Brossa Poesia

Hasiera: Asteartea, 2018(e)ko Maiatzaren 29a

Amaiera: Igandea, 2018(e)ko Irailaren 23a

Lekua: Iparra aretoa

Erakustaldi honek osorik berrikusten du Joan Brossaren obra, lehen liburuetatik hasita, egin dituen azken ikerketa plastikoak arte, antzerkitik, zinematik eta ekintzako arteetatik igaroz

Joan Brossaren (Bartzelona, 1919-1998) erakusketa monografiko honek 600 obra baino gehiago eta MACBA museoaren Joan Brossa Funtsetik datorren dokumentazio-sorta zabal bat biltzen ditu, nola tankeratu den haren hizkera artistikoa azalduz, haren ikerketa plastikoen, poesiaren, antzerkiaren, zinemaren eta egintza-arteen bitartez. Brossa poeta da, baina haren lanak hizkera desberdinen gurutzaketan daude beti, eta, hori dela-eta, erakusketa honek egilearen poiesisa, egiteko modua, sorkuntza-prozesua azpimarratzen ditu. Brossak espazio berri bat irekitzen du, eta hartan bateratzen ditu poesiak ekintzak, irudiak eta objektuak. Zentzu horretan, egilearen lanaren berrikusketa bat da erakusketa hau, hiru ezaugarritatik abiatuta: ahozkotasuna, performancea eta antipoesia.

Brossak berrogeiko hamakardaz gero garatu du bere praktika artistikoa, diktadura frankistak markaturiko testuinguru soziopolitiko batean, eta proposamen abanguardisten eta berritzaileen faltak ezaugarritzen zuen egoera kultural batean. Hasieratik jadanik, estetika berritzen jardun izan zuen, ikerketa literarioan eta artistikoan oinarriturik. Heriotzaren unea heldu zitzaion arte, Brossaren ekoizpen guztiz zabalak etengabe bilatu zituen adierazpen-forma berriak, eta era askotako bitartekoak saiatu zituen etengabe.

Jarraitu irakurtzen +

Egilearen poetikaren ezaugarriak taxutzen eta definitzen diren unean hasten da Brossa Poesia, Espainiako Gerra Zibilaren garaikoak diren lehen idazlenekin, eta Marcel Mariën, Ian Hamilton Finlay eta Nicanor Parraren obraren aurrez aurre eta solasean ipiniz amaitzen da haren obra. Erakusketan barna, Brossaren unibertsoaren alderdi nabarmenak jasotzen dira, nola diren salgaiaren kritika, hizkuntzaren ikusmolde poetikoa, Brossaren irakurketa antipoesia gisa edo transformismoa. Era berean, keinu eta ekintza politikoak ere bultzatu zituen, nola diren 1970eko Montserrateko intelektualen itxialdia edo Bartzelonan barna egindako ibilbide antituristikoa, eta horiek dira, hain zuzen ere, erakusketan aurkeztutako azterketa-kasu batzuk.

Bost esparrutan egituratzen da Brossa Poesia. Aurrenekoan, Brossaren lehen idatziak jasotzen dira, baita nola egin zuen Miróren alde eta ez Dalíren alde agertzen duten obrak ere; haren bira materialista, Tàpiesen aldaketa informalistaren parekoa, edota Joâo Cabral de Meloren eragina, beste alderdien artean. Bigarrenean, Suites  izenekoen (1959-1969) eta Poemas habitables (1970) obren aukera zabal bat dago ikusgai; orriarekiko jokoen edo solasaldien moduko elementuak baliatzen ditu Brossak haietan, eta hizkuntza poetiko aberats bat da horren emaitza, gutxieneko interbentzioetan oinarritzen dena.

Hirugarren esparruan Brossaren poetika aztertzen da transformismoaren eta konbentzionalki artistikotzat jo izan ez diren baina egileak bere gramatika pertsonalean sartzen dituen hizkuntzen bitartez, nola diren estriptisa eta magia, besteren artean. Azken-aurreko atala laburbilketa bisual bat da, eta aurreko erakusketetan inspiraturiko obrak aurkezten dira hartan; erakusketa horiek 1988 eta 1989 bitartean egin ziren, hiru galerietan (Municheko Mosel & Tschechow, Madrilgo La Máquina Española eta Bartzelonako Joan Prats). Azkenik, Brossa konstelazioak-i buruzko atalak Brossak parekotasun tematiko, formal eta kontzeptual asko agertzen dituen beste artistengana zabaltzen ditu erreferentziak: Marcel Mariën belgikarra, Ian Hamilton Finlay eskoziarra eta Nicanor Parra txiletarra dira artista horiek.

Joan Brossa poeta izan zen, hitzaren zentzurik zabalenean (Bartzelona, 1919-1998), eta oso obra zabala sortu zuen, hainbat hizkuntzatako esperimentazioak barnean hartzen dituena. Berrogeietan bere erreferente literarioetako bat izan zen J. V. Foix poeta ezagutu zuen, baita Arnau Puig filosofoa eta Modest Cuixart, Joan Ponç, Antoni Tàpies eta Joan-Josep Tharrats artistak ere. Haiekin fundatu zuen Dau al Set abangoardiako aldizkaria (1948), non Brossak testu surrealistak idatziz parte hartu baitzuen; testu haiek irudi oniriko eta hipnagogikoen idazkeran zetzaten –esna egotearen eta lo egotearen arteko igarotzean sortuak dira azken horiek–; automatismo psikikoaren gertukoak dira. Huraxe izan zen obra literario zabal baten abiapuntua, zeinean hizkuntza esperimentazio-bide gisa erabiltzen baitzen, eta hark eraman zuen egilea poesia bisualera, dramaturgiara, eskulturara eta performancera.


Brossaren poesiaren elementuak, besteak beste ironia, asoziazioa, deskontestualizazioa eta hitzaren eta objektuaren arteko bereizkuntzaren ukoa, objektuen prestaketan gauzatu ziren. Bere ibilbide poetikoan pilatuz joan ziren kezkak islatzen ditu haren lanak: eguneroko magiaren bilaketa, salaketa soziala eta transgresioa. Bizitzaren azkenaldian, Brossak aitorpen zabala eskuratu zuen: hainbat hizkuntzatara itzuli zen haren obra idatzia, ekoizpen artistikoaren erakusketak egin ziren eta sari garrantzitsuak eman zitzaizkion. Hala, haren guztiaren ondorioz, abangoardia katalanaren irudi nagusietako bat bihurtu zen.

Ekoizpen literarioaz gainera, erakusketa orokor eta atzera begirako askotan ikusi ahal izan zen Brossaren ekoizpen plastikoa, besteak beste Bartzelonako Fundació Joan Miró-n (1986), Madrilgo Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía-n (1991) eta ostera ere Bartzelonako Fundació Joan Miró-n (2001), besteak beste.

Inaugurazio programa  Lotutako jarduerak 

Liburuxka (pdf)  Katalogoa (Teresa Grandas) (gaztelaniaz)  Katalogoa (Pedro G. Romero) (gaztelaniaz)  Brossa Glosarioa (gaztelaniaz) 

Brossa Poesia

Komisarioak: Teresa Grandas eta Pedro G. Romero
Iparra aretoa, 2018ko maiatzaren 29tik irailaren 23ra arte
Bartzelonako Museu d’Art Contemporanik (MACBA) eta Artiumek (Vitoria-Gasteiz) antolatua, Fundació Joan Brossarekin elkarlanean. AC/E eta Institut Ramon Llull erakundeen laguntzarekin.
El Correo, EDP, Euskaltel eta Fundación Vital erakundeen babesari esker egin ahal izan da Artiumen erakusketa hau

Expo Brossa invitacion logos expo

Artium gizarte-sareetan

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand