dago, non pertsonak eta objektuak ohikoak eta ezagunak diren egoeretan daudela dirudien arren, artistaren lan askotan bezala, zentzuaren desfase txiki batek dena hankaz gora jartzen duen.

Pelikula guztiak jatorrizko bertsioan proiektatuko dira, eta gaztelaniazko azpititululak izango dituzte. Saio guztiak arratsaldeko zazpietan hasiko dira Artiumen Emanaldi-aretoan. Prezioa, 2 eurokoa da pelikulako, eta badago sei proiekzioetarako txartel bat erostea, 8 euroren truke. Artiumen Adiskideentzat sarrera doan da. 

Zinema-zikloa: Berriz ikusi nahi?
Liliana Porter-en proposamena
The Goodfather, Scent of a Woman, Being There, Il giardino dei Finzi-Contini eta Liliana Porter-en antzerki-lanak
Maiatzaren 6tik 21era bitarteko larunbat eta igandeetan
Zikloaren programa  Liliana Porter-en antzerkia 

Artium gizarte-sareetan

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand