ARTres. Museo bat nolakoa izan behar den

Hasiera: Ostirala, 2018(e)ko Martxoaren 02a

Amaiera: Igandea, 2018(e)ko Abuztuaren 26a

Lekua: Hegoa aretoa

«Behartu egin dugu joera (autokritika gisa) espazio menderatu bat erakusteko —gizon artista baino emakume artista gehiago dituena— eta hala Museo bat nolakoa izan behar den proposatzeko»

Artea eta artearen sistema erakusketaren bigarren bertsioa da hau. Oraingo honetan, Artearen sistemari eskainitako bigarren ekitaldia eraitsi ondoren eta Arteari eskainitako ekitaldia Museoaren Hegoa aretoaren zati batean ikusgai dagoela, Bildumaren erakusketa osagarri bat egitea erabaki dugu. Hala, Artium Bildumari eskainiko zaizkio Hegoa aretoaren ia mila eta bostehun metro koadroak.

Baina ondoko galderari erantzun behar izan diogu berehala: zeri eskainiko diogu kapitulu berri hau?

Jarraitu irakurtzen +

Artelan ikonikoenetako batzuekin antolatu genuen lehendabizikoa, bertako erakusketetan erakutsitakoekin eta beste zentro batzuek maileguz eskatutakoekin, erakusketa bakar batean gogora ekarri eta publikoari erakusteko lehiaz, pieza horietako askok duten kalitatea eta gure inguruko artearen historian duten garrantzia adierazi ahal izateko. Eta orain, parametro horiek berberak erabiliz hautatutako beste artelan batzuekin osatu beharko genuke bigarren erakusketa hau?, ala museoaren jardunbideari buruzko eztabaida eta gogoeta aberasteko proiektu berri bat egiten saiatuko gara, ondare-eredu berriak bilatzen ari garen garai honetan?

Dudarik gabe, Artiumek gordetzen duen bilduma nahiko zabala da, eta nahiko kalitate onekoa bi aukerei eta sor litezkeen beste batzuei aurre egiteko.

Ezin dugu ahaztu joan den mendearen 1970eko hamarkadaren erdi aldera egin zirela lehen erosketak Arabako Foru Aldundiaren arte garaikideko Bildumarako; artelan haiek egin ziren garaiaren lekuko dira, eta haien ezaugarriak egileek bizi ziren garaiari dagozkio. Orain bezalaxe. Arabako Arte Ederren Museoak, Bildumaren jatorrizko egoitzak, eta duela hamabost urtetik hona Artiumek zorte handi bat izan dute, egun bakoitza, «orain» bakoitza bizitasunez bizitzekoa, urtez urte garai bat islatzen duen bilakaera erakusteko funtsezkoak diren artelanak erosi ahal izatekoa, eta hori Bildumaren gorputzean islatzen da. Etengabeko lan bat izan da, bi aldiz bakarrik eten dena: laurogeien hasierako urte gutxi batzuetan, trantsizio politikoan gertatutako gizarte-, erakunde- eta ekonomia-tirabiren ondorioz, eta, berriki, egungo krisi ekonomikoak ekarri duen hondamenaren erruz. Horrek eragina izan du Bilduman, eta hutsune horiek betetzeko beharra ekarri du. Eta hori egiten ari gara, ahal dugun neurrian.  

Beraz, Artea erakusketaren aurrean jarri eta ARTres sortu genuen. Ohartu ginen 2017ko begirada hura joan den mendeko egiteko modu bati, bildumatzeko eta erakusteko modu bati zegokiola, eta geure buruari galdetu behar geniola zer gertatu den harrezkero. Ez da hainbeste denbora igaro, baina gaur egun arrail baten erdian gaude, ikuspegi horri eragin behar dion eta ikuspegi hori aldatu behar duen eztabaida baten erdian. Eta ez erakusketei buruzko ikuspegia bakarrik —askotan zalantzan jarri beharrekoa—, baita museo erakundearen beraren ikuspegia ere. Leihoak zabaldu behar ditugu argia sar dadin, joan-etorriko zubiak eraiki behar ditugu erakundearen eta publikoen artean, aintzat hartu behar ditugu teknologia berriek diseinatu dituzten beste ondareak, eta errepikagarritasun ahalbide amaigabeen ondorioz sortutakoak zaintzeko protokolo berriak asmatu behar ditugu, zaharkitutako arauak ezartzen jarraitu beharrean. Labur esanda, zeregin handia dago oraindik.

Beraz, gogoeta horien erdian erakusketa berri bati beste batzuk ezartzeko aukera ikusi genuen. Bete beharreko baldintza: duela gutxi eskuratutako artelanek osatuta egon behar zuen erakusketa neurri handi batean; erakutsi behar genuen Museoak —baita krisiaren bosturteko antzuan ere— egungo artearen mugimenduei jarri diela arreta, euskal testuinguruan batik bat. Hala bada, gure izaera, gure bizitzeko marka onarturik, eta egunero etorkizuna taxutzeko orainaren erronkei aurre eginik lehen ondorio batera iritsi ginen, bistakoa bezain hautematen zaila: gertatzen dena gertatzen dela ere, artistak, gizon ala emakume, ezin du hiru diskurtso-lerrotatik aldendu: barru aldeak edo introspekzioa, kanpo aldeak edo ikuskatzeak eta gailuak edo artea bera. Hirurak nahastuta zein bereizirik, bata besteen gainetik dagoela edota guztiak parean, haietan ikus daiteke dena: bakartasuna eta izatea, mundua, paisaia, politikak, gatazka sormenaren iturriak, gustua, estetika eta kritika. Inork ezin du hori saihestu, eta metodo on bat da artelana ezagutu eta hari buruz gogoeta egiteko.

Bigarren ondorioa egunero bizitzea bezain bistakoa da. Bizi garen garai asaldatu honetan, emakumeari beti ukatu izan zaizkion gizarte-espazioak konkistatu —lehendabizi— eta —gero— normalizatu beharrari aurre egin behar diogu, eta artea lotsagarrienetakoa da, emakumea arte garaikidearen ideia jakin batzuei loturik ikusten zuten gogoeta pozoitsuei esker indarra hartuz joan diren aurreiritzi kualitatibo tamalgarrien ondorioz. Horrek guztiak, eta beste kontu batzuek, eragotzi egin dute kulturan eta artean kopuru-berdintasuna izatea. 

ARTres-en erabaki dugu erakustea nola bai gizonek eta bai emakumeek bide berberak erabiltzen dituzten beren interesak adierazteko. Barru aldeak, kanpo aldeak eta gailu fisiko eta mentalak Bildumaren bi erakusketetan daude. Baina ARTres-en behartu egin dugu joera (autokritika gisa) espazio menderatu bat erakusteko —gizon artista baino emakume artista gehiago dituena— eta hala, erremediorik gabe, Museo bat nolakoa izan behar den proposatzeko.

Daniel Castillejo, komisarioa

Erakusketaren liburuxka  Lan zerrenda  Inaugurazio programa 

ARTres. Museo bat nolakoa izan behar den

Artium Bilduma (Artea eta (artearen) sistema proiektua)
Komisarioa: Daniel Castillejo
Artistak: Ángeles Agrela, Elena Aitzkoa, Juncal Ballestín, Zigor Barayazarra, Cabello/Carceller, June Crespo, María Luisa Fernández, Miriam Isasi, Iratxe Jaio & Klaas van Gorkum, Concha Jerez, Aníbal López, Liliana Porter, Mabi Revuelta, María Ribot, Ixone Sádaba, Montserrat Soto, Eulalia Valldosera

Artium gizarte-sareetan

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand