ARTIUMek Atzean, jai-taldearen amaieran aurkeztu du, Itziar Barrioren proiektu bat Praxis programarako
ekaina 09, 2011
Euskal artistak herriko jaien ikonografia eta gizarte erregistroak aztertu ditu, arte garaikidearen eta antropologiaren topaketa eta gatazkarako gune bat sortzeko
Erakusketa
Praxis.
Itziar Barrio. Atzean, jai-taldearen amaieran
Iparra aretoan, 2011ko ekainaren 9tik irailaren 4ra
Ekoizlea: ARTIUM (Vitoria-Gasteiz)
Komisarioa: Blanca de la Torre
Jarduerak: Itziar Barriorekin solasean (ekainaren 9an, osteguna, 19.00etan; alegiazko koadrilen lantegia (ekainaren 28, 29 eta 30ean, 18.00etatik 21.00etara)
www.itziarbarrio.com Erakusketa Prentsa oharra (pdf)
ARTIUM, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak Atzean, jai-taldearen amaieran aurkeztu du (Iparra aretoan, 2011ko ekainaren 9tik irailaren 4ra), New Yorken bizi den artista bilbotarrak Praxis programarako egin duen proiektua. Barriok herriko jaien ikonografia eta gizarte erregistroak aztertu ditu jaiaren ideiaren inguruko gure hurbileko kodeak berreraikitzen saiatzeko. Horretarako, jaien iruditeriarekin loturiko zeinu batzuk hartu eta bere fikzioak sortzeko eta mitologia berriak eratzeko erabiliko ditu. Txosna tradizional bat, eta jai batzuetatik eta besteetatik hartutako pankarta, kartel eta bideoak izango dira egungo artea eta antropologia elkartuko diren gunea osatuko dutenak. Blanca de la Torre da proiektuaren komisarioa eta Praxisen ohikoa denez, fanzine bat argitaratuko da. ARTIUMen programa honetan funtsezkoak dira artista, birziklatzea, prozesua eta «zeuk egizu» kontzeptua, proiektu guztiak jendaurrean egiten eta garatzen baitira. Atzean, jai-taldearen amaieran ARTIUMen ekoizpena da.
Itziar Barriok txosna bat gogorarazten duen egitura bat eraiki du ARTIUMen Iparra aretoko Praxisen gunean. «Txosna»k «txabola, etxola, etxe txiki eta apala» adierazten du euskaraz, baina berrikiago baita «Erromerietan eta jaietan janariak eta edariak saltzeko jartzen den behin-behineko denda modukoa» (Sarasola, Hauta lanerako hiztegia) ere, eta hedapenez, herriko jaien elementu ezaguterrez eta ikonikoenetako bat da. Egitura hau, Atzean, jai-taldearen amaieran erakusketaren elementu nagusia da, eta hain zuzen ere, artistak herriko jaiei buruzko antropologiaren eta arte garaikidearen arteko ikerketa bati ekin dio, jaien denboraldia egun hauetan Euskadin bere puntu goreneranzko bidean dagoen honetan.
Txosna, jaien gune osoaren antzera, aldi baterako eta iraupen gutxiko lurraldea da, berezko ikonoak dituena, eta askotan herriko jaietan izan ohi ditugun ohiturak egituratzen dituzten ardatzetako bat da askotan. Itziar Barriok ere ikono hori hartu du bere proiektuaren ardatzetarako, aretoaren hormetatik sortu dela dirudien taberna-etxe hori; instalazio hori, taldearen, jaien ospakizuna gizarte-ekitaldi bat izatearen, talde batean egotearen garrantziaren sinboloa da.
Bilbotar artistaren proposamena, Praxis programako beste proiektuen antzera, garatuz joango da denborak aurrera egin ahala, baina narrazioa hor egongo da beti. Proiektuaren hasieran burutuko du Itziar Barriok bere ikerketaren fase egitekotsuena, eta herriko jai batzuetara eta besteetara joango da, besteak beste, bideo-irudiak jasotzeko eta gero berrinterpretatuko diren kode batzuk finkatzeko. Fase honetan narrazioa ez da fikziozkoa izango. Artista kanpoan egongo den tartean, fabulak izango du lehentasuna eta azkenean fikzioa eta ez-fikzioa elkartuko dira, Vitoria-Gasteizko Ama Birjina Zuriaren jaiekin eta abuztuko jai giro biziarekin bat eginez.
Instalazioaz eta bideoez gainera, herriko jaien beste elementu ikonografiko batzuek osatzen proiektua. Artistak pankarta itxurako instalazio bat sortuko du, Praxisen proiektu artistikoekin eta «zeuk egizu« (do-it-yourself) ideiarekin loturik: iraupen gutxiko objektuak, oinarrizko gaiekin, azpiegitura bakunarekin eta aurrekontu urriarekin eginak. Bestalde, posterra, hiriko paisaia estaltzen duen elementu gisa eta Itziar Barrioren aurreko beste lan batzuekin lotzen dena. Eta azkenik, ikusleak nahasturik utziko duen gune bat aurkituko du Barrioren proposamenean: herriko jai guztietan dagoen eta gauaren babespean debekatuta dagoenaren gordeleku, elkartze klandestinoen eta zilegitasun ilunen toki bihurtzen den txoko illun hori.
Itziar Barrio
1976. urtean Bilbon jaioa, Itziar Barrio (www.itziarbarrio.com) New Yorken bizi da eta han lan egiten du gaur egun. Artearen adar batzuk eta besteak jorratzen ditu: marrazkia, argazkigintza, animazioa, bideoa eta instalazioa.
Bakarkako erakusketa asko egin ditu, esate baterako New Yorkeko HVCCAn, Italiako Agenzia04 galerian, Berlingo Weekend galerian eta Kunsthaus Tacheles-en edota Bartzelonako Sala Libre Completo-n. Bere azken bakarkako proiektuen artean New Yorkeko White Box-erako eta Brooklyn Arts Council-erako egin dituenak aurkitzen dira.
Itziar Barriok taldeko erakusketetan ere parte hartu izan du, esate baterako Habanako Biurtekoan, Gdansk-eko (Polonia) Arteen Akademian, New Yorkeko White Box-en eta Museum of Comic and Cartoon Art-en, Bogotako Now or Never-en, Los Angeleseko (California) Rio Hondo Festivalen, Estanbuleko (Turkia) Pist Space-n, Art Tech Media International Forum-en, eta Bilboko Rekalde aretoan. Proiektu berrienak The Blue Wall Project eta Los peligros de la obediencia Bilbao-Nueva York izan dira, lehendabizikoa New Yorkeko New Museum Festival of Ideas for the New City-rako eta bigarrena Bilboko Antzerki eta Dantza garaikideko azken jaialdirako. Gaur egun ARTIUMen ikusgai dagoen VideoStorias erakusketan ere Itziar Barrioren lan bat dago, Casting (2010) izeneko bideolana.
Euskal artista hau irakasle gonbidatu gisa egon da Ipar Amerikako zenbait unibertsitatetan: Parsons, The New School for Design-en, Long Island University-n eta Westchester Community College-n, besteak beste, eta sari eta beka ugari jaso du, esatebaterako, ISCP, International Studio and Curatorial Program, New York (2010), New York City Department of Cultural Affairs (2009 y 2011), Espainiako gobernuko Kultura Ministerioarena (2009), Bizkaiko Foru Aldundiarena (2009) eta Eusko Jaurlaritzaren Ikusizko Arteen beste zenbait.
Praxis
ARTIUMen Praxis programa 2010eko urtarrilean abiatu zen, erakusketen programa osatzeko asmoz. Esperimentaziorako laborategi gisa sortu zen, eta bere ezaugarriek ekintza zuzenarekin eta do-it-yourself (zerorrek egizu) delakoaren ohiturarekin zerikusia dute. Oraingo honetan gertatzen den eran, Praxisen proiektu guztietan artistak lehentasuna du artelanaren aldean, eta sortzailearen protagonismoa askoz handiagoa da beste erakusketa-proposamen batzuetan baino. Praxisen barruan era askotako proiektuak sar daitezke, eta elkarrekin izan behar duten gauza bakarra joan den mendeko hirurogeita hamarretako punk mugimenduaren espiritu autogestionarioan inspiratuta egotea da.
Praxiseko beste erakusketa batzuk:
Fernando eta Vicente Roscubas. Super Heroi Euskalduntzarra
Teo Sabando
Jacobo Castellano. Mahai zapia eta oihala
Avelino Sala. Geldi!
Francisco Ruiz de Infante. BlueSky-VGA eta zorte faktorea
Robert Waters. Uncover RECOVER
Wilfredo Prieto. Belardi konstruktibista eta dekonstruktibista, etxeko sofatik ikusita, oinak mahai gainean direla
Volver al listado