ARTIUMek artearen, feminismoaren eta jarduera mikropolitiko garaikideen inguruko urte osoko zikloa eskainiko du
urria 20, 2011
Alderdi subjektiboa-k hiru emakume artistaren erakusketekin batera proiektatuko diren beste hainbeste ikus-entzunezko programa izango ditu
Margarita Aizpuruk eta David Perezek Esther Ferreren lanaren inguruko hitzaldiak emango dituzte
Zinema zikloa: Alderdi subjektiboa. 1. Programa_ Talking back
Urriaren 22tik, larunbata, azaroaren 6ra, igandea (6 saio)
Proiekzio guztiak 19:30ean, jatorrizko bertsioan eta gaztelaniazko azpitituluekin
Doako jarduera. Toki mugatua
Emanaldi aretoan
Komisarioak: Montse Romaní eta Virginia Villaplana
Babesleak: Eulen taldea
Kolaboratzaileak: Goethe Institut eta Filmoteca de Catalunya
Hitzaldiak: Lau mugimendutan
Urriaren 26an, asteazkena. Margarita Aizpuru
Urriaren 27an, osteguna. David Perez
Emanaldi aretoan. 19:30ean. Sarrera doan
Argibide gehiago Eugènia Balcells Helke Sander HItzaldiak Prentsa oharra (pdf)
ARTIUM, Vitoria-Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak, artearen, feminismoaren eta jarduera mikropolitiko garaikideen arteko harremanean sortutako era bateko eta besteko kontrako jarrera sinbolikoak aztertu nahian, dokumentalen eta film laburren sorta bat eskainiko du, genero honi eta fikzioa ez den edozein mugako adierazpen heterodoxori hurbildu nahian. Lehendabiziko programa honetan, Talking Back, eta Esther Ferrer. Lau mugimendutan erakusketaren testuinguruan, hamar pelikula proiektatuko dira urriaren 22tik (larunbata) azaroaren 6ra bitartean (igandea), zortzi saiotan banatuta. Gainera, urriaren 26an eta 27an 19:30ean Margarita Aizpuru-k eta David Perez-ek artista donostiarren lanaren inguruko hitzaldi bana emango dituzte.
Talking Back-ek –Alderdi Subjektiboa urte osoko zikloaren lehendabiziko programa– Esther Ferrer-en erakusketarekin zerikusia du eta bell hooks idazle eta ekintzaileak plaza irekian, etxe barruan, oroimenean eta historian genero harremanak ikusarazteko 1989an idatzi zuen liburuaren izenburua hartu du. Programa honek beren lanekin irudiaren eta hedabideen esperimentazioari, irudikapen politikoaren estrategiei, oroimenaren kontra-narrazioen eta sortzeko autonomiaren inguruko funtsezko ondarea eratu duten emakume artistei eta zinegileei ahotsa emango die.
Zinema zikloa urriaren 22an, larunbata, hasiko da Eugènia Balcells (Bartzelona, 1943) ikusizko artista eta Estatuko bideogintzan eta instalaziogintzan aitzindari denaren lau film laburrekin: 133 Eugeni Bonetekin batera zuzendua, abenduaren 13an eGolem ikus-entzunezko bere lana aurkeztuko duena; Boy meets girl, egunkari, aldizkari eta abarretatik hartutako mila irudi baino gehiago erabiliz egindako pelikula; Fuga, irudiaren, espazioaren eta denboraren arteko harremanari buruzko gogoeta; eta Álbum, egilearen bizipenak eta oroitzapenak kontatzen dituena.
Zikloak urriaren 23an, igandea, jarraituko du A la vuelta del grito eta Daguerreotypes pelikulen proiekzioarekin. Lehenengoa Colectivo de Cine de Clase taldeak egin zuen 1977 eta 1978. urteen artean eta Helena Lumbreras-ek (Cuenca 1935- Bartzelona 1995) eta Mariano Luisa-k osatzen zutena. Pelikula, lantegiak itxi eta jendea kaleratzen zen, eta sindikatuek aldarrikapenak egiten zituzten garai batean bizitako krisi egoeraren isla da. Bigarrena, Draguerreotypes, Agnès Varda (Brusela, 1928) zinema feministaren aitzindariak kamera ia mugitu gabe egin zuen. Varda-k Pariseko Daguerre kaleko bere auzokoen eguneroko bizitza filmatu zuen
Urriaren 29an, larunbata, Habiba Djahnine-ren (Aljeria, 1968) Carta a mi hermana aurkeztuko da. Errealizadore feministak bere ahizparen hilketaren istorioa kontatzen du, 1995. urtean gertatua, emakumeen eskubideak defendatu eta sustatzeko elkartearen buru zela. Hamar urte igaro ondoren bere ahizpa hil zuten herrira itzuli da Djahnine familiari, auzokideei eta lagunei egindako elkarrizketen bidez gertatu zena azaltzeko.
Hurrengo egunean, urriaren 30an, igandea, Talking back programak Cecilia Barriga-ren (Chile, 1957) 5000 feminismos dokumentala aurkeztuko du. 2009an egin ziren Jornadas Feministas Granada treinta años después: Aquí y ahora jardunaldiei buruzkoa. Edukiez gainera, 5000 pertsona bildu zituen topaketa horietan bizi izan zen gogoeta eta subertsio giroa ere erakusten da.
Azaroaren 5ean, larunbata, zikloak Helke Sander (Berlin, 1937) idazle eta zuzendariaren El factor subjetivo dokumentalarekin jarraituko du. Antzeztutako eszenen, dokumentu historikoen fikziozko pelikulen eszenen eta dokumentu zatien bidez Sander-ek feminismoaren hasierari buruzko bere bertsioa kontatzen du.
Zinema zikloa azaroaren 6an, igandea, bukatuko da Absent present pelikularen proiekzioarekin. Angelika Levi-k (Bonn, 1961) Benjis bere lagunaren istorioa kontzen du. Benjis errefuxiatu gisa hartu zuten Alemaniako Errepublika Demokratikoan 4 zituela, eta 10 urterekin aberriratu zuten namibiarra da. Bere etxea bezala sentitzen duen Europara bueltatzeko Benjis-en borroka, nortasun nazionalaren galera eta aberririk gabe geratzea Angelika Levi-ren obsesioetako batekin lotzen da: herritarren eskubideen murrizketa.
Hitzaldiak
Bestalde, eta Esther Ferrer. Lau mugimendutan erakusketaren inguruko jarduerekin jarraituz, urriaren 26an, asteazkena, 19:30ean Emanaldi aretoan Margarita Aizpuru komisarioak Esther Ferrer nazioarteko performancearen garapenean izan duen garrantziaz hitz egingo du.
Margarita Aizpuru Zuzenbidean eta Geografia eta Historian –“artearen historian” espezialitatean– lizentziaduna da. Gainera, Asociación Mujeres en las Artes Visuales (MAV) delakoaren lehendakariordea izan da eta komisario eta arte kritiko lanetan aritzen da, askoan genero ikuspegi eta/edo ikuspegi feministatik.
Urriaren 27an, osteguna, 19:30ean David Pérez Esther Ferrer-en lanean agertzen den denbora kontzeptuaz hitz egingo du. David Pérez arte ederretan doktorea da, Universitat Politècniva de Valencia delakoan irakasle tituluduna da eta asko idatzi du arteari, feminismoari eta estetikari buruz.
Biek Esther Ferrer. Lau mugimendutan erakusketaren katalogoan parte hartu dute. Liburuak artistaren ibilbidearen berrikuste bat egiten du erakusketa eratzen den lau kontzeptuen bitartez: Denbora (David Perez), Amaigabea (Sergio Rubira), Errepikapena (Tom Johnson) eta Presentzia (Alberto Sanchez Balmisa). Gainera, Margarita Aizpuru-ren performancearen inguruko gogoeta eta Rosa Olivares-en sarrera testu bat agertzen dira.
Volver al listado