ARTIUMek Regina José Galindoren Oilo ipurdia erakusketa aurkeztu du
urtarrila 27, 2012
Espainian bere lehendabiziko erakusketa garrantzitsua egingo duen guatemalar artista honen performanceak oinazearen eta gizarte-bidegabearen metafora dira
Erakusketa
Regina José Galindo. Oilo ipurdia
Iparra aretoan, 2012ko urtarrilaren 27tik maiatzaren 1era
Komisarioa: Blanca de la Torre
Ekoizleak: ARTIUM (Vitoria-Gasteiz), TEA (Tenerifeko Santa Cruz) eta CAAM (Kanaria Handiko Las Palmas)
Erakusketaren katalogoa. Testuen egileak: Blanca de la Torre, Maite Garbayo, Omar Pascual Castillo eta Sayuri Guzmán. Regina José Galindoren poemak.
Inaugurazioa: urtarrilaren 27an, ostirala, 20:00etan
Jarduerak:
Oilo ipurdia. Regina José Galindoren performancea (lehen emanaldia), urtarrilaren 27an, ostirala, 20:00etan
Regina José Galindoren eta Blanca de la Torreren arteko solasaldia, urtarrilaren 28an, larunbata, 12.30ean
Zinema zikloa: Alderdi subjektiboa. Urtarrilaren 28tik (larunbata) otsailaren 5 arte (igandea)
www.artium.org www.reginajosegalindo.com Prentsa oharra (pdf)
ARTIUM, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak Regina José Galindoren Oilo ipurdia erakusketa aurkeztu du (Iparra aretoan, 2012ko urtarrilaren 27tik maiatzaren 1era). 2005eko Veneziako Sortzaile guatemalarrak 1999. urtearen hasieratik egindako hogeita hamar bat performanceren argazkiak eta bideoak biltzen ditu erakusketak. Sinbolismoz betetako ekintza horiekin ikuslea aztoratzen eta hunkitzen du Galindok, abusua eta bidegabekeria nagusi diren gizarte baten errealitatea islatzeko bere buruari muturreko egoerak jasanaraziz. ARTIUMen erakusketa inauguratzearekin batera, artistak performance bat egingo du, hori ere Oilo ipurdia izenekoa, eta mundu mailako lehen emanaldia izango dena. Erakusketaren inguruan katalogo bat argitaratu da. Testuen egileak Blanca de la Torre, Maite Garbayo, Omar Pascual Castillo eta Sayuri Guzmán izan dira, eta poema sorta Regina José Galindorena da, batzuk inoiz argitaratu gabeak gainera. Komisarioa Blanca de la Torre izan da eta ekoizleak, berriz, ARTIUM (Vitoria-Gasteiz), TEA (Tenerifeko Santa Cruz) eta CAAM (Kanaria Handiko Las Palmas).
Regina José Galindok (Guatemala, 1974) Espainian egingo duen lehen erakusketa garrantzitsuan 1999tik hona egin dituen performanceen bideoak eta argazkiak aurkeztuko ditu. Horien aldamenean objektuak ere egongo dira, tartean baita eskulturak ere, ekintzen arrasto eta etengabeko dolu baten fetixe gisa. Gainera, hormetan bere poemetako batzuk irakur daitezke. Hala ere, Regina Galindoren lanean ez dago ikuslea dotrinatzeko asmorik. Muturreko eszenak dira eta, hala ere, poesiaz beteak, Guatemalako tokiko errealitatetik esparru global bateko oinazearen eta gizarte bidegabearen metafora osatzen dutenak. Ikuslearengan esnarazten duen emozioak, «inarrosaldi somatiko batek laguntzen duen gogoaren bestelakotze intentsu eta igarokor, atsegin nahiz mingarri» horrek, «oilo ipurdi» horrek, lanaren eduki alegorikoa indartu besterik ez du egiten.
Erakusketa bost gune berezitan antolatu da. Lehendabizikoan, adierazpena da kontzeptuak adierazteko bitartekoa eta hitza, protagonista. Regina Galindoren lehen performancearen bideoarekin hasten da, Lo voy a gritar al viento (1999) –bertan, eraikin publiko batetik zintzilik, bere poemak irakurtzen ditu–, eta Perra (2005) performancearen bideoarekin amaitzen –bere izterretako batean hitz hori idazten du labanez, Guatemalan emakumeen aurka egindako erasoak salatzeko. El cielo llora tanto que debería ser mujer (1999), El dolor en un pañuelo (1999) eta No perdemos nada con nacer (2000) dira esparru honetan ikusi ahal izango diren performanceen beste bideo batzuk.
Bigarren gunean Regina Galindo gorputz destolestu gisa agertzen zaio ikusleari, bestearen, sufritzen duenaren edota bidegabearen mende dagoenaren azalean. Hemen ikusgai dauden bideoen artean Mientras, ellos siguen libres (2007) performancearen bideoa dago, non zortzi hilabetekoa zegoela, artista ohe batean etzanda eta lotuta egon baitzen, hirurogeita hamarretako eta laurogeietako Guatemalako gatazka armatuan –zeinetan indigenen genozidio latza gertatu baitzen–, haurdun zeudela bortxatutako emakume indigenen kontakizunetan bezala. Recorte por la línea (2005) delakoan, tira handiko kirurgialari plastiko batek Mendebaldeko gizartearen kanon estetikoen arabera gorputz perfektua izateko aldatu beharreko gune guztiak markatzen ditu artistaren gorputzean. Erakusketaren gune honetan dauden beste performance batzuk Lucha (2002) eta Angelina (2001) dira.
Oilo ipurdia erakusketaren hirugarrenesparrua malenkoniarena eta doluarena da. Bertan daude, agian, Regina Galindoren lan gordinenak, besteen sufrimendua eta heriotza aipagai dituzten tortura egoerak erakusten dituztenak. Confesión (2007) delakoan, artistak submarino esaten zaion tortura jasaten du, hots, itotzearen efektua eragiteko biktimaren burua isurkari batean murgiltzean datzan ekintza. 150.000 voltios (2007) delakoan guatemalar poliziak gaizkileak atxilotzeko erabili ohi duen gailu elektriko baten deskarga jasaten du. Cepo (2007), Peso (2006) eta Limpieza social (2006) gela berean daude.
Erakusketaren erdiko gunean Regina José Galindok Veneziako Biurtekoaren inguruko fikzio bat eraiki du. Izan ere, lau aldiz hautatu dute erakusketa horretan parte hartzeko eta 2005ean Urrezko Lehoi prestigioduna jaso zuen. Erdi-erdian dagoen sariaren erreprodukzio batek beste zenbait lan trinkoren kokapena antolatzen du, esate baterako, ¿Quién puede borrar las huellas? (2003) performancearena; bertan, Regina Galindok oinutsik eta barne gatazkaren biktimen oroimenez eta Efraín Ríos Montt genozida eta kolpezalearen lehendakaritzarako hautagaitza salatzeko odol arrasto bat utziz egiten du Guatemalako Konstituzio-Gortearen eta Nazio Jauregiaren arteko bidea. Golpes (2005) lanean, gela txiki batean itxita, artistak kolpe bat ematen dio bere buruari 2005eko urtarrilaren 1etik ekainaren 9ra eraildako emakume bakoitzeko. Himenoplastia (2004), Piel (2001) eta Saqueo (2010) lanek osatzen dute gune hau. Azkenekoan artistak Veneziako Biurtekoaren antzeko gertakizunetan parte hartzeak dituen inplikazioak eta kontraesanak, eta bere ibilbide artistikoan duten eragina aztertzen ditu.
Azken gunean ikusgai dauden performanceetan beste batzuk agertzen dira, nahiz ekintzaren ondorioa zuenean jasoz, betegarri gisa edota ekintza gertatzeko beharrezkoa den eragile gisa. Horrela, esate baterako, Caparazón (2010) performancean artista, fetu jarreran, kupula garden blindatu baten azpian dagoela gizon talde batek estalkiari egurra ematen dio makilak puskatu arte. Hermana (2010) izenekoan, guatemalar emakume indigena batek behin eta berriz erasotzen du artista. Objeto (2010), Punto ciego (2010), Joroba (2010), XX (2007), La conquista (2009) eta Marabunta (2012) ere gune honetan daude, eta hemen jokatuko du Regina Galindok lehendabiziko aldiz Oilo ipurdia performancea, erakusketa zabalduko den egunean.
Volver al listado