Gauzen egoera

Hasiera: Azteazkena, 2005(e)ko Otsailaren 02a

Amaiera: Igandea, 2005(e)ko Maiatzaren 22a

Lekua: Iparra Aretoa

Gauzen egoera erakusketak ibilbide bat proposatzen du nazioarteko arte garaikidearen bilakaeran zehar 1960ko hamarkadaren hasieratik

Frantziako hamazazpi FRAC-etako (Fonds Régionaux d'Art Contemporain) funtsetako sorta baten bidez, Gauzen egoera erakusketak ibilbide bat proposatzen du nazioarteko arte garaikidearen bilakaeran zehar 1960ko hamarkadaren hasieratik –orduan integratzen baita eguneroko objektua artearen diskurtsoan– gaur egunera arte. Hala, “objektuak” bere forma eta egoera guztietan artean duen estatusa planteatu eta analizatu da, mugimendu artistiko batzuetan eta besteetan zehar.

Analizatzeko metodo honetatik –objektuen halako zeharkako ebaketatik– abiatuta, objektuak ikuspegi garaikidearen isla bilakatzen dira gure begien aurrean. Batzuetan inguru hurbilaren esperientziaz mintzo zaizkigu, edota beraien eta beren sortzaileen indibidualtasuna aldarrikatzen dute; edota beren eginkizunari eta kontsumo-gizartean duten eraginari buruz gogoeta eginarazten digute; edota artelanaren hutsaltasuna, artearen eta diseinuaren arteko mugak eta abar planteatzen dute; edota beren iragan hurbilaren, beren jatorrien metafora, sinbolo, aztarna bilakatzen dira. Laburbilduz, egungo artea hobeto ulertzeko bide gisa funtzionatzen dute.

Gauzen egoera-ren protagonista objektua da. Objektua bere egoera guztietan, 1960ko hamarkadan pop art-ekin eta errealista berriekin goratu zenetik gaur arte. Marcel Duchamp bere Boîte en valise-rekin, miniaturazko 83 pieza berregiten dituen lana, zeremonia-maisu dela. Ready-made delakoaren asmatzaileak 1917an, dagoeneko, pixatoki bat “artelan” kategoriara jaso zuen, erakusketa batean Fontaine [Iturria] izenburupean aurkeztuz. Egunero erabiltzen den objektu bat, artistaren erabakiz, testuingurutik atera eta idulki baten gainean jarrita, arte-objektu izatera igaro zen. Ekintza horren ondorioa probokaziotik harago joan zen eta artearen eta bere lanaren kontzeptu berri baten oinarriak jarri zituen –gaur egun oraindik ere indarrean daudenak–, zeinaren arabera ideia gauzatzearen gainetik dagoen.

Berrogei urtez bildu, konprimitu, asmatu, berreskuratu, egin, desegin eta artistei bururatu zaizkien fase guztietatik igarotako objektuak. Fluxus-ek bere eginkizunetik desbideratutako eguneroko objektuak edota Boltanskik oroimenez hornituak; kontsumo gizartean erabili ondoren baztertuak eta eskultura ingeles berriak berriro asmatuak; Bertrand Lavier-ek edota John Armleder-ek beren eginkizunetik desbideratuak; Claude Closkyk inbentariatuak; Christian Marclayk hedatuak; Daniel Firmanek metatuak; Gabriel Orozcok orkestratuak; eta gainerako objektu utopiko, objektu-makina, objektu-arasa, objektu ziniko guztiak... Artea garaikide denetik egin denaren ikuspegi zabala denboran zehar sakabanatutako erakusketen bidez, erakusketa horietan berehala igarotzen baita gauzatik objektura, objektutik ekoizkinera; etengabe balantzatzen da bataren eta bestearen artean, ironiaren eta zinismoaren artean, kritikaren eta frogapenaren artean, kontrako jarreraren eta lilura estetikoaren artean.

Objektua artelan egitea, arte-objektua eta bere funtzionaltasuna, artea eta kontsumo gizartea, hauei eta beste kuestio askori heltzen zaie Gauzen egoera-n, objektuek arte garaikidearen historian zehar eta beren sortzaileen bidez egin duten bidaia bereziaren erakusketan.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand