Juan Hidalgo. Desde Ayacata

Hasiera: Larunbata, 2010(e)ko Martxoaren 27a

Amaiera: Igandea, 2010(e)ko Abuztuaren 29a

Lekua: Iparra Aretoa

Agian, kritikak eta historiografiak Juan Hidalgo hain luze baztertu izanaren arazoa artista gisa izan duen jarduera ugaria izan da.

Entzun Juan Hidalgori

Agian, kritikak eta historiografiak Juan Hidalgo hain luze baztertu izanaren arazoa artista gisa izan duen jarduera ugaria izan da: musikagile, poeta, ekintzaile (performer baino gehiago) argazki bidezko forma eta irudien sortzaile... Ibilbide luzeko artista sailkaezina, baita abangoardiako mugimendu ofizialen artean ere, Hidalgo deserosoa gertatu zaio askori, bere jarrera boterea lortzeko, klandestinitatetik edota oposiziotik erasotzeko asmoa zuten joera politikoekin bat ez egitea izan baita, guztiz bestela, arteaz («anartista» gisa definitzen du bere burua) eta bizitzaz duen ikusmolde pertsonal eta akrataz haragoko ezein artikulazio (politiko nahiz artistiko) modu organizaturekin zerikusirik ez izatea.
Hidalgok inoiz ez du pausorik egin museo-erakundera hurbiltzeko beretzat garrantzitsua izan zitekeen ezeren irakasle, zabaltzaile edo legitimatzaile gisa. Halako eran non Hidalgok arazorik gabe onar baitezake berak egiten duena ez dela artea, gogoari eta zentzumenei zuzendutako proposamen hutsak baizik eta musika, poesia, keinu, objektu edota are argazki gisa hezurmamitzen direnak, eta «argazki ekintza» (nagusi) baten (bigarren mailako) ondorio baizik ez direnak.
Bere erradikaltasun nabarmenena bost hamarkadaz ideia artistiko batzuei leial mantendu izana da –eta leialtasun horrek, hala ere, era bateko eta besteko lurraldeetan barneratzea ez eragotzi izana–, merkantilismoaren tentaldian ez erori izana, jarrera horrek ekarri zizkion arazo ekonomikoak gorabehera, ulertu ezinaren edota ezaxolaren aurrean kordokatu ez izana, isiltasunaren aurrean eragabe jokatu ez izana, bere ondoren artista askok beren lanei zentzua emateko iturria aurkitu duten alor bat ereiteari utzi ez izana. Gaur egun, artista gazte askok bere lanaren aurrekoa ikusten du Hidalgorengan, 80 urte baino gehiago dituen «gazte» honengan, azkenean, beste hamarraldi batzuetan Hidalgoren lana inguratzen ez zuen naturaltasunez egin dezaketen lanaren aurrekoa.
Joan den hamarraldian ZAJ taldearen lan artistikoa aintzat hartzea ekarri zuen. Hidalgo talde horren kide gisa agertu zen 1996an MNCARSen egin zen erakusketan, eta 1997an bere bakarkako ibilbidea atera zen argitara, CAAMen egin zen eta bere 1957-1997 bitarteko lana biltzen zuen atzerabegirakoan. Urte hartan bertan Juan Hidalgok Kanaria Handiko Ayacata herrixkan bizitzea erabaki zuen eta sorkuntza fase berri bati ekitea, oraingoz azkenekoa, aurrekoak baino objetualagoa eta argazkietan oinarrituagoa. Itsas maila baino 1.100 metro goragoko gainetatik, Ayacatatik, Juan Hidalgoren azken lana datorkigu... oraingoz azkenekoa

Ekoizleak:

logo logo

Juan Hidalgo. Desde Ayacata
Iparra aretoa, 2010eko martxoaren 27tik abuztuaren 29ra

CAAMek (Las Palmas de Gran Canaria), TEAk (Tenerife) eta ARTIUMek (Vitoria-Gasteiz) ekoitzia.
Jarduerak: David Pérezen hitzaldia, maiatzaren 11n, asteartea, 20.00etan. Alferreko zeren baliagarritasuna, performanceari buruzko jardunaldiak, maiatzaren 20tik 22ra; komisarioak, Isabel de Naverán eta Idoia Zabaleta. El espejo. Juan Hidalgo (Juan Cruz 2010) dokumentalaren proiekzioa, Juan Hidalgoren eta Carlos Astiárragaren azalpenekin batera, martxoaren 26an, ostirala, 18.30ean. Doako bisitaldi gidatuak.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand