8 aldaera, 32 mugimendu. Nola egin performance bat ahal den era guztietara… batera izan ezik
urria 25, 2011
ARTIUMek ekintzen aurkezpen publikoak antolatu ditu Esther Ferrer-ek Montehermoson emandako performance-lantegiaren ondoren
Esther Ferrer, lau mugimendutan erakusketarekin lotutako jarduerak
Jendaurreko performanceak. 8 aldaera, 32 mugimendu. Nola egin performance bat ahal den era guztietara… batera izan ezik.
Azaroaren 12tik abenduaren 4ra (8 asteburu)
Argibide gehiago Deialdiaren oinarriak Esther Ferrer-en proposamenak Prentsa oharra (pdf)
ARTIUM, Vitoria-Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak, Montehermoso Kulturunearekin batera, ARTIUMen egingo diren ekintzen jendaurreko aurkezpenak antolatu ditu azaroaren 12tik abenduaren 4ra. Esther Ferrer-ek Montehermoson egin zuen performanceari buruzko lantegiaren ondoren eta ARTIUMeko Esther Ferrer, lau mugimendutan erakusketaren aitzakian, parte hartzaileek ekintza bat burutu ahal izango dute aukeran emango zaien Zentro-Museoko gune batean eta artistak egindako proposamen multzo bat abiapuntu harturik.
8 aldaera, 32 mugimendu. Nola egin performance bat ahal den era guztietara… batera izan ezik jarduerak Esther Ferrer-ek egindako proposamen multzo bat abiapuntu hartzen du. Esku-hartze hauek edonori zabalik daude eta azaroaren 12tik abenduaren 4ra bitartean egingo dira. Esku-hartze horiek jendaurrean aurkeztuko dira, eta 8 egunez –larunbatetan eta igandeetan–, egunean 2 orduz (18:00etatik 20:00etara) egingo dira. Gainera, 32 performance aurkeztu ahal izango dira guztira ARTIUMeko guneetan.
Esther Ferrer-ek Montehermoson egin zuen performanceari buruzko lantegiaren ondoren eta artistak egindako proposamen multzo bat abiapuntu harturik, artistek, egileek edota oro har arte eszenikoetan interesa duten pertsonek bertsio bat burutu ahal izango dute dagoeneko Ferrer-ek egindakoa izan ezik. Proposamenen artean oso izen iradokitzaileak aurkitzen dira: Haizearen arrosa, Zu kalean aurkitu zintudan…, Hatzak, soinua, espazioa, edota Gurutze bide, besteak beste. Ferrer-ek ekintza bat proposatzen du eta bakoitzean adibide bat jartzen du.
Parte hartzaile bakoitzak 30 minutu izango ditu ekintza burutzeko, prestakuntzarako beharko duen denbora barne, eta non egin nahi duen adierazi beharko du: kanpoan (barruko plaza, aurreko aldea eta bazterrak) edo barruan (Atari aretoa, Plaza aretoa eta Ekialde-Goikoa aretoa). ARTIUMek aukeratutako guneen eta parte hartzaileen beharren arabera antolatuko du ekintzen programa.
Izena ematea urriaren 31 arte egin ahal izango da eta parte hartzaile bakoitzak mezu elektroniko bat bidali beharko du izen-abizenak, telefono zenbakia eta helbide elektronikoa emanez variacionesestherferre@artium.org helbidera. Gainera, mezu horretan zein egun eta zein proposamen aukeratu diren adierazi beharko da. Ekintzak burutu ahal izango diren ARTIUMeko guneak ezagutzeko, parte hartzaileek hitzordua egin ahal izango dute Zentro-Museoko jarduera arduraduna den Cristina Redondo-rekin. Esku-hartzea baino astebete lehenago jarriko da Cristina haiekin harremanetan. Asteburu berean esku hartuko dutenak elkartzeko antolatuko ditu Museoak hitzordu horiek.
Bai Esther Ferrer-ek egindako proposamen multzoa nola deialdiaren oinarriak www.artium.org web gunean kontsulta daitezke.
ARTIUMek Esther Ferrer, lau mugimendutan –urtarrilaren 7ra arte Zentro-Museoan ikusi ahal izango da– erakusketa dela eta era askotako jarduerak antolatu ditu. Horrela, urriaren 7an Esther Ferrer-ek performance bat aurkeztu zuen eta urriaren 8an, Rosa Olivares komisarioarekin batera bere lanaz eta bere ibilbide artistikoaz hitz egin zuen. Gainera, urriaren 26an, asteazkena, eta urriaren 27an, osteguna, 19:30ean Emanaldi aretoan Margarita Aizpuruk eta David Perezek artistaren lanaz hitz egingo dute hurrenez hurren.
Volver al listado