Ostirala, 19 Maiatza 2017 14:05

Museoko esperientzia aberastu eta hobetzeko gailu mugikorretarako aplikazio bat

Artiumek eta Deusto Sistemas-ek app bat sortu dute bisitariari Museoan barrena ibiltzen eta zenbait bitxikeria ezagutzen laguntzeko. Arabako teknologia-enpresak erabiltzaileei informazioa emateko sistemak hobetzen lagunduko dio Artiumi

Artiumek, Vitoria-Gasteizko Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak, eta Deusto Sistemas arabar empresa teknologikoak bisitariek Museoan duten esperientzia hobetu eta aberasteko gailu mugikorretarako aplikazio bat sortu eta kaleratu dute. Aplikazioak Batto sistema darabil, Deusto Sistemas-ek garatua, zeinaren bidez erabiltzaileari abisuak iristen baitzaizkio toki eta gauza jakin batzuetara hurbiltzen denean. App-a doakoa da, IOSentzat eta Android-entzat dago eskura, eta asteburu honetan estreinatuko da, Museoen Nazioarteko Egunaren ospakizuna dela-eta. Artium Fundazioak eta Deusto Sistemas-ek lankidetza-hitzarmen bat izenpetu dute duela gutxi. Horren bidez, teknologia-enpresa Fundazioaren Erakunde Lankide bihurtu da. Baina, gainera, Museoaren sareko komunikazio-sistemak hobetzen lagunduko du.
 
QR descargaArtiumApp mcArtium Museora iristean, Artium-Batto doako aplikazioa deskargatu ahal izango dute bisitariek, oraindik beren telefono mugikorrean edo tabletan instalatuta ez badaukate, Apple-ren App Storera edo Google-ren Play Storera joz. Horretarako Museoaren WiFia erabili ahal izango dute eta, nahi izanez gero, baita Museoaren txartel-leihatilan ikusteko moduan dagoen QR kodea eskaneatu ere. Deskarga egin ondoren, abiaraztean, Battok Bluetooth-en eta gailuaren kokapen geografikoan sartzea eskatuko du. Bi baldintza horiek beharrezkoak dira ongi funtzionatzeko.

Aplikazioa zabalik daukala, bisitariak abisuak jaso ahal izango ditu. Plataformak eskaintzen dituen aukera ugarien artean, bisitariaren esperientzia aberastea aukeratu du Artiumek, Museoaren barruko eta kanpoko hainbat tokitan barrena eginaraziko duen ibilbide jostagarri baten bidez. Dozena erdi bat igarkizunen bidez, une honetan Artiumen (nahiz modu iraunkorrean, nahiz aldi baterako erakusketetan) ikusgai dauden artelanen sekretuetako batzuk ezagutu ahal izango dituzte bisitariek.

Igarkizunak eta saria
Hartara, bisitari bat hautatutako artelanetako batera hurbiltzen denean, abisu bat jasoko du bere gailu mugikorrean harekin lotutako galdera batekin. Igarkizunak, testua eta irudia elkartzen dituztenak, Water Flames (flowing), Anabel Quincoces-ena, Mural de la Cinématèque de Paris, Joan Miró-rena, Mousquetaire à la pipe, Pablo Picasso-rena, edota Trabajo forzado (Weaver), Liliana Porter-ena dituzte aipagai, besteak beste.  

Badira Artiumekin, Museoaren eraikinarekin eta Liburutegiarekin lotutako zenbait igarkizun ere. Aplikazioaren lehen bertsio honetan programatutako hamabi galderak erantzun plano artium mcondoren, sari bat jaso ahal izango du bisitariak Museoko dendan. Artiumen espazioak arakatzea errazagoa gerta dadin, plano bat izango du bisitariak non agertuko baita hurbiltzerakoan abisuen bidalketa abian jartzen duten balizen gutxi gorabeherako kokapena.

Gainera, Artium Museoaren aplikazioak Museoaren webgunean sartzeko aukera ere ematen dio bisitariari erakusketei, jarduerei eta Artiumen Liburutegiaren baliabideei buruzko informazioa izateko. Bestalde, horrelakorik erabiltzeko ohiturarik ez baldin badu, argibideak dituen atal batera sartzeko aukera ere izango du.

Deusto Sistemas eta Batto
Deusto Sistemas arabar enpresak sortu du Batto plataforma. Abisu pertsonalizatuak bidaltzeko gai da, Bluetooth erabiliz, aurretik finkatutako interesguneetara hurbilduta aktibatzen diren gailu mugikorretara. Era horretan, erabiltzaileak asko aberastu dezake bere esperientzia era askotako informazioa jasoz: testuez gainera webguneetako estekak, argazkiak, ikus-entzunezkoak, eta abar.  
 
Batto oso aplikazio malgua gertatzen da, beraz, lehenik eta behin dituen aplikazioei dagokienez: herri-administrazioak, saltoki guneak, garraio-azpiegiturak, turismo gune eta zerbitzuak edota, oraingoan bezala, kultur zentroak. Bestalde, malgutasun hori erabiltzaileei eskain dakizkiekeen edukietara ere hedatzen da: tokiei eta gauzei buruzko informazioa, mapak, multimedia-baliabideak, deskarga daitezkeen dokumentuak, galde-erantzun erako baliabideak… Deusto Sistemas-en Batto sistema arrakastaz probatu da merkataritza- eta turismo-eremuetan, hala nola Vitoria-Gasteizko Salburuako urmaelen sisteman. Hau da Museo baterako berariazko aplikazio bat garatu den lehen aldia.

2002ko urtarrilean sortu zen Deusto Sistemas Espainian eta Hego Amerikan kokatuta dagoen teknologia-enpresa talde bat da. Haren xedea, baliabide informatikoen eta telekomunikazioen merkatuaren lider izatea da, enpresa aktiboenen erronka teknologikoei abangoardiako konponbideak eskainiz. Ondoko taldeek osatzen dute Deusto Sistemas taldea: Deusto Sistemas S.A., Deusto Enterprise Services, Deusto Sistemas Gestión de Información, Deusto Sistemas de la Información eta DS Labs, Batto garatu duena.

Museo Artium aplikazioa
Batto teknologia erabiliz Deusto Sistemas-ek garatua
www.deustosistemas.net / www.batto.es

Artium gizarte-sareetan

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand