ARTIUMek eta Amarika Proiektuak musika esperimentaleko kontzertu bat antolatu dute datorren larunbaterako, ekainak 19 (ARTIUMeko Plaza aretoan, 21.30ean, sarrera doan). Frantzian bizi den Seijiro Murayama japoniar perkusionista eta Jean-Luc Guionnet frantziar saxofoi-jotzailea izango dira protagonistak, bi ikertzaile soinuaren inprobisazioaren esparruan ospetsuak. Emanaldiaren izena Ni concierto. Hitzik gabeko inprobisazio duoa da, eta askotan elkarrekin landu izan dituzten «ez-kontzertu»-en kontestuan kokatzen da. Kontzertu honetan Larraskito euskal-galiziar Netlabel-aren laguntza izango dute, «soinuaren ikerketan eta musika ez-ohikoetan» espezializatua.