Inguru hurbilak 2008

Hasiera: Osteguna, 2008(e)ko Uztailaren 03a

Amaiera: Igandea, 2008(e)ko Irailaren 14a

Lekua: Ekialde Behekoa Aretoa

Inguru hurbilak programa 2004ean sortu zuen Arabako ARTIUMek, Zentro-Museoaren hurbileneko artea bultzatu, ezagutarazi eta zabaltzeko asmoz.

Inguru hurbilak programa 2004ean sortu zuen Arabako ARTIUMek, Zentro-Museoaren hurbileneko artea bultzatu, ezagutarazi eta zabaltzeko asmoz. Arabako eta Euskal Herriko artista berrien azkeneko proposamenen etengabeko jarraipen bat egin nahi zen, eta ikerketa horren emaitza gisa erakusketa bat egin bi urtez behin. Hala, 2004ean eta 2006an egin ziren erakusketen ondoren, analisi hori ez da eten, eta 2008ko proposamen berria aurkezten du Arabako ARTIUMek, RMS La Asociación-eko komisarioek eta Daniel Eguskizak egindako lan-hautaketa batean oinarrituta.

Ingurua inguratzen gaituena da, eta hurbila hurbilean duguna, bai lekuz bai denboraz. Hala ere, ordea, inguruak oso hurbilak izanagatik, ez dute zertan ezagunak izanik. Erakusketaren eta programa osoaren izenak bi eginkizun aipatu nahi ditu: alde batetik Zentro-Museoaren inguruan gertatzen den sorkuntzazko testuingurua erakutsi eta, bestetik, testuinguru horretan mugitzen diren artisten interesak eta nortasuna erakutsi, belaunaldi berri horren lehen hurbilpen bat egin. Hala, Arabako ARTIUMen ingurua artista hauek osatuko lukete, 2008. urte honetan: David Martínez Suárez, Alain M Urrutia, Ismael Iglesias, Zigor Urrutia, David Cívico, Taxio Ardanaz, Elena Aitzkoa Reinoso eta June Crespo; horietako bakoitzaren inguru hurbila, berriz, bakoitzak bere proposamenen bidez eta kontsulta-aretoko materialen bidez planteatzen digutena da.

David Martínez Suárezek (La Hueria, 1984) Menasa saila jarraitzen du, Asturiasko Nalon ibarrean desegindako burdingintzako enpresa bateko langileek bizi izandako gatazkari buruz. Formak, materialak eta irudiak elkartzen diren collageak eta mihiztaketak, galdua dela aurrez jakinik ere, hala ere gogor ekiten zaion gatazka bateko borrokari buruzko gai autobiografikoak eta gogoeta lotzen diren bezalaxe.

Ismael Iglesiasek (Durango, 1974), diseinu grafikotik eta digitaletik elementuak hartu eta, erakusketa aretoan instalaturik,arkitekturaren eta koadroen beraien mugak zalantzan jartzen dituzten ehundurak eta tramak sortzen ditu bere oihaletan. Koadroak hormatik kendu eta barrikada edo publizitateko hesi gisa jartzen dira aretoan; hala begirada eragozten dute, eta labirintu batean barneratu eta hari jarraitzera behartzen dute ikuslea; labirintuan hainbat aipu topatuko ditu, testuinguruz kanpo, eta berak eman beharko die zentzua.

Alain M. Urrutiaren oihalak eta marrazkiak (Bilbo, 1981) bizi izandako esperientzien eta sentipenen, ustekabeko edo nahita izandako topaketen oroitzapena jasotzen den irudizko egunkari baten zatiak dira: ustekabean aurkitutako natura hilak, adiskideen eta ezagunen erretratuak, bizi izandako paisaiak, gozatu izandako giroak, lapurtutako irudiak... Itxuraz ordenarik ez duten eta pinturaren eta marrazkiaren bidez landutako oroitzapen batzuk, askotan atzeman ere egiten ez den edo ahaztu daitekeena gogorarazi nahi dutenak.

Zigor Urrutiak (Bilbo, 1971) hiriek azken hamarraldi hauetan izan duten bilakaeraz gogoeta egiten du Asfalto zurietan. Zigorren argazkietan hiri-paisaia guztiz hotzak ageri dira, errealitatearen barru-kanpoan mugitzen direnak; eszenategi hutsak, antzezleek –bertako biztanleek– hutsik utziak; ukitutako, aldatutako eszenografiak, oso ongi pentsatuak, hasieran errealitatezkoa dirudien hiri horixe bezalakoak.

David Cívico (Donostia, 1974) kontrakoek elkarren lekua hartzen duten iruditegi batetik abiatzen da –astuna dena arin bilakatzen da, behean egon beharko lukeena goian dago, atzean zegoena aurrera dator, ezkutuan beharko lukeena agerian dago eta ikusi egin beharko litzatekeena sumatu baizik ez da egiten–, eta arte-sorkuntzari berari buruzko galdera jartzen du begien aurrean.

Taxio Ardanazek (Iruña, 1978) eguneroko gauzen arroztasuna aztertzen du bere marrazkietan eta margolanetan; azkenean ohikeria, zenbaitek, aurre egin ezinik etsimena hartuta onartzen duten ohikeria hori bihurtzen den egunerokotasunaren tragikotasuna agerira ateratzen du. Irudiak beren testuingurutik atera eta beste batzuekin harremanetan jarririk, esanahi berriak ematen dizkie, eta, hala, lehen ez zeuden kontakizun batean kokatzen dira irudi horiek.

Elena Aitzkoa Reinosok (Gasteiz, 1984) espazioak eraldatzen ditu, eskulturaren objektutasunaz janzten diren margolan abstraktu ia monokromo baina ñabarduraz beteak, itxuraz eginkizun praktiko bat duten hondakin-gaiez egindako egonkortasunik gabeko eraikin batzuekin elkartuz.

June Cresporen (Iruña, 1982) objektuek eta marrazkiek planoen, ehunduren, koloreen, materialen eta formen artean loturak eratuz artikulatzen dute espazioa. Juneren lanetan irudizko lanaren eta abstraktuaren, osoaren eta zatikatuaren, geometrikoa denaren eta itxuragabetasunaren arteko tentsioak sortzen dira, hala, sorkuntzaren bidez subjektibotasuna eta nortasuna eraikitzeko moduari buruzko kontaera bat osatuz.

Katalogoa

Inguru hurbilak 2008
Elena Aitzkoa Reinoso, Taxio Ardanaz, David Cívico, June Crespo, Ismael Iglesias, David Martínez, Alain M. Urrutia,
Zigor Urrutia

Ekialde Behekoa Aretoa, uztailaren 3tik irailaren 14ra

Komisarioak: Daniel Eguskiza eta RMS La Asociación
Inguru hurbilak 2008,
Vitoria-Gasteizko ARTIUMeko ekoizpena da, ProgrAmárica barruan sartuta

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand