Jon Mikel Euba. K.Y.D. Kill´em all

Hasiera: Osteguna, 2002(e)ko Abenduaren 12a

Amaiera: Asteartea, 2003(e)ko Irailaren 02a

Lekua: Ekialde Goikoa aretoa

K.Y.D. Kill´em all da Bilboko artistak Arabako ARTIUMen aurkezten duen erakusketaren izenburua. Argazki sorta batek –Gora eta Buruz Bera– eta bi bideo-instalaziok –Amobil eta K.Y.D. Kill´em all– osatzen dute erakusketa hau, biak 2002koak.

K.Y.D. Kill´em all da Bilboko artistak Arabako ARTIUMen aurkezten duen erakusketaren izenburua. Argazki sorta batek –Gora eta Buruz Bera– eta bi bideo-instalaziok –Amobil eta K.Y.D. Kill´em all– osatzen dute erakusketa hau, biak 2002koak.

.Jon Mikel Euba (Amorebieta, 1967) beren inguruarekiko konpromiso estua duten artista-belaunaldi batekoa da, eta bere lanek zerikusi handia dute Euskadiren egoera politiko, sozial eta kulturalarekin. Mural handiak egin dituen margolaria da eta teknikari dagokionez, argazkigintzari aplikaturiko teknologia berriak eta digitalki manipulatutako bideoa dira bere lan berrienen ezaugarriak.

Jon Mikelen bideoak, Renoir, Warhol edota Passolini bezalako zinemagileen erreferentziaz beterik daude. Artista bera zinemazale irudiarekin idenfikatzen ez den arren, ezin da ukatu zinema ezinbestekoa dela bere obran, hortik ateratzen baitu bere lanerako materialaren zati bat. Ekintza konkretu baten egoerak eta sekuentziak, non bai baitirudi zerbait gertatu dela edota gertatzear dagoela, behin eta berriz errepikatzen dira Eubaren bideoetan. Irudi sinple eta soilek, giro misteriotsu eta kezkagarria, anbiguoa eta batzuetan are itogarria sortzen dute. Suspensea errege den eszenatoki horiei, artistak elementu asaldatzaileak gehitu ohi dizkie –gizaki mozorrotuak, lo nahiz hilik egon daitezkeen gorputz etzanak– kontestutik kanpo egon arren, modu sotilean euskal inguruan bizi den terrorismoaren indarkeria gogorarazten dutenak.

Amobil-en, ARTIUMen aurkeztutako bideo-instalazioetako batean autoaren barruko espazioa eta ekintzaren eta mugimenduaren esperientzia biltzen dira. Amobil bi hitzen, Amorebieta eta Bilbo-ren laburpena da, eta bi iruditan banaturik aurkezten da: batean autoaren barrualdea ikusten da gidatzailearen aldetik begiratuta, eta bestean kopilotuaren aldetik begiratuta. Autoa puntu batetik bestera (Amorebietatik Bilbora) abiadura bizian doala egiten duen ibilbidean biltzen da ekintza. Autoaren kristaletako pintadek ez dute uzten kanpoa ikusten, eta beraz, ez dago jakiterik autoa norantz doan. Eszena bi planotan banatzeak, barruko estutasun klaustrofobikoak eta autoaren mugimendu zakar eta azeleratuak giro itogarri eta frenetikoa sortzen dute, eta agian delitu bat egin duten pertsonaia klandestino batzuen ihesaldi eroa dakarte gogora.

K.Y.D. Kill´em all bideo-instalazioak hiru bideo aurkezten ditu, elkarrengandik independienteak izan arren, elkarren artean harreman konplexua dutenak. Obrari izena ematen dioten K.Y.D. inizialak William Faulkner-en aipamen batetik datoz “Kill your Darlings” [Hil itzazu zure kutunak Ingmar Bergman zinemagile suediarrak erabili ohi zuen, esanez, proiektu berri bati egiterakoan, garrantzitsuena aurrekoen oroimena deuseztatzea dela. Artistak esaldi horri heltzen dio berriz ere, bere kasuan, aurretik egindako piezen irtenbide eta baliabide teknikoak alde batera uzteko. Oraingo honetan, bideo-instalazio honen erreferentzia zinematografikoak oso zehatzak dira: Jean Renoir-en The River, Alfred Hitchcock-en Trouble with Harry eta Andy Warhol-en Harlot.

Lehen bideoaren izenburua, K.Y.D. NAPPING, haur-bahiketaren eta siestaren arteko hitz-joko bat da, gutxi gorabehera, eta bertan, egoera ia estatiko bat ageri da, non pertsonaien esku-hartze fisikoa minimoa den. Auto baten barruan lo nahiz hilik egon daitezkeen gazte talde bat erakusten da. Eszena horretan geldirik dauden gazteen inguruan norbait dabilela sumatzen da, eta mugitzen ez diren gazteetako baten magalean dagoen katu baten mugimenduek nabarmentzen dute presentzia hori. Ikuslea, dagoeneko gertatu den edota gertatzear dagoen zerbaiten zain dago.

K.Y.D., bigarren bideoan, egoera aldatu egiten da, ekintza gehitzen baitzaio aurpegia inoiz ikusten ez zaien bi pertsonaia anonimoren bidez. Pertsonaia horiek ibilgailuaren barrutik gorputzak atera eta manipulatu egiten dituzte, autoaren inguruko puntu desberdinetan kokatuz. Nahasmena areagotu egiten da pertsonaia horiek ustezko hildakoen sakelak miatzen hasten direnean.

Azkenik, KONTUZ KYD hirugarren bideoan lehendabiziko bideoaren antzeko eszena bat ikusten da, baina oraingoan ekintza gauez gertatzen da. Testuingurua eta, beraz, obraren pertzepzioa aldatu egiten dira, gaueko iluntasunak giro guztiz bestelakoa sortzen baitu. Pertsonaia batek oso argi bizia jaurtitzen duen foko batez argitzen ditu gorputz ezanak, teatraltasun handiko kontraste bortitzak lortuz, Caravaggioren edota Zurbaranen konposizio tenebristak, eta are Barrokoko natura hilak gogorarazten dizkigutenak. Artistak, ordea, ez ditu erreferentzia artistiko horiek kontuan izan efektu horiek asmatu eta lortzerakoan. Gerora eta berez sortutako emaitza da.

Gora eta Buruz Bera, bi argazki-lan dira, bata hiru argazkik osatua eta bestea lau argazkik osatua. Erakusketa biribiltzen dute eta ohiko kontestutik kanpo egiten den irudien eta/edo hitzen erabilera analizatzeko eta horretaz gogoeta egiteko artistak duen interesa nabarmentzen dute.

Jon Mikel Euba izan da Frankfurt-eko Manifesta 4-n parte hartzeko aukeratua izan den artistetako bat. Duela gutxi Gure Artea 2002 saria jaso du K.Y.D. lanagatik eta Frantziako Arte Plastikoen Altadis Saria; azken horren bidez, gainera, Actes Sud bilduman sartu da.

Eubaren lanak honako bildumetan aurki daitezke, besteak beste: Kultura Ministerioaren Madrileko Gaztediaren Institutuan, Eusko Jaurlaritzan, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundietan, Salamancako Unibertsitatean, Banco Central Hispanoamericano-n, eta abar.

Erakusketa hau arabako ARTIUM-ek eta Bartzelonako Fundació Antoni Tapies-ek ekoiztu dute elkarlanean.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand