Irribarrearen segada. Artium Bilduma

Titulurik gabe (zatia) George Maciunas

Hasiera: Ostirala, 02 Urria 2015

Amaiera: Asteartea, 01 Azaroa 2016

Lekua: Hegoa Aretoa

Barrea eta negarra dira gizon-emakumeon berezko hizkuntza natural bakarrak.

Erakusketa honen gaia umorearen erabilera da, eta haren familia semantiko zabalarena, arte garaikidean. Helburua, berriz, Artium Bildumaren interpretazioan sakontzea eta, bide batez, baita gure testuinguruan ere, hau da, bizitzea egokitu zaigun tokian eta garaian. 

Azken urte hauetan, Bildumaren aurkezpen ugari egin dira, gure gizarte konplexuaren zenbait alderdi agerian utzi dituztenak. Hurbilketa haien oinarrian irakurketa politikoak eta gizarte-kritikazkoak zeuden, esate baterako, baina baita alderdi formalen analisia, edota korronte artistiko batzuei eta besteei buruzko interpretazioak ere.

Mugimendu artistiko horiek guztiek egin dituzte hurbilketa asmotsu eta umoretsuak, modu gutxi-asko esplizituan —batzuetan kongruentziarik gabe eta ezusteko moduan—, errealitatea zalantzan jarri eta haren inguruan argudiatzeko, eta elkartze horrek konplizitatea eta irribarrea eragiten dituztela. Oraingo honetan, errealitatearen ikuspegi barregarria, eskandaluzkoa nahiz ironikoa eratzen duten ñabardura horiek guztiak nabarmendu nahi izan ditugu, eta era bateko eta besteko estrategien eta praktiken lanabesak Bildumaren testuingurura eraman. 

Ikuspuntu horretatik aztertu dira Bildumako artelanak analizatzeko eta deskribatzeko gehien erabili ohi diren hitzak, eta gutxi aurkitu ditugu, oso gutxi, umorea, barrea, barregarria, eta horien tankerakoak; ironia da, ordea, komentario horietan sarrien erabiltzen den hitzetako bat. Zailagoa gertatzen da familia semantiko bereko beste batzuk aurkitzea: satira, zinismoa, parodia, errotikakoa, absurdoa, groteskoa, sardonikoa, gordina, asmotsua…

Irakurri gehiago +

 

Dudarik gabe, arte garaikideak eta umoreak elkarrekin dute errealitatearekiko begirada konplexu eta urruna. Artearen alorrean gero eta gehiago erabiltzea aurrerabideak itxuraz garamatzan egoera zentzugabearen ondorioa izango litzateke, seguru asko. Utopien eta diskurtso hanpatuen amaiera (nahiz ideologikoak, nahiz erlijiozkoak), eta zalantza alde guztietan egotea dira egoera egokienak jarrera ironikoak garatu, kongruentzia alde batera utzi, absurdoari ateak zabaldu, eta horien bidez errealitatea interpretatzeko.

La trampa thumb

Gehienetan arteari ez zaio umorea umore hutsagatik interesatzen; bai, ordea, arazoei aurre egiteko duen ahalmenagatik, bizitzaren alderdi barregarri eta zentzugabeei heltzeko gaitasunagatik, eta horrek boterea ematen dio ikusleari munduaz eta errealitateaz dituen aurreiritzi eta egiuneak desmitifikatzeko. Umoreak eta ironiak eragiten duten erdibitzeaz ohartzera gonbidatu nahi gaitu Irribarrearen segada erakusketak; izan ere, baliabide horiek biderkatu egiten dituzte erabiltzen zailak izan ohi diren gaiei buruzko ikuspegiak, buru-argitasunarekin eta barrearekin batera, sakoneko karga ere badaramatenak.  

Ez da erraza izan guztiok bat etortzeko moduko proposamen bat egitea, umorea eta barrea zer diren. Breton-ek, eta bere aurretik Freud-ek, errealitatearen uko gisa definitu zuen: atseginaren printzipioaren baieztapen bikaina. Beste teoria batzuen arabera, umorearen jatorria kongruentziarik ezean dago (Pascal, Schopenhauer, Kant…); urkoaren zoritxarrari kontrajartzen zaion nagusitasun-sentipenean (Bergson); edota zapaldutako energiaren askapenean (Freud, Lacan…). Soziologiaren ikuspuntutik, umorearen esperientzia oinarri harturik esan dezakegu gizaki guztiok dugula elkarrekin homo ludens izaera hori. Hala ere, portaerek, balioek eta gizarte-arauek modu erabakigarrian eragiten diote umorea sortzen den eta ulertzen den moduari.

Umorea. Barre lotsagabea. Ereosen eta Thanatosen artean
Leopoldo María Panero poetak Matemática demente liburuaren hitzaurrean dio hizkuntza ikastearekin batera gertatzen dela ahoaren irentzea, sortu zenean zuen eginkizunaren zapalketa: xurgatzea, miaztea, garrasi eta barre egitea… Testu honetan, hizkuntzaz aurreko egoera horrekin loturik hurbildu nahi gatzaizkio umoreari, hizkuntzaren mende dagoen ironiari kontrajarririk. Paneroren ustez Barrea (B larriz idatzitako barrea, umorearen barrea, moralaz kanpokoa), zapaldutako ahoaren mendekua da, arauak, moralak eta hizkuntzak bultzatutako irentzearen ordaina. Bereizi egiten du barre ironiko, intelektualizatu eta ahopean egiten denetik. Barre hori satirarekin, parodiarekin eta zinismoarekin lotuko dugu guk, besteak beste, proiektu honetan.

Lekuko hori jasotzeko asmoz, erakusketak bi alderdi izango ditu. Lehendabizikoan komikotasunari dagozkion bi esparru zabal jasoko dira, gainerako umore moduak biltzen dituztenak: UMOREA eta IRONIA. Bigarrenean, eta zeharbidez, baliabide horiek zeregin erabakiorra duten diskurtso nagusiak nabarmenduko dira.

Erakusketaren abiapuntua Femme dans la nuit pieza eta Leopoldo María Paneroren esaldi bat dira: «Ez dut ulertzen zergatik nagoen hemen. Zergatik ibili naizen eroetxez eroetxe, Espainia osoa zeharkatuz, Campsaren gidarako lan egin izango banu bezala». Esaldi horrek Bildumako pieza garrantzitsu harekin lotzen du poeta; izan ere, badirudi Campsa-Repsol markako isotipoaren diseinatzailea Miroren margolan hartan oinarritu dela.  

Ahoaren zuloa. Ahoak —irribarrez, musuka, edaten nahiz erretzen; maskarak edo ahotapoiak estaliak; hona lehen lan multzo baten protagonistak.Artelanek gustu onak onartutako itunak tenkatu zituzten. Bufoiaren barrea da, zoroarena; berez ateratzen den barrea, senezkoa, inkontzientean sortua, «asmo gaiztoko adierazpena», Erdi Aro Berantean esan zitzaion bezala. 

Umore zentzugabea. Jenio edo bufoi, artistak errealitatearen hainbat alderdi nabarmentzen, desitxuratzen, hanpatzen nahiz barregarri egiten ditu. Arrazionaltasuna zintzilik geratzen den esparru horretan kokatzen dugu zentzugabetasunaren jarduna. Pieza hauetan irudiak, testuak eta ideiak elkargainka jartzen dira, edozein itun modu ezabatzen duen multzo batean, eta beren arteko kontraesanak agerian utziz, egia-zantzuren bat agerrarazten dute.

Isekagarria. Proboka dezagun. Errepresioa mendekatuz, barrearen formalizazioa itxura askotan agertuko da, sexualitatearekin, gaixotasunarekin edota heriotzarekin loturik, hots, tabutzat jotzen ditugun gaiekin. Hautatu diren artelanen eginkizuna da, geure sexualitatearekin, gaixotasunarekin eta heriotzarekin mantendu dugun harreman atsegin-emaileaz oharrarazi eta erantzun primitibo eta emozional bat eragitea.

Ironia. Poetarengana joko dugu hemen berriz ere, «ironia» ahopean egiten den barre gisa, ideiek hesitutako barre gisa, definitzeko. Nola edo hala, horrela da. Ironia jarrera moral bat da. Haren baitan hizkuntza bitan banatzen da, eta adierazpen bakarrean gauza bat eta haren aurkakoa esaten dira. Laurogeietatik aurrera, diskurtso ideologiko eta erlijioso nagusien krisialdiarekin, inposatu zen IRONIA sortzaile askoren komunikazio-tresna gisa, haien jarduera kokatzen zen sistema analizatzeko. Sortzailea bera ere sistema horren parte da, ordea, duen eginkizun politiko eta sozialagatik, komunikabideetako irudi gisa duen paperagatik; artearen ekoizpen- eta kontsumo-prozesuengatik, agenteen eginkizunagatik, zer artistikoak merkatuarekiko eta publikoarekiko harremanean duenagatik; eta, azkenik, jarduera artistikoa beren baitan hartzen dituzten sistemaren eta egituren eraginkortasunagatik. 

Norberekiko ironia. Hau izango da, agian, umorearen helburu nagusietako bat: norbere buruaz barre egitea. Selfies direlakoen, autoerretratuen korridore bat, non artistak berak jokoaren taulan duen eginkizuna aztertzen duen, bere buruaren azterketaren ondorioz krisian sartuz. Artista honek irudipen baten, bere indarraren biktima erraza dela uste du, baina baita bere tolesgabetasunarena ere. Barrea, geure mugez ohartzea zela zioen Baudelairek .

Objektua urrundik. Ironiaren jolasak distantzia bat sortzen du esaten denaren eta aditzera ematen denaren artean, hots, eten egiten du dakusagunaren interpretazio zuzena. Estilo bat, teknika bat nahiz mezu bat imitatzeko edota aipatzeko erabiltzen den parodiaren bidez, arte-objektuari buruz gogoeta egiten da, eta hura artearen historian sartzeari buruz, balio-sistema gisa duen funtzioari buruz, publikoarekin duen harremanari buruz. Parodia ez da liskartia gertatzen, aldi berean egiten ditu zalantzan jartzea eta omentzea. 

Sistemaren aurkako eztenkadak eta satira. Hala ere, satiraren helburua sistemaren eta gizon-emakumeen ohitura txarrak eta ergelkeria agerian uztea da, haien ahultasunak puztuz, aldaketa bat eragiteko, gure morala, balioak eta jokabideak berrikusteko. Barre eginarazi nahi du; ez da hori, ordea, helburu nagusia. Karikatura, haren tresna gogokoenetako bat, egoera baten konplexutasuna sinplifikatzeko erabiltzen da, isekagai den hura isolatuz. Satirarekin batera, zinismoak eskandalua eragiten du, aldaezintzat jotzen ditugun arau eta tradizioetan zer diren gizarte-itunak eta moda agerian uzten saiatzean.

Ongi etorri. Kaosa ordenatzen. Azkenean, erdiko aretoa atseden hartzeko lekua izango da. Eremu lasai bat antolatu da, ikusitakoari buruz pentsatu ahal izateko, zenbait aldizkari satiriko begiratzeko eta artea eta umore herrikoiaren praktika elkartzen dituzten ikus-entzunezko zenbait pieza ikusteko. Artista horiek darabilten mundua ezagutzen dugu, geurea da, eta, horregatik, gauza ezagun asko aurkituko ditugu, elkarrekin ditugun pentsamoldeak ere bai, eta, pentsaera bat, gogoeta bat edota gure munduari irudi bat emateko proposamenak inorengan txertatzeko irribarrea erabiltzen duten era bateko eta besteko estrategietan konplizitatea.

Berria  Erakusketaren bideoa  Katalogoa  Irribarrearen segada erakusketaren hainbat berri (Liburutegiaren katalogoa)

Inaugurazio programa  Hitzaldia: Enrique Martínez Goikoetxea  Zinema: The General  Zinema: Amanece que no es poco  Zinema: Sleeper  Zinema: Life of Brian 

Artistak gurean: Roscubas anaiak  Artistak gurean: Begoña Usaola  Artistak gurean: Maider López  Artistak gurean: Carlos Aires 

Dokumentuak: Prentsa oharra  Artisten eta lanen zerrenda  Gonbidapena  Afixa

Ekoizlea eta laguntzaileak

Irudi sorta

Artium gizarte-sareetan

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand