Berriak

Berriak

   Minimize

Juanli Carriónek Manhattan eta Vitoria-Gasteiz lotuko ditu ARTIUMen Praxis programarako proiektu berrian

azaroa 04, 2011

Munduaren hondamen amaigabea eraikiz proiektuak sareko informazioaren hierarkiek talde iruditeria nola baldintzatzen duten jorratzen du
 

Erakusketa
Praxis.
Juanli Carrión
. Munduaren hondamen amaigabea eraikiz
2011ko azaroaren 4tik 2012ko otsailaren 5era
Juanli Carriónek
Abrons Arts Center erakusketa gunean lan egingo du www.abronsartscenter.org
2011ko azaroaren 4tik abenduaren 8ra Parts and Labor erakusketa landuz.
Asteartetik igandera 10:00etatik – 14:00etara New Yorkeko ordutegian (Vitoria-Gasteizko 16:00etatik 20:00etara)
Artistaren harrera Abrons Art Center-en:2011ko aqzaroaren 4an, 18:00etatik 20:00etara.
ARTIUM www.artium.org
2011ko abenduaren 13tik 2012ko urtarrilaren 14ra.
Asteartetik igandera, 16:00etatik 20:00etara (10:00etatik – 14:00etara New Yorkeko ordutegian)
Ekoizlea: ARTIUM (Vitoria-Gasteiz)
Komisarioa: Blanca de la Torre
Laguntzailea: Abrons Art Center. Babeslea: Recess

Prentsa oharra (pdf) 

ARTIUM, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak eta New Yorkeko Abrons Arts Center-ek Munduaren hondamen amaigabea eraikiz aurkeztu du, Juanli Carrión-ek (Yecla, Murtzia, 1982) Praxis programarako proposatu duen proiektua. Manhattanen eta Vitoria-Gasteizen artean garatuko den proiektu honen abiapuntua Google bilatzaileak –Interneten erabiliena– «ruina», «ruin» eta «hondamen» hitzetarako ematen dituen irudiak dira. Proiektuak munduaren hondamen posibleetako bat gauzatuko du, baina, gainera, informazioa antolatzeko sistema birtualek gizarte eremu garaikidea konkistatu izanaren ondorioz gure talde oroimena nola aldatzen ari den aztertuko du. Proiektua New Yorkeko Abrons Arts Center-en abiatuko da, Adrian Geraldo Saldaña komisario duen Parts and Labor erakusketa osatuz, eta Vitoria-Gasteizko ARTIUMen Iparra aretoan jarraituko du lanak. Praxis programan ohikoa denez, fanzine bat argitaratuko da. Munduaren hondamen amaigabea eraikiz ARTIUMek ekoitzi du eta Blanca de la Torre izan da komisarioa.

Google bilatzailea Interneteko informazio bilaketa gehienak abiatzen diren tokia da gaur egun. Erabiltzaileen ehunekoa 90 baino gehiagokoa da Espainian, Frantzian eta Britainia Handian, eta ehuneko 60 Amerikako Estatu Batuetan. Hain zuzen ere, multinazional erraldoi horrek –zerbitzu birtual berri eta ugariak sortuz bere eragina ikaragarri hedatu baita– talde iruditeria nola baldintzatzen duen da Munduaren hondamen amaigabea eraikiz-en gaia.

Izan ere, informazio bilaketen emaitzak hierarkizatzeko Googlek erabili ohi duen algoritmo jada mitiko eta aldakorra helburu baliagarri eta praktiko batekin jaio zen, baina denboraren poderioz eta erabiltzaileei zerbitzuaren kalitatea hobetzeko aitzakian, interes batez ere komertzialek «kutsatu» egin dute.

Googlek ematen dituen emaitzak ez dira neutralak, baldintzatuta daude, besteak beste, erabiltzailea non dagoen eta nor den, hari buruzko informazioa erabiltzen baitu –bere ordenagailutik egin dituen bilaketen historia– itxuraz erabilgarriagoa gertatuko zaion bilaketa bat egiteko. Erabilgarritasun handiago horren kariaz, orobat, Googlek murriztu egiten du bilaketa bakoitzean eskaintzen dituen emaitzen kopurua ere: emaitza posible guztien artetik zati bat baizik ez du ematen, algoritmoa bera bezala ezagunak ez diren irizpide batzuen arabera hautaturik. 

Horrela, sarea betetzen duten irudiak ere gero eta irizpide politiko, ekonomiko edota are pertsonalen mendeago daude. Esparru publiko birtualean dauden irudien sorta murriztua geratzen da.

Bi etapadun proiektua

Ideia hori abiapuntu harturik eraiki du Juanli Carriónek Munduaren hondamen amaigabea eraikiz proiektua Praxis programarako. Prozesuaren oinarria Googlek «hondamen» hitzerako eta honen gaztelaniazko («ruina») eta ingelesezko («ruin») kideetarako agertzen diren emaitzak –herrenak, ikusi den bezala– erabiliz irudi bilduma bat sortzea da. Artista Victor Burginen saiakera batean oinarritu da. Harentzat argazkiak munduaren aurreko egoera baten arrastoak dira, gauzak nolakoak ziren erakusten duten aztarnak, gauzen galeraz, suntsitzeaz eta desagertzeaz mintzo den objektu bat, eta laburbilduz dio artazki guztien batura munduaren hondakina dela. 

Proiektuak bi zati izango ditu. Lehendabizikoa New Yorkeko Abrons Arts Center-en egingo da, Parts and Labor erakusketaren barruan, zeina, bestalde, Performa biurtekoaren programaren barruan baitago. Azaroaren 4tik abenduaren 9ra Carriónek erakusketaren esparruan lehendabiziko irudi bildumak landuko ditu. Haiekin hiru pieza egingo ditu, bakoitza lehen aipatu den Googleren bilaketan jasotako irudien –gardentasun maila desberdinekin– gainjartzearen emaitza. Hiru paisaia abstraktu aterako dira. Prozesu osoan zehar Abrons Arts Center eta ARTIUM lotuta egongo dira web cam eta skype bidez eta, beraz, aldi berean egin ahal izango da prozesuaren jarraipena bai New Yorketik eta bai Vitoria-Gasteiztik.

Proiektuaren bigarren zatian egoera alderantzikatu egingo da. Abenduaren 13tik aurrera Juanli Carriónek ARTIUMeko Praxisen gunetik lan egingo du, birtualki Abrons Arts Center-ekin loturik. Handik sortze prozesuaren jarraipena egin ahal izango da eta beste hiru pieza egingo ditu. Proiektua amaitzeko instalazio bat egingo du ARTIUMen: Googleko irudiak gordetzeko erabilitako pen-driveekin Carlo Fratacciren Basilica (1864) argazkia –Juanli Carriónen proiektuaren inspirazio iturri izan den Victor Burginen saiakera ilustratzen duena bera– berregingo du.

Burginentzat argazkiak munduaren aurreko egoera baten arrastoak dira, gauzak nolakoak ziren erakusten duten aztarnak, eta laburbilduz dio argazki guztien batura munduaren hondakina dela.

Praxis

ARTIUMen Praxis programa 2010eko urtarrilean abiatu zen, erakusketen programa osatzeko asmoz. Esperimentaziorako laborategi gisa sortu zen, eta bere ezaugarriek ekintza zuzenarekin eta do-it-yourself (zerorrek egizu) delakoaren ohiturarekin zerikusia dute. Oraingo honetan gertatzen den eran, Praxisen proiektu guztietan artistak lehentasuna du artelanaren aldean, eta sortzailearen protagonismoa askoz handiagoa da beste erakusketa-proposamen batzuetan baino. Praxisen barruan era askotako proiektuak sar daitezke, eta elkarrekin izan behar duten gauza bakarra joan den mendeko hirurogeita hamarretako punk mugimenduaren espiritu autogestionarioan inspiratuta egotea da.

Praxiseko beste erakusketa batzuk:

Fernando eta Vicente Roscubas. Super Heroi Euskalduntzarra
Teo Sabando
Jacobo Castellano. Mahai zapia eta oihala
Avelino Sala. Geldi!
Francisco Ruiz de Infante. BlueSky-VGA eta zorte faktorea
Robert Waters. Uncover RECOVER
Wilfredo Prieto. Belardi konstruktibista eta dekonstruktibista, etxeko sofatik ikusita, oinak mahai gainean direla
Itziar Barrio. Atzean, jai taldearen amaieran
Jenny Marketou. Paperophanies
Praxisi buruzko argibide gehiago
 

Volver al listado

Text/HTML

   Minimize

Youtube

 

Categorías

    Berriak Time

       Minimize
    Share |