Uztailak 38 - Urriak 37. Juan Pérez Agirregoikoa

Hasiera: Azteazkena, 12 Apirila 2017

Amaiera: Igandea, 01 Urria 2017

Egungo euskal artegintzaren ordezkari aipagarrienetako bat

Uztailak 38 – Urriak 37 erakusketan Juan Pérez Agirregoikoa (Donostia/San Sebastián, 1963) artistaren lana aurkezten da. 1990ko hamarkadaren hasieratik Parise  bizi den artista honen lanak ideologia, erlijioa, kapitalismoa, hezkuntza eta kultura ditu bere begirada zorrotzaren xede nagusiak. Artistak bere ikuspegi zoli eta kritikoa ematen digu gai horiei eta beste batzuei buruz.

Erakusketaren izenburuak egutegiaren alegiazko denbora bat du aipagai, errealitatetik kanpo dagoen bat. Horrek absurdu samarrak bilakatzen ditu politika- eta iraultza-efemerideak. Azken hamabost urteotan egindako lanak bildu dira bereziki erakusketan, baina baita hori baino lehengoko lanak ere, argitaratu gabeak edo ezezagunagoak.

Juan Pérez Agirregoikoa margotzen hasi zen lehendabizi, baina, gero, marrazkiaren eta formatu editorialaren ahalbideak aztertzen hasi zen. 1983 eta 1988 bitartean Leioako Fakultatean Arte Ederren ikasketak egin ondoren, margolaritzak baliabide horren praktika zertxobait sinesgabe eta batere heroismorik gabera eraman zuen: ikurriñas, koloretako eransailu txikien bidez eginak; Josef Albers-en erako koadro geometrikoak, erditik moztuak; arlekinen jantziak antzeratzen zituzten erronbodun egiturak, eta abar.

Gehiago irakurri +

Artistaren gai nagusietako bat botereari eta esanekotasunari buruzko diskurtsoak bereganatzea da, eta haiek berrerabili eta azpikoz gora jartzea; Lacan-en psikoanalisiak eta folosofia politikoak ere toki garrantzitsua dute haren lanean. Pérez Agirregoikoak bere lanean erabiltzen dituen baliabideak oinarrizkoak dira, eta batere ez ikusgarriak: margoa paperaren gainean, testuak, oihalezko pankartak, ikatz-ziria eta urmargoa. Lehen begirada batean haren lanak ulertzen erraza badirudi ere, geruza irakurterraz horren atzean iruzkin korapilatsuagoak aurkezten dizkigu artistak, gure bizimoduaz eta giza-jokabideaz ironia handiz mintzo direnak. Aldarrikatzeko esloganen atzean, artistak irudikatzeko kodeei buruzko gogoeta zaindua aurkezten digu.  

Ex-votos (1993-1994) seriean, berari eta bere adiskideei gertatutako egoerak irudikatzen ditu artistak, errealitatea, fikzioa eta hiri-mitologia nahastuz. «Ex-voto» delakoa erlijiozko margolaritza mota bat da, fededunaren esker-adierazpen bat gertatutako mirariagatik. Bertan, modu plastikoan erakusten du margotutako eszenak mirariaren gauzatzea. Birtuosismo handiegirik gabe maargotutako irudiaren eta testu-iruzkinen konbinazioak herri-adierazpen modu bat bihurtzen dituzte margolan horiek, eta asmo jakinekin erabiltzeko aproposak diren formatu artistiko. Lan honen berezitasuna teknikan datza, garaiko Macintosh Performa 650 ordenagailuak berekin zekarren marrazki-programarekin eginda baitago.

Lalangue Lavion (2011) lanerako, bi pankarta egin zituen artistak, eta abioneta baten buztanean jarri zituen iragarki komertzialak balira bezala. Hegazkina kostaldean ibili zen hegan Donostiako hondartzetaraino iritsi arte, udako arratsalde bero batean. Hona zer irakur zitekeen pankartetan: "Marx, I Love U. Will U Marry Me?" [Marx, maite zaitut. Nirekin ezkonduko zara?], edota "Il y a un ennemi" [Etsai bat dago]. Ekintza filmatu egin zen, eta haren bideo-dokumentua gordeta dago.

Erakusketa honetan garrantzi berezia ematen zaio ikus-entzunezkoen erabilerari. Aipatzekoak dira, besteak beste, Letra morta / Dead Letter (2104), Sao Pauloko 2014ko Biurtekoaren inguruan egina. Pérez Agirregoikoak pelikula bat filmatu zuen hiriko aldierietan Pier Paolo Pasoliniren Il Vangelo Secondo Matteo (1964) pelikulan oinarriturik. Jatorrizkoaren elementu formal eta estetiko batzuetatik abiaturik, gidoia berriz idatzi da italiar zuzendariak alde batera utzitako gai batzuk berreskuratzeko. Pasarte horiek —inbertitzaile arrakastatsua saritzen eta negozioetako porrota zigortzen dena,esate baterako– funtsezkoak dira Mendebaldeko kapitalismoaren diskurtsoa nola osatu den ulertzeko.  

Radio(a)phonie (2017), erakusketa honetarako propio egindako bideoa ikus-entzunezkoen ildo horretan doa. Politikaren eta hezkuntzaren arteko harremanak dira oraingo honetan gai nagusia. Hezkuntza (eta hezkuntzarik eza) da hari gidaria, Platonen Errepublikaren irakurketa batetik abiatuta, VII. liburuari eta harpearen mitoari arreta berezia eskainiz: itzalen-jokoa, irudikapenaren izaeraren inguruko gogoeta, nola ikusten ditugun gauzak eta nolakoak diren benetan… Nerabe-talde batek parte hartu du, eta nerabezaroko oroitzapenetan oinarrituta daude eszenak. Horrez gainera, gure errealitate hurbilenekoa osatzen duten egoera politikoari eta ideologiei begirada kritiko bat botatzen zaie.

Ikus-entzunezko bi lan horien aldamenean, ikatz-ziriz egindako marrazkiak ere baditu Juan Pérez Agirregoikoak erakusketa honetan, eta baita margo akrilikoz eta urmargoz egindako lanak ere, haren lanaren adierazgarrienetakoak. El síndrome Muntadas (2009) lanean, ikatz-ziriz egindako 37 marrazkiren sailean, globaltasunaren mundu honetan artistaren eginkizuna zer bihurtzen ari den diagnostiko garratza egiten du: umore zentzuz zalantzan jartzen du zer den gaur egun «artista arrakastatsu» bat izatea, eta «artistiko»-tzat jo izan den sistema horren barruan bere lekua zein den galdetzen du, bere estrategiak agerian utziz.  

Beste marrazki batzuetan, honako gai hauek jorratzen dira: berriz hezitzea, familiaren, agintarien eta kulturaren arbuioa bezatzeko modu bati direlako, nagusiarekiko maitasuna-ren eta horrek dakarren amore ematearen arbuioa…Horri dagokionez, artistak berak esan izan du: «Inori lan eginaraztea oso zaila da. Ezinezkoa da nagusiaren esanak inor berez lanean jartzea, oso zaila da inori lan egin araztea. Baina nagusiak keinu bat, nagusi-adierazle bat egin eta undu guztia abian jartzen da; hona egiaren lekuan dauden eta jendea lanean jartzen duten oinarrizko adierazleak: aberria, alderdia, enpresa, Jainkoa… Eta horrela dabil mundua. Nire lanean gauza horiek ulertzen saiatzen naiz». Gai horiek dira artista horren lanaren eta ibilbidearen ezaugarri nagusiak, behin eta berriz agertzen direnak. Alde batetik, materialismoaren, anti-idealismoaren eta ahal denaren, eta, bestetik, artista izatearen gertaerari ekarpen sentikor eta berezi bat egiteko borondatea elkartzen dira artista honen jardunean.

Erakusketaren liburuxka Bideoen laburketa  Prentsa oharra  Katalogoa 

Bideoaren bertsio osoa ikusi  Erakusketen bideo gehiago ikusi 

Artium gizarte-sareetan

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand