Berriak

Berriak

   Minimize

Jenny Marketouk bere lantegietan parte hartu dutenen performance-manifestazio batekin emango dio amaiera ARTIUMen Paperophanies proiektuari

azaroa 24, 2011

300 lagunek baino gehiagok parte hartu du lantegietan eta hasieran hutsik zegoen aretoa ideiez eta soinekoz betetako atelier bihurtu dute.
 

Jenny Marketou. Paperophanies
Lantegietan parte hartu dutenen performance-manifestazioa
Azaroaren 26an, larunbata, 12.00etan. Abiapuntua: Zentro-Museoa
Erakusketa: Iparra aretoan, 2011ko abenduaren 11ra arte
Komisarioa: Blanca de la Torre
 Paperophanies fanzine berria
Paperophanies azken fanzinea

http://paperophanies.wordpress.com/; www.jennymarketou.com/    Prentsa oharra (pdf)

Jenny Marketou artista greziar-amerikarrak performance-manifestazio batekin emango dio amaiera ARTIUMen Praxis programaren barruan garatu duen Paperophanies proiektuari. Manifestazioa datorren larunbatean egingo da eta artistak azken asteetan zuzendu dituen lantegietan egon den hainbatek hartuko dute parte. Lantegietan egindako paperezko soinekoak jantzirik joango dira «manifestariak», gainean era bateko eta besteko mezuak idatzirik dituztela, munduaren eta etorkizunaren hauskortasunagatiko kezka zabaltzeko asmoz. 300 lagunek baino gehiagok parte hartu du lantegi horietan, hasieran hutsik zegoen aretoa soinekoz eta ideiaz beteriko atelier bihurtuz. Egindako jardueren hainbat bideo ere grabatu da. Proiektua osatzeko bigarren fanzine bat argitaratu da, testu berriekin eta Marketouri Paperophanies-i buruz egindako elkarrizketa batekin.

PRAXISen lgantegian elkartuko dira eguerdian parte hartzaileak paperezko soinekoak janzteko, azken momentuan elkartuko zaizkien manifestariei soinekoak doan emateko eta ibilaldian zehar egingo diren jarduera performatzaileei buruzko argibideak jasotzeko. Manifestazioa kaleko jai baten erakoa izango da, eta artista eta lantegietan parte hartu duen talde bat izango dira buru. Ibilbidea museoan bertan hasiko da eta Vitoria-Gasteizko Ama Birjina Zuriaren plazan amaituko da, Hirigune zaharreko eta inguruetako zenbait kale ibili ondoren.

Manifestazioa egitean, jarduera gehienak paperezko soinekoen ezaugarri fisikoetara eta hauskortasunak ezarritako mugetara egokituko dira jarduera gehienak. Nolanahi dela ere, gizarte egituren eta kultur egituren hauskortasunagatiko kezka kolektiboa zabaltzea eta etorkizunean zer egin gaiaren inguruan gogoeta eragitea izango da helburu nagusia. Azkenean osatuko den proiektuak jendaurreko performance honen dokumentazio bideografikoa ere jasoko du, lantegi eta esku-hartzeetan egindakoekin batera.

Paperophanies

Hasiera batean gune txiki hutsa zena azkenean maniki eta esekigailuetatik zintzilikatutako paperezko soinekoz betetako atelier bihurtu da. Soineko horietan, Marketouk zuzendu dituen lantegi batzuetan eta besteetan parte hartu duten 300 pertsona baino gehiagok munduaren hauskortasunaz duen ustea laburbildu du idatzitako edota marraztutako ideia baten bidez. Batzuk ezkorrak dira («no podemos apretarnos más el cinturón»), beste batzuk baikorrak («ilusión es poder », « la ilusión da oportunidad »), beste batzuk protestazkoak («freedom for utopia», «no al trabajo infantil», «no a la violencia»), itxaropentsuak («que haya trabajo», «sol-luz»), ilusioa galduak («desengaño»), badira sentipenentan babesa bilatzen dutenak («je t’aime», «te necesito»), laguntza eskatzen dutenak («me da miedo estar solo») eta baita artistari adore ematen diotenak ere («aupa Jenny»). Esekigailuekin eta manikiekin tartekaturik bideo pantailak daude, eta bertan egindako lantegien irudiak ikus daitezke.

Paperophanies-ekin Jenny Marketouk hirurogeietan zabaldurik egon zen paperezko soinekoen moda berreskuratu du asmo artistiko eta performatzaileetarako. Joan den mendean «erabili eta bota» kulturatik eratorri zen eta garai hartan indarrean zeuden pop art eta op art direlakoetan hartu zuen inspirazio iturria. Eduki politiko garbiko eta propagandazko mezuak zabaltzeko tresna gisa erabili ziren: manifestazioak eta kaleko elkarretaratzeak soineko-posterren etengabeko desfile bihurtu ohi ziren.

Paperophanies-ek, beraz, artearen, estiloaren, modaren, mugikortasun fisikoaren, subjektibotasunaren eta gizarte, politika eta ekonomia gaiak jorratzeko tresna gisa erabilitako estrategia publiko performatzaileen arteko lankidetza aztertzen du. Bestalde, DIY (do-it-yourself edota «zerorrek egizu») delakoa bultzatzen du, eta «opariaren» ekonomia, Jenny Marketouren lanean behin eta berriz agertzen diren gaiak. ARTIUMek bigarren fanzine bat argitaratu du, proiektuari lagun egiteko, lantegietako irudi gaurkotuekin eta Christopher Marinos kritiko, komisario eta idazleak artistari Paperophanies-i buruz egindako elkarrizketa batekin.

Praxis

ARTIUMen Praxis programa 2010eko urtarrilean abiatu zen, erakusketen programa osatzeko asmoz. Esperimentaziorako laborategi gisa sortu zen, eta bere ezaugarriek ekintza zuzenarekin eta do-it-yourself (zerorrek egizu) delakoaren ohiturarekin zerikusia dute. Oraingo honetan gertatzen den eran, Praxisen proiektu guztietan artistak lehentasuna du artelanaren aldean, eta sortzailearen protagonismoa askoz handiagoa da beste erakusketa-proposamen batzuetan baino. Praxisen barruan era askotako proiektuak sar daitezke, eta elkarrekin izan behar duten gauza bakarra joan den mendeko 70etako punk mugimenduaren espiritu autogestionarioan inspiratuta egotea da.

 

Volver al listado

Text/HTML

   Minimize

Youtube

 

Categorías

    Berriak Time

       Minimize
    Share |