ARTIUMek Araba: artearen agertoki garaikidea liburu erakusketa aurkeztu du
urria 11, 2011
Erakusketa honen gaia Araba inspirazio iturri izan duten artista, idazle, musikagile eta zinemagileen lana da
Liburu erakusketa
Araba: Artearen agertoki garaikidea
Mintegi aretoa, urriaren 8tik 2012ko apirilaren 8ra
Komisariotza: ARTIUMeko Dokumentazio Zentroa
Ekoizlea: ARTIUM
Argibide gehiago Online baliabideak Prentsa oharra (pdf)
ARTIUM, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak Araba: artearen agertoki garaikidea liburu erakusketa aurkeztu du (Mintegi aretoa, urriaren 8tik 2012ko apirilaren 8ra), monografia, erreferentzia liburu, erakusketen katalogo, musika, pelikula eta ikus-entzunezko beste material mota batzuen sorta hautatua. Guztiak ARTIUMen Liburutegi eta Dokumentazio Zentrokoak dira. Gainera, edukien kudeatzaile birtual batek dokumentatuko du erakusketa, eta han, denboran zehar Araba artearen agertoki nola izan den erakustiko da, liburuen, bideoen eta gaiari buruzko web baliabideen bidez.
Arabako probintzia idazle, argazkilari, musikagile eta eskultore ugariren inspirazio iturri izan da. Araba: artearen agertoki garaikidea erakusketaren asmoa arte garaikidearen adierazpide batzuetarako eta besteetarako motibo, euskarri edota agertoki izan diren lurraldeko toki batzuk eta besteak ezagutaraztea da: artelanetan islaturik geratu diren Vitoria-Gasteizko eta landa inguruetako paisaia, hirigintza eta arkitektura, hain zuzen ere. Ikusgai egongo dira, besteak beste, Mauro Entrialgoren, Jabier Etxagibelen edota Álvaro Ortegaren komikiak eta baita Toti Martinez de Lezearen, Ken Folleten edota Patxi Zubizarretaren liburuak ere.
Araban inspiraturiko edota filmatutako pelikulak ere izango dira erakusketan, Oskorri, Potato edo Barricada taldeen, Wynton Marsalis jazzeko musikagilearen eta Alfredo Donnay arabako abesti herritarren egilearen diskoak ere bai. Erakusketa aretoan ordenagailu pantaila batzuk egongo dira eta bertan bisitariek pelikulen eszenak, komikiak, argazkiak eta abestiak ikusi eta entzun ahal izango dituzte.
Erakusketa aretoko hormetan Mundina artistak egin dituen marrazkiak daude gainera, era bateko eta besteko lanak inspirazio iturri harturik egin dituena. Esate baterako, Vitoria-Gasteizko Santa Maria katedralaren atean apaiz bat eta mutiko bat agertzen diren Alberto Schommer-en 1951ko argazki bat, pelikulen fotogramak –Juanma Bajo Ulloaren Frágil eta La madre muerta–; eskultura bat, Eduardo Chillidaren Euskal Foruen monumentu-plaza; margolanak, esate baterako Carlos Marcoteren Gasolinera, Carmelo Ortiz de Elgearen Vitoria… Mundina komikiak ere erabili ditu, esate baterako, Vitoria-Gasteiz: los felices 85, hiriko bazter batzuk eta besteak marraztu dituzten gasteiztar ilustratzaileen lanak jasotzen dituen katalogo bat. Handik atera ditu Vitoria-Gasteizen gainean hegan dabilen helikopteroaren marrazkia, Andoni Gazteluaren Tropikala? komikikoa, eta Forondako aireportuaren dorrea, Kiniren lntriga en Foronda komikikoa.
Arabako arteari buruzko datu base zabal batek osatzen du erakusketa, ARTIUM Liburutegiaren web gunean ikus daitekeena. Bertan testuinguru historikoari eta Araban arteak izan duen bilakaerari buruzko informazioa aurki daiteke, onlineko baliabide ugari eta baita ARTIUMen Dokumentazio Zentroaren baliabideak ere. Web gune horretan Arabako artistei buruzko datu base bat ere badago, ilustratzaile, margolari, kantari, idazle, zinema zuzendari eta eskultoreak barne.
Web gunean artearen adar bateko eta besteko irudien sorta bat ere aurki daiteke, esate baterako instalazioak, bideo-instalazioak, argazkiak, eskulturak, Araban grabatutako bideo-klipak –La polla records-en Txus, Mikel Urdangarinen Anek idatzi dit zutaz eta Kodigo Norteren One Love/ One Shot, esate baterako. Lurraldeari buruz mintzo diren abestiak ere bai, ARTIUMen Liburutegi eta Dokumentazio Zentroan eska daitezkeenak.
Bestalde, ARTIUMen Dokumentazio Zentrotik datu baseak osatzen laguntzeko deia zabaldu die erabiltzaileei beren proposamena biblioteca@artium.org–era bidaliz. Horrela Araban egindako abesti, bideo-klip, pelikula, performance eta argazkien zerrenda, eta Arabako lurraldean dauden eskulturena osatuz joango da. Baldintza bakarra, lan horien inspirazio iturri Araba izatea da.
Volver al listado