Grey Flag 2014-2016. Elkarrekin

Hasiera: Astelehena, 2014(e)ko Martxoaren 17a

Amaiera: Igandea, 2015(e)ko Maiatzaren 31a

Lekua: Artiumeko Ekialdeko horman

Bost pankarta gure erkideekin harremanak izateko sortu diren modu berriei buruzko pensatseko

Arteak eduki zehatz batzuk elkarrekin lotzeko, isolatzeko, aztertzeko eta doitzeko, eta gure errealitatearen ezohiko irakurketak egiteko duen gaitasuna erakusteko beharra abiapuntu harturik, 2014. urtean sei pankartak osatuko dute Grey Flag programa, eta gaia, gure erkideekin harremanak izateko sortu diren modu berriak izango da.

Duela gutxi mundu osoko milaka herritarrek bizi izan dituzten esperientziek —egoera politiko zehatzak alde bat utzita— elkarrekiko bizitza eta «herritar» kontzeptua ulertzeko modua aldatu dute, konplizitatea eta gizarte-dinamika berriak sortzea ahalbidetuz. Irudien, testuen eta txerazko parte-hartzearen bidez gizartea antolatzeko modu berrien eta elkarrekiko esparru bat egiteko saioaren inguruan gogoeta egiten duten proposamenei jaramon egingo zaie, ezagutzen genuena gero eta muga nahasiagoak dituzten eta gero eta eskrupulurik gabeagoak diren politika batek eta ekonomia batek lausotu dituen garai honetan.

Babeslea: Mario Legorburu

Komisarioa: Enrique Martínez Goikoetxea

 

Carlos Irijalba (Iruñea, 1979). Trantsizio-egoerak

Carlos Irijalbak giza-eskalaren eta beste dinamika batzuen arteko harremana aztertzen du bere lanean, kulturarekiko halako eszeptizismo bat nabari zaiola. Trantsizio-egoerak margolanerako erabili duen irudia Antropozenoan aditua den EHUko unibertsitateko irakasle baten bulegoan hartutakoa da. Bertan dokumentuen geruzatze bat ikusten da, gizakia bere buruaz gogoeta egiten ari den une batean. Gizakia lurraldearen eta paisaiaren aldaketaren eragile garrantzitsuena den garaia hartzen du Antropozenoak, eta hasiera industria-aroaren abiapuntuan kokatzen da. Hala ere esan behar da izen hori ez dutela geologian diharduten guztiek onartzen.

Lan honen bidez egileak ohartarazten digu jalkitze- edota mineralen kristaltze-prozesuak antzekotasunak izan ditzakeela hizkuntza bat gizarte-ehunean sartzen den moduarekin. Orain gutxi kaleratutako argitalpen batean, Irijalbak gogoeta egiten zuen nola botere-egiturek orden atomiko egonkor bat duen mineral baten portaera bera duten, irauteko eratu baitira. Kontrara, sumendi-arkaitz baten egiturak, desberdina eta porotsua, iraultza baten antza du. M-15ak edota duela gutxiko gizarte-matxinadek forma zehatzik ez dutela diogunean, irakidura hori oso denbora laburrean presioa eta tenperatura erabat aldatzera behartutako gertakizunak izatearen ondorioa da.

Ikus lana
Horman zintzilik

 

Sandra Gamarra (Lima, Peru, 1972)

Bandera hau ez da erkidego baten bandera, erkidego egiteko bandera bat baizik. Beraz, ez da egiuneen arabera bateratzen duen bandera bat, aitzitik, bereizten gaituenagatik elkartzen eta adiskidetzen gaitu. Beste batzuenak lirudiketen, baina horrexegatik beragatik, guztionak diren arazoengatik. «Talderik gabeko» guztionak. Soberan daudenen bandera.

Balirudike soberan daudenak beste batzuk direla, baina berez, gutako edozein egon daiteke soberan edozein unetan, kupoaren araberako kontu bat da, eta ez erabaki baten araberakoa.

Bandera hau erkidegoaz mintzo da, baina bait erkidego hau osatzen dutenez ere, hots, norbanakoez. Demokrazian gertatzen den bezala, oreka hauskor bat dago norbanakoaren eta erkidegoaren artean. Bietako batek huts egiten duenean, oreka hausten da.

Norbanakorik gabeko erkidego batez aritzea, eta erkidegorik gabeko norbakanoez aritzea demokrazian sarritan egiten den hutsegite bat da.

Horregatik, bandera honek norbanakoaren eta erkidegoaren arteko tenka aldarrikatzen du. Lau izkinetako irudiek greziar gurutze bat osatzen dute, beso berdin eta erabat simetrikoak dituena, elkarbizitzaren oinarria izan beharko lukeen oreka hura gogorarazteko.

Ikus lana
Horman zintzilik

 

Javier Arce (Santander, 1973). Berriz hezitzea

Javier Arcek bere lanean beti jarri izan du zalantzan arteak gizartearen barruan duen eginkizuna eta eremu horretan egiten zaion harrera, aldi berean, ezagutzeko tresna, ikuskizun eta gizarte-estatusaren islada izateko duen gaitasuna aztertuz. Jarrera hori abiapuntu duela, egungo proposamenetan munduan egoteko eta kokatzeko modu bat erakusten du.

Grey Flagerako aurkeztu duen lana bere bizipenetan oinarrituta dago. Izan ere, bizi den txabolaren jatorrizko ate zaharra hartu, bertan irudi bat zizelkatu —inguruko paisaia bat— eta, gero, inprimatzeko teknika oinarri-oinarrizkoa erabiliz —zura tintaz igurtzi eta haren gainean ezarritako papera koilara batekin zapaltzea— irudi bat sortu du.

Horrela lortutako irudiak, prozesuak eta artistak planteatzen duen testuak toki bat iradokitzen dute gure irudimenean, gure izatea berresten duen jarrera bat, eta handik abiatuta berriz ere taldean bizitzeko esperimentua egiten saia gaitezke.

Ikus lana
Horman zintzilik

 

Ixone Sadaba (Bilbo, 1977). Izenik gabe

Grey Flag IxoneSadaba fachada minIxone Sadaba Bilbon eta Londresen bizi eta lanean ari da. Argazkigintzaren, muntaduren eta 'performance'aren bidez aritzen da subjektuaren mugak eta gizakiaren izaera erasotzailea etengabe aztertzen. Norbanakoaren mugak aztertzen ditu, bai eta identitate eta entitate kontzeptuek sortzen dituzten tentsioak ere. Bere gorputza zaio ohiko erreferentziabidea.

Grey Flag programarentzat eginiko proposamen honetan, artistak, irudikapen espazioa erakusten du, leku intimo bat, bere larru berea, norbanakoa bilutsik, samur, ageri den testuinguru batean. Testua irakurgarria izanik ere, egitura gabekoa da eta zenbait alderdiren gaineko gogoeta edo eskaintzen digu. Alderdi horietako bat, eskasiaren onartu beharra litzateke, espazio komun bat eraikitzerakoan, mundu bat eraiki beharra denean. Beste maila batean, erraietako barne behar bat, mundu edo espazio hori adierazteko, komunikatzeko, kanpora ateratzeko.

Horman zintzilik

 

Regina de Miguel (Málaga, 1977). Dark Matter

Grey Flag ReginadeMiguel fachada minRegina de Miguel artistaren lana ezagutza objektiboaren, iruditeria teknologikoaren eta kontzientzia ideal eta kritikoa osatzeko graduen arteko loturen gainean aritzen da. Harremanen aldiberekotasunaren bidez lantzen ditu zenbait gai, hala nola desioaren eraikitzea eta zentzuaren krisia; horiekin sortzen dituen irudiak mapa fisikoen antzekoak dira, eskema eta kartografien antzekoak, eta horien bitartez teoriza daiteke, ezagutza komun batetan iker daiteke.

Dark Matter piezan, zirkuluak, unibertsoan diren energia eta materia ilunaren banaketa erakusten digu, ehunekoetan. Zatiketa txikiena, gaur egun ditugun parametro eta teknologiekin hauteman dezakeguna adierazten du, uler dezakeguna, neurtu edo har dezakeguna. Gainerakoa, Terra Incognita berria litzaiguke; eremu ezezagun berri gisa zaigu azaltzen. Gogoetarako espazioa, algoritmo matematikoen bidez eta simulazioen bidez baizik hel ez dezakegun espazioa litzateke.

Aukera horrek kontzientzia zaharren deskolonizazioa eskatzen du, modernitatearen kolapsoa gertatu ondoren eta desio utopikoa ezeztatua izan ondoren sortu ziren kontzientzia zaharren deskolonizatzea. Pentsamolde nagusiaren ardatzen lekualdatze bat, etorkizuna beste ikuspuntu batetik ikustera eta bere barnean hartzen gaituen espazio subjektibo bat sortzera behartzen duena, espazio horretatik, balio absolutuzko egi kontzeptuari aurre egin diezaiogun.

Horman zintzilik

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand