Azteazkena, 12 Apirila 2017 12:59

Artium-ek Juan Pérez Agirregoikoaren Uztailak 38/ urriak 37 erakusketa aurkezten du

Erakusketaren izenburuak alegiazko egutegiaren garai bat ekarri nahi digu gogora, eta hartara, urteurren politikoak erritu zentzugabe samar bihurtzen dira. Erakusketak, batez ere, azken urteotan egindako lanak dakartza, bai eta oso ezagun ez diren lehenagoko zenbait ere. Erakusketa elkarlanean egin da, Lleida-ko Centre d’Art La Panera delakoarekin, eta hara joanen da udazkenean

Artium, Arte garaikideko Euskal Zentro-Museoak Juan Pérez Agirregoikoaren Uztailak 38/Urriak 37 aurkezten du (Hegoaldeko Aretoa, 2017ko irailaren 17 arte); hau da donostiar artistak orain arte egin duen erakusketa handiena. Parisen bizi da Pérez Agirregoikoa, 1990aren hasieraz geroztik. So zorrotz eta kritikoz erakusten dizkigu ideologia, erlijioa, kapitalismoa, hezkuntza eta kultura, gai horiei igortzen baitizkie ziztada zorrotzenak. Erakusketaren izenburuak alegiazko egutegiaren garai bat ekarri nahi digu gogora, eta hartara, urteurren politikoak erritu zentzugabe samar bihurtzen dira. Erakusketak, batez ere, azken urteotan egindako lanak dakartza, bai eta guztiz ezezagun edo ez oso ezagun diren artistaren lehenagoko zenbait ere. Uztailak 38/Urriak 37 erakusketa Artium Museoaren (Gasteiz) eta Centre d’Art La Panera-ren (Lleida) ekoizpena da eta El Correo, Euskaltel, EDP Energia eta Fundación Vital ditu babesle eta Etxepare Institutua lankide.

aa 

Gehiago irakurri +

Juan Pérez Agirregoikoa (Donostia, 1963) baliabide arrunt samar eta ez oso deigarriak erabiltzen ditu: paper gaineko margoa, testuak, oihalezko pankartak, bai eta oinarrizko teknikak nola diren ikatz marrazkia eta urmargoa. Erakusketaren komisario den Peio Aguirrek honela dio: “lehen begirada batean, obra irakurerraza dirudien arren, irakur daitekeen lehen geruza horren azpian, gure bizimoduaz eta giza jokamoldeaz ironia handiz mintzo zaizkigun aipu oso landuak ekartzen dizkigu artistak. Delamaziozko esloganen atzean, artistak irudikapen kodeen gaineko gogoeta artatsua aurkezten digu”. Oro har, haren lanen edukiak boterearen, erlijioaren eta obedientziaren gaineko diskurtsoak bere egin eta iraultzen ditu; filosofia politikoarekin eta Jacques Lacan-ek psikoanalisiari egindako ekarpen teorikoekin duen interesean oinarritzen da ere artista.

Halatan, bada, Uztailak 38/Urriak 37 erakusketak badakar, adibidez Ex-votos seriea (1993-1994), non Pérez Agirregoikoak lanketa gutxiko margolaritza erlijiosoko herri molde hori erabiltzen baitu errealitatea, fikzioa eta hiri mitologia nahasten dituzten egoerak azaltzeko. Beste bat Lalangue Lavion obra dugu (2011), zeinarentzat artistak bi pankarta egin eta, hegazkin arin baten atzean kokatuz, merkataritza iragarki moduan, kostaldean eta Donostiako hondartzen gainean ibilarazi baitzituen, uda arratsalde min batean. Pankarta haietan honako hau irakur zitekeen: “Marx, I love U. Will you marry me?” (Marx, maite zaitut. Nirekin ezkonduko?), bai eta “Il y a un ennemi” (Bada etsai bat). Ekintza osoa filmatu eta bideo bat sortu zuten.

Erakusketan oraintsuko beste bi bideo nabarmentzen dira ere, Letra morta/Dead Letter (2014) eta Radio(a)phonie (2017). Lehenengoa Sao Pauloko urte hartako biurtekorako egin zuen Juan Pérez Agirregoikoak. Artistak Pier Paolo Passolini-ren Ebanjelioa San Mateoren arabera filman oinarritutako film bat filmatu zuen Brasilgo hiri horretako behe auzoetan, italiar zuzendariak alde batera utzi zituen Bibliako pasarte batzuei so eginez, halere. Horrela, filmak “talentuen parabola” gisa ezagun denari ekiten dio, adibidez, “non arrakasta duen inbertitzailea saritua baita eta negozioetan porrot egitea, berriz, zigortua”; pasarte hori, artistaren aburuz, “funtsezkoa da mendebaldeko kapitalismoaren diskurtsoa egituratzeko.

Bigarrena, Radio(a)phonie (2017) izenekoa, erakusketa honetarako propio egindako bideoa da. Bertan, artista politikaren eta hezkuntzaren arteko harremanaz ari zaigu. Platonen Errepublikako harpearen mitoan oin harturik –hau da, itzal jokoak eta irudikapenaren gaineko gogoeta, gauzak nola ikusten ditugun eta egiazki nolakoak diren- eta nerabe talde batekin, bideoa “gure errealitate hurbilenean gailentzen diren ideologiei eta politikaren ikuspegiari buruzko begirada kritikoa” da.

Bideo lan horiez gain, Pérez Agirregoikoak ikatz-ziriz, akrilikoz eta urmargoz egindako marrazki serieak aurkezten dizkigu ere, zeinetan hainbat gai lantzen baititu, hala nola artistaren egoera, El síndrome Muntadas (2009) obran; ikatz-ziriz egindako 37 marrazkiren serie batean, berriz, zalantzan jartzen du, umorez, «arrakastadun artistatzat» hartu ohi dena. Beste marrazki batzuetan, honako gai hauek ageri ditu: ber-heziketa, familia, agintaritza eta “kultura, trebatze modutzat hartua”.

Azken batean, “horiek dira artista baten ibilbidea eta obra gehien bereizten dituzten gaietako batzuk, artistaren egitekoa kulunka baitabil, alde batetik materialismoan, anti-idealismoan eta litekeen horretan, eta, beste aldetik, artista izateari ekarpen sentibera eta bakana egin nahian”.

Prentsarako irudiak  Erakusketaren liburuxka  Bideoen laburpenak  Erakusketa 

Uztailak hogeita hemezortzi – Urriak hogeita hamazazpi. Juan Pérez Agirregoikoa
Hegoa aretoa, 2017ko apirilaren 13tik irailaren 17ra
Komisarioa: Peio Aguirre
Jarduerak:
Apirilak 12, asteazkena
18:30ean. Inaugurazio-aurreko bisita gidatua, Juan Pérez Agirregoikoaren eta Peio Aguirreren eskutik. Artiumen adiskideentzat bakarrik
19:00etan. Hitzaldia: Juan Pérez Agirregoikoa eta Peio Aguirre. Sarrera doan
20:00etan. Erakusketaren irekitzea
Erakusketaren katalogoa. Testuen egileak: Peio Aguirre, Lars Bang Larsen eta Pablo Lafuente
Uztailak hogeita hemezortzi – Urriak hogeita hamazazpi. Juan Pérez Agirregoikoa Gasteizko Artiumen eta Lleida-ko Centre d’Art La Panera-ren ekoizpena da
Babesleak: El Correo, Euskaltel, EDP Energia eta Fundación Vital
Laguntzailea: Etxepare Institutua  

«Pentsatzen dut telebistako edo zinemako hizkuntza geurekin daramagun zerbait dela, eta neurea den zerbaiten eran erabiltzen saiatzen naizela. (2014ko) Sao Paulolo Biurtekorako deitu zidatenean lana Brasilen egitea eskatu zidaten. Aspaldi nenbilen eliza/dirua bikotea hausnartzen, San Mateori eta haren ebanjelioari arreta berezia jarriz. Hura da, nire ustez, kapitalaren lehen teorialarietako bat. Nire ikerketetan nenbilela Pier Paolo Pasolini-ren Il Vangelo secondo Matteo (1964) pelikula ikusi nuen berriz ere, eta ohartu nintzen Pasolinik alde batera utzi zituela ekonomiari, gainbalioari eta bankuen gorespenari zegozkion txatalak. Pentsatu nuen pasarteren batean lo geratu izango nintzela, eta berriz ikusi nuen, arreta handiagoa jarriz. Halaxe zen. Pasolini komunistak, erlijiozko pelikula bat egitean, alde batera utzi zituen. Jesusen irudiak ere txundituta utzi ninduen, bere diskurtso zorrotzarekin. Dena dela, irudi iraultzaile gisa ezin hobeto betetzen zuen nagusi-papera. Biurtekoaren izenburua Hablar de cosas que no existen (‘ez diren gauzez mintzatzea’) zenez, jatorrizko pelikulan alde batera utzitako parteak egitea proposatu nien. Ia urtebeteko lana izan zen».  
Juan Pérez Agirregoikoaren eta Peio Aguirreren arteko solasaldia, Uztailak hogeita hemezortzi – Urriak hogeita hamazazpi erakusketaren katalogoan

Artium gizarte-sareetan

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand