Uztaileko ostiral ilunabarrak musikaz, zinemaz eta Street arteko jaialdi batez beteko dira ARTIUMen barruko plazan
uztaila 02, 2012
Ilunabarrean programak Pablo Martín-Camineroren eta The Casters taldearen kontzertuak, Amerikanuak dokumentalaren musika zuzenean eta break dance, skate, bertan egindako murala, ikus-entzunezko emanaldia, eta DJak eskainiko ditu
Ilunabarrean
Uztailaren 6an, ostirala. Kontzertua: Pablo Martín-Caminero Quintet. Jazzaharrean 2012
Uztailaren 13an, ostirala. Kontzertua. The Casters
Uztailaren 20an, ostirala. Street Art! 20:00etatik aurrera
Uztailaren 27an, ostirala. Audience. Amerikanuak dokumentalaren musika zuzenean
Ikuskizun guztiak uztaileko ostiraletan 22:00etan ARTIUMen barruko plazan
Hiri lantegiak. Skate eta photo Stencil ikastaroak
Uztailaren 18an, asteazkena eta 19an, osteguna. 18:00etan (3 ordu saioko)
Salneurria: 6 € (kide elkartuak: 3 €)
Ilunabarrean Prentsa oharra (pdf)
ARTIUM, Vitoria-Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak uztaileko ostiral gauetarako aire zabaleko jarduera programa bat prestatu du: bi kontzertu, zuzeneko musika eta dokumental baten proiekzioa elkartzen dituen ikuskizuna, eta street art-eko jaialdi bat. Ilunabarrean uztailaren 6an, ostirala, hasiko da Pablo Martín-Caminero gasteiztarraren eta bere kintetoaren kontzertu batekin. Kontzertu hau, gainera, Vitoria-Gasteizko Jazzaharrean jazz kontzertuen programaren barruan dago. Beste kontzertuak The Casters taldearen eta Amerikanuak dokumentalaren musika zuzenean eskainiko duen Audience taldearen eskutik etorriko dira. Gainera, ARTIUMek street art jaialdi bat programatu du break dance ikuskizun batekin, skate erakustaldi batekin, bertan egingo den mural batekin, ikus-entzunezko emanaldi batekin eta Parrutxo eta Seksen DJ-ekin. Bestalde, uztailaren 18an, asteazkena eta 19an, osteguna, 18:00etatik aurrera Zentro-Museoak skate eta photo Stencileko ikastaroak eskainiko ditu.
Uztail hau Zentro-Museoak udari ongi etorria egiteko urtero antolatu ohi duen Ilunabarrean programaren edizio berri batekin dator ARTIUMera, eta aurten ere, uztaileko ostiral guztietan aire zabaleko, kaleko artea, musika eta zinema izango ditugu. 2012a berrikuntza batekin datorkigu, ordea: saio guztiak Zentro-Museoaren barruko plazan egingo dira.
Ilunabarrean uztailaren 6an abiatuko da, Pablo Martín-Caminero kontrabaxu jolea buru duen kintetoaren jazz kontzertu batekin. Arabar musikagile honek bere azken diskoa aurkeztuko du, El caminero, zuzenean grabatua, jazz-aren eta flamenkoaren arteko lotura berriak bilatzen dituen saioa. Aurreko urteetan bezala, joaldi hori Jazzaharrean jaialdiaren barruan kokatzen da. Hurrengo ostiralean, hilak 13, The Casters valentziar taldea izango dugu ARTIUMen barruko plazan beren lehen diskoarekin, Once We Were. Musika elektronikoaren eta rock-aren nahasketarekin eta zuzeneko joaldi zaindu eta boteretsuekin, laukote hau musika independentearen fenomeno bihurtu da.
Hurrengo ostiralean, hilak 20, ARTIUMen kanpoko ingurua street art-aren festa handia bihurtuko da, Soul Flavas Crew break-dance-ko (edota hobeto esanda, bboying-eko) taldearen joaldiarekin, Ibon Mariño eta Gure Toki Skate Eskolaren skate erakustaldiarekin eta Ojodekuervo grafiti egilearen parte hartzearekin. Azken honek mural bat egingo du bertan. Enelu elkarteak antolatutako ikus-entzunezko proiekzioez eta argazki eta inprimatze saio batez gainera, gau hori biribiltzeko Kloy MC rap abeslariaren ahotsa eta DJ Parrutxo eta DJ Seks-en erritmoak izango ditugu. Ekitaldi hau 20:00etatik aurrera egingo da
Ilunabarrean uztailaren 27an amaituko da, Audience boskotearen emanaldiarekin. Amerikanuak dokumentalerako ondu zuten soinu banda interpretatuko dute zuzenean, pelikularen proiekzioarekin batera. Amerikanuak Estatu Batuetara emigratutako euskaldunei buruzko filma da, Nacho Reig eta Gorka Bilbao dira zuzendariak eta 2010eko Donostiako Zinemaldian estreinatu zen. Audience taldearen soinu baldak blues-a, rock-a eta folk-a nahasten ditu, aukera berrien bila emigratu zutenen musika sustraiak nabarmentzeko.
Bestalde, uztailaren 18an, asteazkena eta 19an, osteguna Enelu elkarteak 12 urte baino gehiagokoentzat zuzenduta dauden hiru orduko skate eta photo Stencileko ikastaroak eskainiko ditu ARTIUMen. Hiri lantegi hauetan parte hartzaileek skatearen mundua ezagutuko dute eta lantegia egiten ari zirela hartutako argazkien txantiloi bat eginez osatu ahal izango dute beren esperientzia. Gainera, DJ Parrutxo-ren musikarekin, eta lantegi ireki batean, patinatzaileek arrapalak eta moduluak izango dituzte beren esku estiloa hobetzeko. Ikastaro bakoitzak hiru ordu iraungo ditu – abiatze lantegia, 90 minutu eta lantegi irekia beste 90 minutu – eta salneurria 6 eurokoa izango da eta kide elkartuentzat 3 eurokoa. Lantegiak 18:00etatik aurrera izango dira eta izena ematea 945 20 90 20 telefonoan egin daiteke.
Volver al listado