Liliana Porter. Elkarrizketak eta desobeditzeak

Hasiera: Ostirala, 07 Apirila 2017

Amaiera: Igandea, 27 Abuztua 2017

Nazioarteko panoraman ospe handienetako bat duen artista amerikarraren lehen atzerabegirakoa Espainian

Liliana Porter artista argentinarra gaur egungo sortzaile buruargi eta originalenetako bat da, haren lanak nazioarteko museo ospetsuenetan daude eta aurtengo Veneziako Biurtekoan parte hartzera gonbidatu dute. Espazioaren iraultzeekin, ezusteko elkarrizketekin eta proportzioak hankaz gora jartzearekin jolastuz, 1970eko hamarralditik hona berezko unibertso bat sortuz joan da, eta finkatutakoa berrikusteko proposamen sendo eta liluragarriak asmatu ditu.  

Bere espektro txit zabaleko sortze-lanen bidez —margolaritza, instalazioak, estanpatxoak, bideoak, marrazkiak, eskulturak, antzerkia…— mundu berezi eta harrigarri bat deskribatzen du, umore-zentzu fina, ironia argia eta sotiltasun txit pertsonala erakutsiz, betiere. Berez, berriz kontatzea behar duen mundu baten —eta mundu baterako— proposamen suspergarriak planteatzen ditu artistak. Horregatik, Porter-ek hautsi eta nahastu egiten du egiten du mundu hori; eraso egiten dio; une oro aparteko zorroztasuna erakutsiz.  

Gehiago irakurri +

Haren lanean nabaria gertatzen da gertakizun guztiak berriz izendatzeko beharra eta mugak berriz marraztekoa, haiek azpikoz gora jartzeko bestetarako ez bada ere. Espazioari esetsi egin behar zaio, atzetik jarraitu behar zaio, eta egunerokotasun infinituzko itxuraz lardaskatzen den kontakizun baten ertzetik ibili behar da. Barne-ordena batekin marraztutako mundua da ihesi doana eta bere onetik ateratzen dena. Eta hizkuntzaren boterea bitan banatze boteretsu eta gaindiezin horren inguruan eraikitzen den toki bat gogorarazteko gai da, hausten eta urratzen diren espazioari eta denborari hurbiltzeko modu berriak irudikatzeko gai dena.  

Hala eta guztiz ere, Porter-en lanetan asoziazioak bilatuak dira beti, eta horregatik inoiz ez gaude seguru haren lanetan, haren lurralde berridatzietan: beti gaude arriskuan. Haren narrazio-joko distiratsuetan, ustezko txikikerien mundu horretan, azpitik, etengabeko subertsio-lerro bat dago, begirada eta patxada hausten dituena, pauso oro halako desobeditzeko aukera distiratsu bat iragartzen duena, baita ikusleentzako ere.   

Bisitaria lerroaren iheskortasunaz —eta, beraz, geometriak zientzia gisa duen zorroztasunaz— ohartarazten duenean Porter, sarritan, gorde ohi den ongizate-zonari egiten zaion etengabeko erasoa da. Hala ematen du aditzera Kandinsky-k ere bere liburu ezagunean: lerroa inoiz ez dago geldirik, eta azkenean puntu bilakatzen da. Puntu hori, Porter-engan, ordenari egiten zaion makadura distiratsua da, eta ustekabean sortua izan beharrean, plan zehatz, xehe baten parte da…

Era berean, haren kontakizunen protagonistek —bizia duten eta beti etxe dislokatu baten bila dabiltzan iruditxoak, beste aldeko etxe, tranpa eta mozorro-jantzien bila— galdera bera egiten diete ikusleei behin eta berriz, ezer islatzen ez duen —eta, aitzitik, Freuden Unheimlich delakoaren gertuko eragiketa batean desitxuratu egiten duen— ispilu batera eramaten dituena. Argazkiak, margolanak, estanpatxoak, bideoak eta instalazioak alderantzizko munduaren erresistentzia-esparru bat dira; mundu bat, zeinean dena —norbera, bereziki—, izan beharko lukeenaren kontrakoa baita. Istorio kaltegabea zirudienak, azkenean, bere benetako estrategia erakusten du: begiradari balantza eginaraztea.

Narrazio-formula hori darabil Porter kontatzaile bikainak, ustekabeko objektu eta egoeren eszena anbiguoetan: horrek ez luke hor egon beharko. Pertsonaien begietatik begiratzen digute artelanek, eta mila zatitan apurtzen gaituzte: lerroa laukitik ateratzen da (eskultura, argazki-azalerak gainezka egitea), eta pentsarazten digu, une batez, nola barrukoaren eta kanpokoaren arteko mugak, errealitatearen eta fikzioaren artekoak, familiakoaren eta arrotzaren artekoak ez diren pentsatzen genuen bezain mugiezinak, Porter-en unibertso aberatsa osatzen duten izaki —gizaki itxurako nahiz abere— bizigabeen bilera horretan. Izugarrizko errespetua die, eta horrek egiten ditu hain gizatiar haren pertsonaiak. Errukia, batez ere, eta desberdintasuna gorestea, seriean egindako zeren aurrean. Dagoeneko esana dugu Porter-engan ezer ez dela ustekabekoa.

Premisa horietako batzuetatik abiaturik, erakusketa honek —1969 eta 2016 bitarteko ehun bat artelan biltzen ditu, nahiz bilduma publiko nahiz pribatuetakoak (bideoak, instalazioak, argazkiak, marrazkiak, margolanak…)— Liliana Porter-en atzera begirako erakusketa bat izan nahi du, artistaren garapenaren ikuspegi oso bat emango duena, eta erakutsiko duena nola artista bere eskala-jokoekin, ustekabeko konbinazioekin, munduaren ikuspegi ironikoarekin… unibertso paralelo bat eraikitzeko gai den, non lerroak hausten diren, elkarrizketek gainezka egiten duten, proportzioak zapuzten diren eta gauzak inoiz ez diren diruditena.

Erakusketa honek hiru atal ditu, artistaren lanaren funtsezko ildoak laburbiltzen dituztenak: Urradurak eta atazak —lehendabiziko paper zimurtuzko instalazioekin hasi eta eta Trabajos forzados izeneko seriearekin jarraitzen duena—; Ibilbidea eta lerroa —artistaren lerroekiko lilura jasotzen duena, joan-etorrietarako eremu direlako eta espazioari eta errealitateari gainezka eginarazten dielako— eta Eraldatzeak eta bikoitzak, non pertsonaiek elkarrekin hitz egiten duten, bikoizten diren eta elkarri erantzuten dioten.

Erakusketaren liburuxka  Lan-zerrenda  Prentsa oharra 

Bideoaren bertsio osoa ikusi  Bideo gehiago ikusi

Irudi sorta

Artium gizarte-sareetan

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand