ARTIUMek Carmelo Ortiz de Elgea, Jose Luis Zumeta eta Daniel Castillejo bilduko ditu Argia barrura erakusketari buruz hitz egiteko
azaroa 09, 2011
Artistek beren lanekin izan ohi duten «aurrez-aurrekoa» ezagutzeko aukera ematen du erakusketak
Argia Barrura erakusketarekin lotutako hitzaldia
Carmelo Ortiz de Elgearen, Jose Luis Zumetaren eta Daniel Castillejo-ren arteko elkarrizketa
Azaroaren 10ean, osteguna. 19:30ean. Emanaldi aretoan
Doako jarduera
Argibide gehiago Argia Barrura erakusketa Prentsa oharra (pdf)
ARTIUM, Vitoria-Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak, Carmelo Ortiz de Elgearen, Jose Luis Zumetaren eta Daniel Castillejo-ren arteko solasaldia aurkeztuko du azaroaren 10ean, osteguna, 19:30ean Emanaldi aretoan. Artista biak eta ARTIUMeko erakusketaren komisarioetako bat solasean arituko dira eta elkarrizketaren gai nagusiak, artistek beren lanarekin izan ohi duten «aurrez-aurrekoa», oihal zuriaren aurrean nola jartzen diren eta margolan bakoitzari zein jarrerarekin ekiten dioten izango dira. Jarduera hau doakoa da.
Carmelo Ortiz de Elgeak (Aretxabaleta, Araba, 1944) eta José Luis Zumetak (Usurbil, 1939) azken hamarraldian egindako formatu handiko 44 obra bildu dira Argia barrura erakusketan. Hegoa aretoa bi gune handitan banatuta dago eta bien artean bateragune bat dago, elkarrizketa sustatzeko. Horretarako bien lanak nahastu egin dira, kideko mintzairak eta proposamenak hautatuz, margolaritzari heltzerakoan duten antzeko intentsitatea erakusteko. Bi margolari hauek zirriborrorik eta aurreideiarik gabe lan egin ohi dute eta ondoko hauek izango dira, hain zuzen ere, elkarrizketaren ardatz batzuk: artistek beren lanekin izan ohi duten «aurrez-aurrekoa», oihal zuriaren aurrean nola jartzen diren eta margolan bakoitzari zein jarrerarekin ekiten dioten.
Carmelo Ortiz de Elgea Euskal Eskolako Orain taldearen kide izan zen eta José Luis Zumenta, berriz, Gaur taldean egon zen. Euskal Eskola izeneko mugimendu artistikoa hirurogeietan garatu zen, eta handik aurrerako Euskal Herriko arte plastikoen bilakaeran eragin handia izan du. Biak jaioterriaren eta Araitz ibarraren artean, Balerdi mendiaren itzalean, bizi dira eta lan egiten dute, beren belaunaldiko euskal sortzaile asko elkartu diren inguru naturala.
Carmelo Ortiz de Elgea margolari erabat autodidakta da. Bere prestakuntza osatzeko Madrilgo Círculo de Bellas Artes delakoan bi egonaldi egin ondoren, euskal artista plastikoak esperimentatzen ari ziren elkarte-giroan murgildu zen margolari gaztea. 1966an Carmelo Ortiz de Elgeak Orain taldea sortu zuen Joaquín Frailerekin eta Juan Miegekin batera. Aurrerago Alberto Schommer argazkilaria eta Jesús Echevarría eskultorea ere talde horren kide izango ziren. Bere erakusketen artean nabarmentzekoak dira Bilboko Arte Ederren Museoan 1984an eta Vitoria-Gasteizko Montehermoso kulturunean 1999an egindako bi atzerabegirako erakusketak, eta baita 2005ean ARTIUMen egin zen Maisulan ezezaguna erakusketan izan zuen parte hartzea ere. Erakusketa hartarako Obra al maestro desconocido izeneko margolana egin zuen Balzac-en nobelan oinarriturik.
Jose Luis Zumeta hamalau urte zituela hasi zen Donostiako Gráficas Valverden lanean, marrazkilari grafiko gisa. Margolaritzarekiko zaletasunak Donostiako Arte eta Lanbideen eskolara eraman zuen, eta baita Gipuzkoako Artisten Elkartean ematen ziren eskoletara ere. Abangoardia artistikoak ezagutzeko grinaz, 1959an Parisera joan zen. 1962 eta 1963 bitartean Estokolmo eta Londresen artean bizi izan zen. 1965ean Gaur taldearen sorreran parte hartu zuen, Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Remigio Mendiburu, Nestor Basterretxea, Rafael Ruiz Balerdi, Amable Arias eta Sistiagarekin batera. José Luis Zumeta gerra ondoko Euskal Herriko artista adierazgarrientzat jo izan da. Bere lanak Bilboko Arte Ederren Museoan, Donostiako San Telmo Museoan, Vitoria-Gasteizko ARTIUM Museoan eta Txileko Santiagoko Museo de la Concordian daude, besteak beste.
Bestalde, bien lantegietan kokaturiko kamera banak erakusketarekin batera abiatu diren bi lanen prozesua ezagutzeko aukera ematen digute. Irudiak zuzenean proiektatzen dira museoko aretoan eta ARTIUMen web gunean ere ikusi ahal dira. Gainera, Argia barrura erakusketaren inguruko katalogoak Anjel Lertxundiren eta Pako Aristiren testuak ditu.
Volver al listado