Acción Cultural Españolak eta ARTIUMek Esther Ferrer. Lau mugimendutan.erakuskta aurkeztu dute
urria 07, 2011
Denbora, infinitua, errepikatzea eta presentzia kontzeptuen inguruan, erakusketan objektuak, instalazioak eta performanceei buruzko dokumentazioa bildu dira, artistaren ibilbidean funtsezkoak
Erakusketa
Esther Ferrer. Lau mugimendutan
Iparra aretoa, 2011ko urriaren 8tik 2012ko urtarrilaren 8ra
Komisarioa: Rosa Olivares
Antolatzaileak: ARTIUM (Vitoria-Gasteiz) eta Acción Cultural Española (AC/E), eta ekoizpenean laguntzaileak: Es baluard (Palma) eta Centro Gallego de Arte Contemporáneo (Compostelako Donejakue)
Babesleak: Naturgas eta Arabako Foru Aldundia
Erakusketaren katalogoa, ARTIUMek eta AC/E-k argitaratua. Testuen egileak: David Pérez, Tom Johnson, Sergio Rubira, Alberto Sánchez Balmisa, Margarita de Aizpuru eta Rosa Olivares.
Esther Ferrer-en performancea: urriaren 7an, ostirala, 17:30ean
Inaugurazioa: urriaren 8an, larunbata, 20:00etan
Argibide gehiago Prentsa oharra (pdf)
ARTIUM, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak eta Acción Cultural Españolak (AC/E) Esther Ferrer-en Lau mugimendutan erakusketa aurkeztu dute (Iparra aretoa, 2011ko urriaren 8tik 2012ko urtarrilaren 8ra). Erakusketa lau sailetan antolatu da, denbora, infinitua, errepikatzea eta presentzia kontzeptuen inguruan, gipuzkoar artistaren ibilbidea ulertzeko funtsezkoak. Objektu batek, instalazio batek eta bere performanceen bideo eta dokumentuek irudikatzen dute kontzeptu horietako bakoitza. Erakusketaren katalogoa ARTIUMek eta AC/E-k argitaratu dute elkarlanean, testuen egileak David Pérez, Rosa Olivares, Tom Johnson, Sergio Rubira, Alberto Sánchez Balmisa eta Margarita de Aizpuru izan dira, eta komisarioa Rosa Olivares. Esther Ferrer. Lau mugimendutan AC/E-k eta ARTIUMek antolatu dute, eta Es baluardek (Palma) eta Centro Gallego de Arte Contemporáneo-k (Compostelako Donejakue) ekoizten lagundu dute. Hain zuzen ere, 2012an bi museo horietara eramango da erakusketa. Naturgas-en eta Arabako Foru Aldundiaren babesa izan du.
Esther Ferrer (Donostia, 1937) espainiar arte garaikidearen irudi nagusietako bat da dudarik gabe. Hala ere, sortzen hainbeste urte eman arren, eta hirurogeietatik hona egin dituen serie ugariak, mundu osoan zehar aurkeztu dituen performance ugariak eta nazioartean performer garrantzitsuenetakotzat duen ospea gorabehera, Espainian bere lana ez da neurri berean balioetsi. Euskal Herrian egin dituen bakarkako erakusketa batzuk eta, azken urteetan batez ere, egin dituen lantegi eta performanceek zertxobait zabaldu dute bere ospea, baina, nolanahi dela ere, 2008an Arte Plastikoen Sari Nazionala jaso zuen arte ez da benetan ezaguna egin. Hortik aurrera hasi da kontzeptuzko arteari egin dion ekarpena nabarmenagoa egiten.
Lau mugimendutan ez da erakusketa antologikoa eta ezta Esther Ferrer-en atzerabegirako bat ere, aitzitik, bere lan guztiaren atzean dauden funtsezko kontzeptuak ezagutarazteko modu bat da, hots, denbora, infinitua, errepikatzea eta presentzia. Erakusketa, beraz, lau kontzeptu horietatik abiaturik taxutu da, bakoitza Esther Ferrer-en era bateko eta besteko lanen bidez irudikatuz: objektuak (argazkiak, laukiak nahiz beste edozein «gauza»), aretoan bertan egindako instalazioak eta performanceak. Azken hauek era askotako dokumentuen bidez aurkeztu dira: marrazkiak, argazkiak, bideoak… Horrela, lan jakin batzuen kopuru mugatuaren bidez laburbildu dira Esther Ferrer-ek bere ibilbide osoan zehar landu dituen gaiak.
Esate baterako, Esther Ferrer-en lanean bi argazki serie ezagunek -Autorretrato en el tiempo eta Autorretrato en el espacio–, El hilo del tiempo instalazioak eta bere performanceetako batzuen –Al ritmo del tiempo (1 eta 2), Dar tiempo al tiempo, La primera media hora y El tiempo de la performance– partiturek eta dokumentazioak irudikatzen dute «denbora» kontzeptua. Jarraian, «infinitua»-ri eskainitako eremuan El muro de los inmortales-en instalazioa eta partitura daude, eta baita Los infinitos izeneko entzunezko lan bat ere. Kontzeptu horren beraren inguruan marrazki eta oihal serie bana –biak Pi izenekoak– eta Los decimales de Pi daude gainera, Esther Ferrer-ek zenbakien munduarekiko beti izan duen interesaren erakusle.
«Errepikatze»-ari eskainitako atalean, artistak zenbait aldaera egin ditu Recorrer un cuadrado de todas las formas posibles ekintzaren inguruan. Espazioan kokatutako instalazio batek, horman egindako marrazkiek, tipula-paper gainean egindako marrazki serie batek eta izen bereko performanceari buruzko dokumentazioak osatzen dute sail hau. Azkenik, «presentzia» kontzeptuak ikuslearen parte-hartzea eskatzen duen beste instalazio erraldoi bat du, En el marco del arte izenekoa, 1999an Veneziako Biennalen espainiar pabiloia ordezteko egina eta espainiar estatuan lehendabiziko aldiz ikus daitekeena. Horren aldamenean lauki sorta bat: La puerta sin puerta, En el marco del arte naturista ó En el marco del arte moderno eta En el marco del arte postmoderno, besteak beste. Eta baita En el marco de la historia del arte instalazioa eta En el marco del arte ekintzaren bideozko dokumentazioa ere.
Esther Ferrer
Esther Ferrer bere performanceengatik da, batez ere, ezaguna, hori baita 1965 urtetik bere adierazpide nagusia, nahiz bakarka nahiz ZAJ taldearen kide gisa (1996an desegin zen arte).
Bere lana beti bideratu izan da iraupen gutxiko ekintzetara ekoizpen artistiko iraunkorragoak egitera baino. Hirurogeien hasieran Adierazpen Libreko lehen lantegia sortu zuen José Antonio Sistiaga margolariarekin batera, eta baita eskola esperimental bat ere, Elorrion (Bizkaia). Jarduera hori Espainiako beste antzeko talde batzuen inspirazio iturri izan zen.
Hirurogeita hamarren erdi aldetik aurrera landutako argazkiak, instalazioak, objektuak, zenbaki lehenen seriean eta Pi-n oinarritutako laukiak eta abar egiten hasi zen. Bere lana oso minimalismo berezikoa da, batzuetan berak «riguroso absurdo» (zentzugabekeria zorrotza) esaten dion estilo bat.
Esther Ferrer mundu osoan barrena aritu da performanceak egiten, Espainian, Alemanian, Italian, Suitzan, Belgikan, Frantzian, Danimarkan, Norvegian, Ingalaterran, Herbeheretan, Polonian, Eslovakian, Txekiar Errepublikan, Hungarian, Bulgarian, Mexikon, Brasilen, Kuban, Estatu Batuetan, Kanadan, Thailandian, Japonian, Korean, eta abar.
Gainera, sarritan erakusten ditu bere lan plastikoak. Ondoko tokietan egindako erakusketak nabarmenduko genituzke: Madrilgo Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofían; Vitoria-Gasteizko Trayecto Galerian; Bartzelonako Galeria Angelsen; Compostelako Donejakueko Trinta galerian; Donostiako Koldo Mitxelenan; Sevillako Centro Andaluz de Arte Contemporáneon; Stuttgart-eko (Alemania) Staatsgalerien; Roskildeko (Danimarka) Arte Garaikideko Museoan; Rio de Janeiroko (Brasil) Arte Ederren Museoan; Erromako (Italia) Cervantes Institutuan, Sofian (Bulgaria), Sao Paulon eta Bahian (Brasil).
Ikastaro ugari eman ditu Unibertsitate eta Arte Ederren eskoletan, hala Espainian nola atzerrian. Eta irratsaioak ere egin ditu, esate baterako, Al ritmo del tiempo, TA TE TI TO TU edota La agricultura en la Edad Media.
1999an Veneziako Biennalean Espainia ordeztu zuten bi artistetako bat izan zen, eta 2008an Arte Plastikoen Sari Nazionala eman zitzaion.
Volver al listado