ARTIUM-ek Katastrofeak erakusketa pedagogikoa aurkeztu du
urria 17, 2011
Zentro-museoaren Bildumako lanek osatutako erakusketa honek katastrofe kontzeptua aztertu nahi du gizarte garaikidean
Erakusketa pedagogikoa
Katastrofeak
Atari aretoa, 2011ko urriaren 8tik 2012ko ekainaren 10era
ARTIUM Bildumako lanak. Egileak: Mikel Eskauriaza, Kcho, Jorge Oteiza, Rogelio Lopez Cuenca, Valeriano Lopez, Carles Congost eta Shirin Neshat
Komisarioa: Charo Garaigorta
Ekoizlea: ARTIUM (Vitoria-Gasteiz)
Erakusketa hau doakoa da
Argibide gehiago Prentsa oharra (pdf)
ARTIUM, Vitoria-Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoak Katastrofeak erakusketa aurkeztu du, Hezkuntza Sailak Bildumako lanekin osatua. Erakusketaren helburua, besteak beste, ARTIUMen era guztietako taldeekin –hala eskolako haurrak nola bisitari helduak– garatzen diren jarduera eta lantegi pedagogikoetarako lagungarri izatea da. Gainera, erakusketa honen bidez pertsona baten bizitzan zein eratako katastrofeak gerta daitezkeen hausnartuko da, horretarako elkarrizketarako gune bat sortuko da jarduera eta lantegietan gutako bakoitzak katastrofearen aurrean ditugun sentipenak hitzez adierazteko eta gauzatzeko. Zortzi artelan biltzen ditu erakusketak, eta tartean margolanak, argazkiak eta eskulturak daude.
ARTIUMeko Hezkuntza Sailaren erakusketak aurrekoen metodologia bera darabil, hau da, galderak egitea, bai orokorrak –zer ikas dezakegu honekin guztiarekin?, zer adierazten digu geure buruaz?–, eta baita zehatzagoak ere, artelan bakoitza jorratzen den gaiarekin lotuz. Erakusketa honen abiapuntuan kontzeptu zabalago bat dago: katastrofe bat naturala izan daiteke, baina baita emozionala, banakoarena, familiakoa edota taldearena ere. Pertsona batek beste norbait, lana eta abar gal ditzake, edota katastrofe izan daitekeen beste zeinahi esperientzia gerta dakioke. Horrela, erakusketaren xedea pertsona baten bizitzan gerta daitezkeen katastrofeei aurre egiten eta modu positibo batean konponbide bat aurkitzen laguntzea da.
Erakusketan ARTIUM Bildumako lanak daude ikusgai, eta katastrofe kontzeptua aztertu nahian, obra bakoitzaren ondoan galdera bat dago. Rogelio Lopez Cuenca-ren argazkiarekin adibidez –Welcome to Paradise– irudiaren eta hitzen artean dagoen kontraesana aztertzea eskatzen da. Valeriano Lopez-en tamaina handiko argazki batek –Top Balsa– immigrazioaren inguruan gogoeta eginarazten du, «Norantz doaz pertsona hauek?», galdetzen du argazki oinak. «Zer gertatu zaio pertsona honi? galdera, berriz, pertsona bati gerta dakizkiokeen era bateko eta besteko katastrofeen inguruan hitz egiteko abiapuntua da. Hondamendi zehatzak ere badaude, nuklearra adibidez, Jorge Oteizaren Estela funeraria señalando la proximidad de Lemoiz eskulturan gauzatua.
Galderen ondoren, lantegiko ekintza dator. Hortik aurrera, bisitariek era askotako jarduera eta lantegietan parte hartuko dute, bakoitzak bere interesen arabera. Hezkuntza jarduerak zentro-museoan ikusgai dauden lanei lotuak daude; beraz, taldeak proposatzen duen gaiaren arabera, erakusketa batzuen eta besteen obren inguruan gogoeta egingo da.
Katastrofeak, orain bederatzi urte ARTIUMen talde zehatzentzat euskarri pedagogiko izateko xedez egiten hasi ziren erakusketen sortakoa da. Hasiera batean haurrentzako erakusketak ziren, eta horregatik, muntaketa modu berezian egiten zen, eta testuak ere haurrentzako egokituak egon ohi ziren. Baina bilakaera bat izan dute eta gaur egun Hezkuntza Sailak, besteak beste, hirugarren adinekoen zentroekin, Arabako Ospitale Psikiatrikoarekin eta drogamendetasunen eguneko zentroekin garatzen dituen programetan hezitzeko tresna gisa ere erabiltzen dira. Zentzu horretan, ARTIUMen Bildumako funtsetik egiten diren formatu txikiko erakusketa hauek arte garaikidea modu erraz eta dinamikoan ezagutarazteko diseinatuta daude, eta gai zehatz baten ingurukoak izaten dira beti, artelanen esanahi ugariak analizatzen eta interpretatzen ikasteko.
Volver al listado