Denbora eta premia (Guernica). José Ramón Amondarain

Hasiera: Ostirala, 2012(e)ko Martxoaren 30a

Amaiera: Igandea, 2012(e)ko Irailaren 02a

Lekua: Hegoa Aretoa

José Ramon Amondarrain artistaren Denbora eta Premia (Guernica) proiektua irudikapenaren mugen inguruko ikerketa sakon baten emaitza da.

Liburuxka Prentsa oharra

José Ramon Amondarain artistaren Denbora eta Premia (Guernica) proiektua irudikapenaren mugen inguruko ikerketa sakon baten emaitza da. Urgencia (Premia) izeneko instalazio batek eta 8 argazkiren 1:1 eskalan gouache teknikarekin egindako erreprodukzioak osatzen dute proiektua.

Urgencia (Guernica-ren anagrama) tamaina handiko 8 oihalek osatutako instalazioa da, arteari, eta haren muga eta eginkizunei buruzko saiakera anizkuna, duela 75 urte egindako lauki enblematikoaren –Picassoren Guernica-ren– irudikapenaren bidez. Proposamen honekin J. R. Amondarainek eta ARTIUMek lanaren prozesua aletu nahi izan dute, haren ikono balioa aztertu eta gaur egun duen hedaduraren inguruan gogoeta egin.

Erakusketa, Gernikaren bonbardaketaren eta Pablo Picassok lan bikain hau egitearen 75. urteurrena betetzearekin batera egingo da. Izan ere, gertakizun hark eragin zion –eta baita Europako eta mundu osoko herri iritziari ere– gaitziduraren ondorioz eman zion bere lanari sarraskitutako herriaren izena. Gaur egun mito bihurtu den margolana, denboragabetasunaren edota, hobeto esanda, etengabeko denborazkotasunaren –denbora errealaren barruan edota haren aldamenean– adibide da, eta arteari era askotako ikuspuntutatik –gizartea, ekonomia, kultura, politika, gogoetabidea, ikonoak...– ematen zaion arretaren mamitzea.

Gaur egun donostiar artistak jarraitu duen prozesuaren antzeko bidea eginez, Guernica premiazko egoera batean egin zen eta oso denbora jakinean, gerra zibila bete-betean zegoela. Espainiar Errepublikaren gobernuak 1937. urtearen hasieran Picassori egindako mandatuaren emaitza da, Parisko Nazioarteko Erakusketako bere pabiloirako. Dora Maar argazkilariak egikeraren prozesua dokumentatu zuen eta gaur, J. R. Amondarainek argazki haiek erabili ditu bere lana burutzeko.

Erakusketa
Mimesia, kopia eta jatorrizkoa funtsezko kontzeptuak dira erakusketa honetan. Amondarainen lanak margolanaren denborazkotasunera garamatza, etapa eta gauzatze batzuen eta besteen bidez haren inguruan birpentsaraztzeko. Lan honetan, denbora luzatu egiten du artistak, gogoan izan behar da 1937an Picassok hilabete inguruan burutu zuela lana eta horrenbestez, haren bat-bateko prozesu mentalak halako kamera geldian erabili dira eta Amondarainek bere bat-bateko prozesu mentaletan aztertu, digeritu eta bere gain hartu ditu, denborarik gabeko segida bizi batean sarrarazten gaituen sortze-begizta batean.

Irudikapenen eta erreprodukzioen joko bat sortzen da; margolan bati argazkiak egin zaizkio eta argazki horiek, gaur egun, margotu egin dira, bi dimentsio bilduz: argazkian agertzen den margolana eta argazkia bera. Bestearena denaz jabetze honen bidez, egite-prozesua aletzen da, lanaren ikono balioa eta esanahia aztertzen dira, haren etengabeko gaurkotasuna egiaztatuz eta gogoetabide antifetixista eta aurazkoen paradoxak nabarmenduz, hala eskatzen baitu arteak bere buruaz eta egungoa bezalako gizarte batean duen eginkizunaz planteatzen duen eztabaidak.

Erakusketa kronologikoki erakusteko diseinatu da, lehen zirriborrotik hasi eta azken aurkezpeneraino. Bilakaera horren pausoak batzuk besteetatik bereizirik kokatu dira, horrela bisitariak bata bestearen ondoren aurkituko ditu zortzi oihalak, bere denboraren eta zentzumenen esperientziarekin jolastuz, eta jatorrizko tamaina izango duen margolanaren egite-prozesuaren barruan sartuko da, hala intelektualki nola emozionalki. Ibilbidearen bukaeran lan amaitua, gaur ezagutzen duguna, egongo da ikusgai, beste teknika bat erabiliz Dora Maar-en jatorrizko argazkiak erreproduzitzen dituzten 8 gouacheak lagun dituela. Bide horretan, bakoitzak bere esperientzia biziko du, baina prozesuarekiko topaketan, geruzak bata bestearen gainean jarriz doazela, igarotako denboraren, eta margolanaren inguruko galdera eta gogoeten bidez, historiak estali duen esanahi ugarien errezela kendu izango dio, neurri handi batean.

Proiektu honen eta Picassoren Guernicaren arteko beste lotura nagusietako bat, biak egin diren asalduzko unearen garrantzia da –une erabakigarriak inondik ere–, eta kulturak eta arteak bietan (izan) duten eginkizuna. Ez dirudi gehiegi esatea denik gizartearen eta ekonomiaren egungo egoera ezin eutsizkoa dela, derrigor aldaketa bat eskatzen duena, sistemaren krisiak eragina, jarrerak eta intransigentzia erradikalizatzeko arriskua areagotuko duena. Berriro arnasa hartzen ikasi beharko dugun eremua.

Denbora eta premia (Guernica) ARTIUM Bildumaren proiektua da.

Denbora eta premia (Guernica). José Ramón Amondarain
Inaugurazioa: 2012ko martxoaren 30ean, 20.00etan
Hegoa Aretoa, 2012ko martxoaren 30etik irailaren 2 arte
Komisarioa: Daniel Castillejo
ARTIUM Bildumaren proiektua
Ekoizlea: ARTIUM (Vitoria-Gasteiz)
Babesleak: Arabako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Euskadi 2012, Vitoria-gasteizko Udala, El Correo, Inmomyn

Artium gizarte-sareetan

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand