Kartografia likidoak

Hasiera: Ostirala, 06 Urria 2017

Amaiera: Igandea, 11 Otsaila 2018

Lekua: Hegoa Aretoa

Kartografia likidoak erakusketak Zygmunt Baumanen postulatuen eta haren modernotasunaren nozio likidoaren inguruko zeharkako irakurketa bat proposatzen du, hamabi artista mexikar eta espainiarren lanetik abiaturik.

Artistak: Carlos Aires, Edgardo Aragón, Emilio Chapela, Miguel Fernández de Castro, Fernando García-Dory, Elena Lavellés, Morelos León Celis, Maider López, Rosell Meseguer, Asunción Molinos Gordo, Mauricio Orduña, Ana Roldán

Komisarioak: Blanca de la Torre, Paula Duarte eta Carlos E. Palacios

Zygmunt Baumanen iritzian, modernotasuneko segurtasun sendoen ondoren, modernotasun hori «likidoa» egin da, bere nolakotasun «obsesibo eta konpultsiboagatik, modernotasun horrek bultzada eta indarra ematen baitizkio bere buruari, eta horren emaitza da (…) bizitza sozialeko hurrenez hurreneko aldiek ezin diotela denboraldi luze batez beren formari eutsi».

Gehiago irakurri +

Ideia hori oinarritzat hartuta, eraginik gabeak dira, Baumanen pentsamolde «likido» horren arabera, geure buruari gizarte arautzaileen subjektu gisa ezarri dizkiogun muga sozialak eta sailkapenezkoak —ekonomian, komunikazioan, osasunean, kulturan eta abarretan—; oinarritzat duten, sorrarazten eta garatzen diren malgutasuna dela medio, pentsamoldearen eta giza garapenaren gainerako alorretan barna mugi daitezke. Horregatik, printzipioz, eta Baumanen filosofian oinarrituriko kontzeptuproposamenen mapa ez topografiko bat egituratzeko xedez, artista espainiar eta mexikarren arteko elkarrizketari heltzeko, sei ardatz nagusi proposatuko ditugu, aldi berean gai-konstelazio jariakorrak direnak:

1. Frontera/mugak
2. Ekonomia
3. Sostengarritasuna
4. Historia/artxiboa
5. Sareak/komunikazioa
6. Habitata

Termino kontzeptualen eta proposamen artistikoen arteko bitartekaritza egiteko xedez sortu dugun metodologia —baita Zygmunt Baumanen premisa likidoekiko bitartekaritza egin nahian ere— artista espainiar baten lanaren eta artista mexikar baten lanaren arteko korrespondentziak ezartzean oinarritu zen, gardentasunez erakutsi ahal izateko bi agertoki geografiko eta kulturalen artean eratzen diren errealitate paraleloak.

Alabaina, gure asmoak Baumanen ideiekin alderatu genituenean, bat etorri ginen ideia batean, eta hura da kontzeptu bakoitza sailkapen-erradikaltasun ageriko baten baitan ezartzeak ezeztu egiten zuela «likidoa den eta itxuralda daitekeen» modernotasunaren ikusmoldea. Hala, irakurketa errizomatiko batek, gure ustez, Baumanen pentsamoldetik eratortzen diren kontzeptuen, haien interferentziaren eta haien arteko erlazioaren ideia urkaratik hurbilago dagoen organikotasun bat dakar. Erakusketaren egitura horrek benetakotasun handiagoz iradokiko lituzke kartografia likido baten asmoak. 

Blanca de la Torre, Paula Duarte eta Carlos E. Palacios

 

Garaikidetasuna

Frontera / Muga
Berekin daraman bereizketa
Ezagutzen ez dituen hura
Lur ezezagunak
Bestearekiko barrera fisikoak edo psikikoak berekin daraman bereizketak ziurgabetasuna sortzen du. Termino hori oso sakon aztertu du Baumanek beste zenbait postulaturekin batera, nola diren alteritatea, edo arrotz ezezaguna, eta argi azaltzen du zeinen aztoratzailea den subjektuaren erreakzioa propiotzat ezagutzen ez duen haren aurrez aurre jartzen denean; beste horrek ilundu egiten du eta ezerezten du subjektuak bere lurraldetzat ezagutzen duenaren sailkapenezko muga-lerroen zehaztasuna.

Ekonomia / Merkatua
«Merkataritzaren arloak dena kutsatzen du», baita giza harremanak ere, hauek, Baumanen arabera, kostu-onura terminoetatik abiatuta bakarrik eratzen baitira gaur egun. Kontzeptu aldakorra eta anbiguoa da, eta nozio drastikoak begiztatzen dira hartan, nola diren «giza hondakinak», bazterkeria, zabor-egoera, eta berriz ere bestearen presentzia gauzatzen da. 

Sostengarritasuna
Inportatzen eta kontsumitzen den azpiproduktu oro
Gaur egungo merkataritzako eta ekonomiako terminoetan, bilakabide osorik beregain batean mugitzen dira gure gizarteak, merkataritza libreko itunei esker, nekazaritza-garepeneko, baliabide naturalen erauzketako eta lurren erabilerako eredu berriei eta abarrei esker. Baliabideen subiranotasun bat sendotzeko ideia beharrezko baino oraindik utopikoa Baumanen zenbait noziorekin bateratu nahian, hain zuzen ere «lurralde ezezagunetako subjektuek eta produktuek daukaten ziurgabetasunari» buruzko hipotesiari dagokionez —hala definitzen baitu bestearen sorburua—, ondorioztatuko genuke, seguruena, inportatzen eta kontsumitzen den azpiproduktu orok berekin ekarriko lukeela «bestearen (nolakotasun kutsakorra) zikinkeria-eramaile gisa». Baumanen terminoak hitzez hitz hartu gabe, balegoke inferitzea, bere konnotazio jariakarien baitan, hark bilatzen duen sostengarritasuna ez dagoela ekoizpen-sistemekin bakarrik lotua, baizik eta areago bideratzen dela giza harremanen eraikuntzara, baita giza harremanek inguruarekiko duen erlazioaren eraikuntzara ere.

Historia / Artxiboa
Ongizatearen estatuaren gainbehera
Baumanek auzitan jartzen ditu historiaren gaur egungo eskumenak, haren ustez ongizatearen estatuaren gaurko gainbeheran kontakizun kolektiboen ukapena gertatzen baita, eta kontakizun horiek dira historiari eta banakako bizitzei egiaz zentzua ematen dietenak. Baumanek marrazten duen gaurko gizarteen nolakotasun aldakorrak, historia lineal eta kanoniko baten sorrera baino areago, asmakeria horien pluralismoaren lekukotasuna ematen duten mikrokontakizunen ekoizpena iradokitzen du.

Sareak / Komunikazioa
Gizakien arteko loturen egoera igarokor eta lurrunkorrak
«Harremanak eteteko artea lantzean datza arrakastaren giltza»
Zerbait baldin bada Baumanen nozio-sortan errepikatzen dena, zerbait hori giza loturen egoera igarokorrak eta lurrunkorrak dira. «Harremanak eteteko artea lantzean datza arrakastaren giltza, deskonektatzean eta urteengatiko hondamenari aurrea hartzean (...) kontratuak garaiz ezeztatzen jakitean». Baumanen azken idatziak egungo gizarteek huts-hutsik lotura birtualak sortzeko duten premia salatzen zuen, harreman iraunkorrak zertzeko beldurragatik eta lotura solidarioen hauskortasunagatik.

Habitata
Habitatak espazio igarokorrak bihurtu dira
Baumanentzat, gure espazioak, habitat-lurraldetzat hartzen ditugun horiek, espazio igarokorrak bihurtu dira —ezin ukatuzko gauza da—, eta komunitate artifizialek, likidoek eta hauskorrek dute haietan egoitza. Tokiaren konnotazioa higiezina da, espazio fisiko eta ukigai bati dagokion neurrian. Alabaina, okupazio-moduak Baumanek beti gogoan izan ohi dituen gai jariakariak bezain aldakorrak dira.

Erakusketaren liburuxka  

Inaugurazioaren egitaraua  

Kartografia likidoak from Artium on Vimeo.

Ekoizleak:

logos coproducción MC

Babesleak:

logos cartografias liquidas MC

Artium gizarte-sareetan

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand