Eskuratu berriak, 2003

Hasiera: Azteazkena, 2004(e)ko Otsailaren 04a

Amaiera: Igandea, 2004(e)ko Apirilaren 18a

Lekua: Iparra Aretoa

Erakusketaren muntaketa ibilbide kronologiko baten arabera egin ez baldin bada ere, joan den urtean sartu ziren lanak aldi zabal batean eginak dira, hogeita hamarreko hamarralditik hasi eta 2003. urteraino.

Erakusketaren muntaketa ibilbide kronologiko baten arabera egin ez baldin bada ere, joan den urtean sartu ziren lanak aldi zabal batean eginak dira, hogeita hamarreko hamarralditik hasi eta 2003. urteraino. Zaharrenen artean, XIX. mendearen bukaeraren eta XX. mendearen hasieraren inguruan jaiotako artista multzo baten piezak daude. Jose Gutiérrez Solana-ren begirada erdiragarriak, Antonio López Torres-en paisaia idorrak, Eugenio Granell-en surrealismo pertsonalak, edota Nicolás Martínez Ortiz de Zárate-ren kubismo berankorrak, bildumaren gune nagusiaren –XX. mendearen erdialdean– aurrekariak osatzeko balio dute.

Une hori Gerardo Ruedak ordezten du erakusketan, figuraziotik abstrakzio geometrikorako pausoa argi eta garbi erakusten duten aldi batzuetako eta besteetako hiru mihiserekin. Belaunaldi berekoa da Antoni Tapies, bilduman bi mihise informalista dituena. Bere irakurketa, bide berari jarraituz, duela gutxi egindako Corps izeneko eskultura batek osatzen du.

Eskuratu berriak, 2003 erakusketak berrogeiko eta berrogeita hamarreko hamarraldien inguruan jaio eta ibilbide guztiz finkatua duten artista batzuen lanak ere aurkezten ditu. ARTIUMek baditu dagoeneko horietako gehienen lehenagoko lanak, eta orain, beren mintzairaren bilakaera hobeto argitzen duten lan berriagoak gehitu zaizkie aurrekoei. Hala gertatzen da, esate baterako, Ferrán García Sevilla-ren lanarekin, funtsetan duen 1981eko iradokitako figuraziozko lanari, 2001eko Pic-10 lanaren abstrakzioa kontrajartzen baitzaio. Soledad Sevilla-ren Allá me caí monumental eta koloretsuak natura larderiatsu bat dakargu gogora, eta orain hamabost urte egindako bildumako beste lan baten geometria sotilarekin osatzen da eta kontraste egiten du. Jose María Sicilia-k, Alfonso Gortázar euskaldunak, Antoni Miralda-k, Angeles Marco-k, Juan Gopar-ek, Humberto Rivas-ek eta Angel Marcos-ek osatzen dute talde hori.

Azken joeretako artea artista gazteagoen lanen bidez agerian jartzen da. Lan horiek zenbait teknikaren hedapenaren berri emateaz gainera –argazkigintza, bideogintza edota instalazioak, esate baterako– ohikoak ez diren materialen erabilera ere nabarmentzen dute: Maider López-ek bere Columna-n darabilen metakrilatoa edota Concha García-ren Trepadora III –ren ehun-zuntz sintetikoa, adibidez. Emaitza formal berrien bilaketa Begoña Zubero-ren argazkien mikromundu anplifikatuan sumatzen da, eta baita Asun Goikoetxeak paper heliografikoan argiak eta beroak duten eragina aztertuz egin dituen lanetan ere.

Gai sozialekiko interesa eta gogoeta Daniel Bianchi kontzeptualaren En juego instalazioko futbol talde “desorientatuan” ageri da, eta baita indarkeria inozo baina basatia erakusten duen Manu Arreguiren bideo digitalean ere. Publizitate munduaren hizkera eta bere kodeak Gaüeca-ren autoerretratuetan nabari dira. Joan Morey-ren bideoak, berriz, modaren mundu artifiziala aipatzen du probokazioz. Julia Montillak –bere bi bideo erakusten dira– zinemaren ikuste-hizkeraren intenporaltasuna sumarazten digu. Irudiekin nahiz objektuekin loturiko denbora eta memoria da Instrumento de cuerda –joan den urtean gordailuz utzia– Francisco Ruiz de Infante arabarraren instalazioaren abiapuntua.

Bleda y Rosa-ren argazkiak denboraren oroimenean zehar egindako bidaia dira, iragan historiko aberatseko baina orain hondatu bateko tokietara garamatzatenak, Montserrat Soto-ren instalazioko haizearen sionuz bildurik eta gainezkaturik ageri den natura misteriotsu eta kezkagarriarekin kontraste egiten duten tokiak, lurralde asmatu edo amestuak, Daniel Verbis-en margolanetakoak bezala.

Elkarren artean oso desberdinak izanik guztiak, artista hauek interes amankomunak eta askotariko kezkak adierazten dizkigute, margolanen, eskulturen, argazkien, bideoen nahiz instalazioen bidez. Artista hauen eskutik luxuzko helburua duen bidaia baten lekuko ezohiko bihurtzen gara: gure garaiko artearen lekuko.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand