Berriak

Berriak

   Minimize

Elena Asins, 2011ko Arte Plastikoen Sari Nazionalaren irabazlea ARTIUMeko Atari aretoan

urria 19, 2011

Gasteiztar zentro-museoaren Bildumako hiru lan daude egun Madrilgo Sofia Erregina Museoak antolatu dion Frangmentos de la memoria erakusketan
 

Prentsa oharra (pdf)

ARTIUM, Arte Garaikideko euskal Zentro-Museoak bere Bildumako bost lan dauzka Atari aretoan Elena Asinsek izenpetuak. Artista honek aurtengo Arte Plastikoen Sari Nazionala jaso du, eta Kultura Ministerioak atzo eman zuen epaiaren berri. Erakusketa xume hontan ez dira, ordea, hiru lan bikainenak egongo, Madrilgo Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofían urriaren 31 arte zabalik egongo den Fragmentos de la memoria artista honi eskainitako erakusketan baitaude. Elena Asins artista plastikoa, idazlea, hizlaria eta arte kritikoa aitzindarietako bat da informatika arte plastikoei ezartzean. «Bere ibilbidearen koherentzia, eta bere lanaren bizitasuna, konplexutasuna eta ugaritasuna» dela eta erabaki zuen saria berari ematea.

1976tik dago Elena Asinsen lana egungo ARTIUM Bilduman, garai hartan Arabako Foru Aldundiaren Bilduma esaten zitzaion hartan. Egun Reina Sofian ikusgai dauden hiru piezak 1975ekoak dira: Ritmo oblícuo-negativo, Ritmo oblicuo-positivo eta Serie blanco y negro, hirurak formatu handikoak, Txinako tintaz kartulina gainean eta ordenagailuz lagundutako sistema baten bidez eginak. Hirugarrena, hain zuzen ere, MNCARSek argitaratu duen katalogoaren azalerako aukeratu da.

Baina ARTIUM Bilduman Elena Asinsen beste zortzi lan daude, aurrekoak baino formatu txikiagokoak, ez ordea garrantzi gutxiagokoak artistaren ekoizpenean. Nabarmentzekoak dira Geometría negra, Geometría blanca eta Extremos mutilados izenekoak, guztiak hirurogeita hamarren erdi aldekoak eta kartulina gainean tintaz eginak, Verticales izeneko bi piezak bezala. Berriagoak dira Cartel de exposición (Menhires), 1996ko serigrafia bat, Zaragozako Luzán aretoaren emaitza, eta baita Dólmenes eta Menhires ere, biak 1995ekoak, eta Ipiña Bidaurrazaga bildumaren gordailukoak.

Araban artistaren eskulturak ere badira aire zabalean, Menhires para la infancia Vitoria-Gasteizen eta Albiko Trikuharri II Berantevillan. Zarauzko itsas-hesian, berriz, Canons22 eskultura dago.

Elena Asinsek –artista plastiko, idazle, hizlari eta arte kritikoa– unibertsitate askotan egin du bere prestakuntza, esate baterako Parisko Arte Ederren Eskolan, Stuttgarteko Unibertsitatean, New Yorkeko New School for Social Research delakoan, Madrilgo Konplutense Unibertsitatean edota Columbia Universityn. Azken horretatik arte plastikoetan baliabide digitalak erabiltzeari buruzko ikeketa batean parte hartzera gonbidatu zuten. Lanean daramatzan berrogei urte baino gehiagoan berrogei bakarkako erakusketa egin ditu herrialde batzuetan eta besteetan. Gainera asko idatzi du artean eta estetikan espezializatutako aldizkarietarako, hala Espainian, nola Frantzian,Alemanian edota Estatu Batuetan. Nabarmentzekoak dira bere poesia esperimentaleko poemak eta Ensayos únicos sobre estética saiakera.

Elena Asinsek abangoardiako espiritua izan du beti, eta «artean esperimentatu egin behar» dela sinetsirik egon da. Informatika eta artea estu loturik daudela erakusten ahalegindu da beti, hizkuntza aratz eta iraultzaile baten bidez eta era askotako formatuak erabiliz (poesia, marrazkiak, bideoak, liburuak eta eskulturak). Bere lana ARTIUM, MNCARS, IVAM eta Bilboko Arte Eder museoetako bildumetan dago, besteak beste. Elena Asinsen aurretik Adolfo Schlosser-i (1991), Miguel Ángel Campanori (1996), Cristino de Verari (1998), Alfredo Alcaíni (2003), Esther Ferrer-i (2008), Nacho Criadori (2009) eta Santiago Sierrari (2010) eman zaie saria, azken honek uko egin bazion ere.

 

Volver al listado

Text/HTML

   Minimize

Youtube

 

Categorías

    Berriak Time

       Minimize
    Share |