Jaime Davidovich. Jaten ematen dizun eskuari hozka

Hasiera: Larunbata, 2010(e)ko Urriaren 02a

Amaiera: Igandea, 2011(e)ko Urtarrilaren 09a

Lekua: Iparra aretoan

Jaime Davidovich artista multidisziplinarioa da, artea telebistara eramaten aitzindaria.

«Hogei urte barru mila telebista kanal izango ditugu, eta ikusteko, ezer ez». Jaime Davidovich, 1982

Jaten ematen dizun eskuari hozka erakusketaren muina Jaime Davidovich-en (Buenos Aires, 1936) lana da, zehatzago esanda, 1968 eta 1984 bitarteko haren ekoizpen artistikoa, margolanetatik hasi, bideoarekin egindako lan esperimentalak tarteko, eta telebistaren sortzeko ahalmena aurkitu arterainokoa (New York hiriko kable bidezko sarbide publikoko sisteman) bidaia gisa ikusia.
Kontakizun hau guztia espazio eta denbora oso zehatzetan kokatzen da, erakusketaren nondik norakoa ulertzeko funtsezkoak: New Yorkeko SoHo auzoan eta hirurogeien amaieratik laurogeien hasieraraino. Inguruabar horiek taxutuko dute artistaren ibilbidea.
Hirurogeien bukaeran Davidovich-en margolanak Tape projects direlakoetan gauzatu ziren: azalerak dira, baina baita ageriko tokietan, kalean nahiz museo eta galerietan, xingola itsaskorra erabiliz egindako esku-hartzeak ere.
Hirurogeita hamarren hasieran bideoak egiten hasi zen. Bere lana kontzeptuala zen, eta euskarri berriarekin esperimentatzeko asmoa zuen, abangoardiaren ildotik. Bideo-artearen lehendabiziko urteak dira.
1976an Davidovich-ek Cable SoHo sortzen lagundu zuen. Urtebete geroago Artist Television Network (A.T.N.) sortu zuen, esperimentatzeko eta telebista irekia eta artea zabaltzeko gai izango zena egiteko asmoz.
SoHo Television, kable bidezko sarbide publikoko telebistarako proiektua izan zen, Manhattan-en. Bere programa 1984. urtea arte luzatu zen eta, besteak beste, bideo-artea landu zuen. Han ikusi ziren inoiz egin diren lehendabiziko musika-bideoak, eta baita Laurie Anderson, John Cage, Vito Acconci eta beste artista batzuen saioak eta haiei egindako elkarrizketak ere. Erakusketan, Davidovich ekoizle betearazle izan zen programa horietako batzuk daude ikusgai.
1979 eta 1984 bitartean, Jaime Davidovich-ek The Live! Show egin zuen, astean behingo telebista saioa, askotariko magazine baten formatua erabiliz. Telebistaren eredu formala eta abangoardiako gertakizunak elkartzeko gai zen saio honek, satira politikoa, artearen munduarekiko begirada ironikoa eta gizarteari buruzko gaiak biltzen zituen, gainera, eta ordura arte inoiz egin gabeko zerbait lortu zuen, hots, artea telebistan sartzea. The Live! Show sorkari berezia zen, telebistako esperimentu artistikoa, arteari buruzko telebista saio huts bat baino askoz gehiago.
Jaime Davidovich, berak sortutako Videovich sendagilearen pertsonaiarekin, telebista alternatiboaren aitzindaria da. Kontsultan dioen eran, «gure telebista-mendetasunetik sendatzeko etorri dena».

Prentsa oharra Liburuxka Argitalpena

Katalogoa: erakusketaren irudiak (separata)

Jaime Davidovich-ekin erakusketa bisitatzeko


Jaime Davidovich. Jaten ematen dizun eskuari hozka
Iparra aretoa, 2010eko urriaren 2tik 2011ko urtarrilaren 9ra.
Komisarioa: Arturo/Fito Rodríguez. Ekoizlea: ARTIUM (Vitoria-Gasteiz). Babeslea: Naturgas Energia.
Erakusketaren katalogoa. Testuen egileak: Rodrigo Alonso, Eugeni Bonet, Leah Churner eta Herman Rapaport.
Jarduerak: Jaime Davidovichen eta Berta Sichelen arteko elkarrizketa, urriaren 2an, larunbata; zinema zikloa, Artea-Telebista, urriaren 8tik 16ra; telebista esperimentaleko lantegia Neokinok.tv-rekin, azaroaren 5etik 7ra.


This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand