Iñigo Royo. Beti barrez dagoena

Hasiera: Osteguna, 2016(e)ko Ekainaren 16a

Amaiera: Larunbata, 2016(e)ko Urriaren 29a

«Orduan ulertu nuen bi hitz magikoak aurkituak nituela: anabasa eta barrea. Baneukan erakusketaren gaia. (...) Elkarrekin bizitzearen ondorioz osatzen dugun anabasa ergelaz. Hori ikustean, adimen arrunteko edonori aurpegian sortzen zaion barre saminaz».

Lainotuta argitu zuen goiz hura ere, negu hartako ia guztiak bezala. Ez naiz oroitzen zer egin nuen, eta ezta zergatik jaiki nintzen ere ohetik ordu batzuk lehenago. Arratsaldean, Dani Castillejoren deia jaso ondoren (labur-labur, zera galdetu zidan, «erakusketa bat egin nahi al duzu Artiumen?», eta, jarraian, nire erantzuna ez baitzen, antza, behar bezain beroa izan, «nahi ez baduzu ez, e?») hodeiak loditu eta euria hasi zuen. Baita nire buruan ere, zeinari galdetzen bainion, «zer egingo dut», edota horrek baino gehiago kezkatzen ninduen beste hura, «zer espero dute nik egitea?». Ikusten duzue, bost minutu lehenago izaterik ez zuen zalantza baten mende mengoen. 

Eta hor jarraitu du zalantza horrek, temati, denborak aurrera egin arren eta proiektua, itxuraz, gauzatuz doan arren. Beraz, mamutxoak uxatzen saiatu naiz han eta hemen txalo joz eta bazterretan zarata eginez (Nire bizilagun Totoro pelikulako neskatoek erakutsi ziguten bezala), ea alde egiten duten; eta «ahal dudana egingo dut» gogotsu baina desegoki eta iruzurrezkoaren eremuan kokatuz joan naiz. Oso noizean behin, une iheskor eta zorionekoren batean soilik, iruditzen zait zerbaitetan asmatu dudala, «egin beharrekoa» egiten ari naizela.     

Mamutxo horiek uxatzeko hasi nintzen testu hau idazten, eta galdera bat egin nion nire buruari «Zuk zer kontatu nahi diozu jendeari?». Lotsa pixka bat duenarentzat erantzuna argitaratzeko modukoa ez baitzen, itzulinguruka hasi nintzen. «Laurogeiko hamarraldiko Suediako pornografiaren idiosinkrasia bereziaz hitz egitea interesatzen al zaizu, esate baterako, edota gaurkotasun handiko beste gai batzuez, hala nola aireko katastrofeen ondoren telebista kateetan agertzen diren psikologoen lan noble, atsegin, laudagarri eta goresgarriaz?». «Bai, zergatik ez?». Eta, ondoren, zera esaten nion nire buruari: «Ez, era zuzenagoan heldu behar diot mamiari». 

Irakurri gehiago

Zein da, ordea, «mamiari heltzeko» bidea? Aspaldi honetan oso boladan daude ondokoen tankerakoak: «erakusketa honekin gogoeta eginarazi nahi zaio ikusleari zerari buruz…», eta, horren ondoren, kontzientziatu beharreko auzi potoloren bat. Jakina, ustezko baliagarritasunaren nozioa edozeri ezarria: herria hezi behar da. Asko entzuten dira orain «elkarbizitzarako kultura» eta horrelakoak, eta kakagureaegitenzaiobatiaizu… Baina, erakusketa honetan, gai bakar bat ez baina asko baleude, edota bakar bat ere ez –gauza bera baita–, eta, bertan, nolabait,

Suediako pornografia, eta aireko katastrofeen ondoren psikologoek egiten duten lan noble, atsegin, laudagarri eta goresgarria, eta erregearen hitzaldiak, eta lukainka-ogitartekoak, eta zuri zera esateko beharra…, eta Ikeako iragarkiak, eta zeretako zalantza…, eta, inondik ere, hain ohikoa den adituaren paperetik zerbaiti buruzko iritzia emateko batere gogorik gabe, eta…

«Tira, hori zarata da, eta isiltasuna da», pentsatu nuen nirekiko. 

«Lasai, gizona», esan nuen nire artean. «Egizu kontzientzia-azterketa eta peka itzazu zure bekatuak». Zerbait esan zuen. Baina, eskarmentu faltagatik eta kontzientzia famatu hori omen dagoen gela aurkitzen ez nuelako, azken horretan berealdiko porrota izan ondoren, Samuel Beckett bedeinkatua ikusi nuen, zimurrez betetako aihen-aurpegiarekin beste mundutik laguntzera baitzetorkidan eta belarrira bere esaldi ezaguna xuxurlatu baitzidan: «trouver une forme qui exprime le gâchis, telle est maintenant la tâche de l’artiste» (hark gaztelaniaz esan zidan, baina nik frantsesez aldatu dut hemen, finago geratzen baita, eta orain gutxi gorabeherako itzulpen bat egingo dut, hizkuntzaren bat lardaskatzeko ere gai naizela erakusteko: ‘anabasa irudikatzeko modu bat aurkitzea, hori da gaur egun artistaren eginkizuna’). Eta oroitu nintzen Samuel Beckett-en Molloy lehendabiziko aldiz irakurri nuenean oso liburu tragikoa iruditu zitzaidala, eta bigarren aldiz irakurri nuenean, berriz, barrez lehertu nintzela…

Orduan ulertu nuen bi hitz magikoak aurkituak nituela: anabasa eta barrea. Baneukan erakusketaren gaia. (Irakur bedi azken esaldia Wagner-en operaren bat ozenki entzun bitartean). 

Egia da ondorio horretara iristeko ez zegoela asko nekatu beharrik, baina ez zakizkidate hain zorrotzak izan, bakoitzak du bere prozesua, orain esan ohi den bezala; eta pertsona orok eskubidea du haren prozesuak errespeta daitezen. Hori ulertu nion behintzat telebistan oso serio hitz totelka ikusi nuen pedagogo bati. 

Monterroso handiak zioen hiru gai besterik ez dagoela: maitasuna, heriotza eta euliak. Anabasa adierazteko modu bikaina. Izan ere, asko jartzen dira serio, baina gero ahaztu egiten zaizkie euliak. Horregatik, ez dago ezer ulertzerik, ez maitasunaz eta ez heriotzaz. Are gutxiago euliez, eta horrek axola du. Zera ez dut ulertzen: zergatik sartu dut hemen Monterroso (goian bego)? Eskerrik asko. Gainerakoa isiltasuna da. Ez dio axola. 

Anabasarekin eta barrearekin ari nintzen. Elkarrekin bizitzearen ondorioz osatzen dugun anabasa ergelaz. Hori ikustean, adimen arrunteko edonori aurpegian sortzen zaion barre saminaz. Badakit «kaos» hitza «anabasa» baino jasoagoa dela, eta «barre» esan ordez, agian, «umore» erabili ahal izango nuela…, baina ez didazue ukatuko «barrearen anabasa»-ren eta «kaosaren umorea»-ren artean ez dagoela alderik. Askoz hobea da lehendabizikoa. Egokiagoa eta hainbesteko handikeriarik gabea.  

Lasaitasuna etorri zen horren ondoren (gehiegikeriarik gabe), eta une honetan eskuen artean izango duzun katalogo honek dakarrena.

Ez dakit garbi zergatik, baina proiektua ontzeko prozesuan Luis Buñuel agertu zen halako batean. Lehen begiratuan pentsa liteke Buñuelek ez duela barrearekin zerikusi handirik (anabasarekin bai, ordea), baina ongi begiratuz gero uste hori ustela da, haren pelikulak ez baitira, azken batean, espainiar belztasunaren tradizioan errotutako gag tragikomikoen segida bat besterik. 

Haren oroitzapenak irakurri izanak, pelikula batzuk berrikusi izanak eta haren bizi-jarrera gure munduaren hustubidean azukre koskor baten antzera urtu dela jakiteak (horrela zioen Rafael Chirbes-en nobela bateko pertsonaiak: «gizakion bizitza xahutze hutsa da, zerbait badakizula uste orduko hil egiten zara, eta atzetik datozenak hutsetik hasten dira berriz ere») eraman izango nau erakusketa haren presentziak sotilki kutsatuta egon dadin nahi izatera. 

Hau da dena, oraingoz. Barkatu eta eskerrik asko.

Inaugurazio-programa  Prentsa oharra 

Lan zerrenda  Liburuxkaren testua  Iñigo Royo-ren web gunea 

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand