Berriak

Berriak

   Minimize

ARTIUMek Paperophanies aurkeztu du, Jenny Marketouren Praxis programarako proiektua

urria 05, 2011

Greziar artistak paperezko jantzigintza, hizkuntza eta performancea darabiltza egungo munduaren eta kontestu sozio-politikoaren egoera hauskorraren metafora bat egiteko
 

Erakusketa
Praxis.
Jenny Marketou.
Paperophanies
Iparra aretoa, 2011ko urriaren 8tik abenduaren 11ra
Ekoizlea: ARTIUM (Vitoria-Gasteiz)
Komisarioa: Blanca de la Torre
Jarduerak: Jenny Marketourekin solasean (urriaren 13an, osteguna, 19:00etan); lantegietan parte hartu dutenen desfilea (azaroaren 25ean, ostirala); familientzako jarduerak: Good morning ARTIUM (urriaren 12an eta azaroaren 20an eta 27an)
http://paperophanies.wordpress.com/    www.jennymarketou.com/

Argibide gehiago    Prentsa oharra (pdf)

ARTIUM, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak Paperophanies (Iparra aretoan, 2011ko urriaren 8tik abenduaren 11ra) aurkeztu du, New Yorken bizi den greziar jatorriko Jenny Marketou artistak Praxis programarako egin duen proiektua. Marketou zenbat lantegi egiten ari da bertakoen, artisten eta ikasleen parte hartzearekin, paperezko jantzigintza , hizkuntza eta performancea elkartuz egungo munduaren eta kontestu sozio-politikoaren egoera hauskorraren metafora bat egiteko. Praxis programan ohikoa den bezala, proiektuak fanzine baten argitalpena dakar berekin. Paperophanies ARTIUMek ekoitzi du eta Blanca de la Torre da komisarioa.

Paperezko jantzien erabilera hirurogeietan zabaldu zen AEBetan, «erabili eta bota» kulturaren ondorioz. Inprimatuak garaiko joera artistikoetan zuten inspirazio iturria, pop art eta op art joeretan, esate baterako. Moda honek ez zuen hirurogeiko hamarkadatik harago iraun, baina hamarraldi hartan eduki politikoko eta propagandako mezuak zabaltzeko tresna ezin hobea izan zen: manifestazioak eta elkarretaratzeak soineko-posterren etengabeko desfile bihurtu ohi ziren. 

Jenny Marketouk jantzi haien botere ikonikoagatik berreskuratu du moda hau, sortu ziren urte haietako optimismoa, freskotasuna eta espiritu kartsua irudikatzen baititu. Artistak P-erako sortu dituen eta jendea sortzera animatzen dituen jantziak unisex direlakoak dira, gorputzaren akats nahiz bertuteak nabarmentzen ez dituzten patroiekin eginak eta «hauskor» hitzarekin zerikusia duten mezuak daramatzate, egungo gizarte eta ekonomia sistemaren metafora gisa.

Soineko bakoitzak bere egilearen izena eramango du, argazkia egingo zaio eta katalogatu egingo da eta ondoren, aretoan banatuta dauden manikiei jarriko zaizkie. Diseinu horiek lantegi-museoan egongo dira proiektuak dirauen bitartean azken ekintza egin arte. Amaitzeko, izan ere, parte hartzaile guztiek performance-manifestazio bat egingo dute, lantegietan egindako jantziak soinean dituztela.

Paperophanies-ek artearen, estiloaren, modaren, mugikortasunaren, subjektibotasunaren eta estrategia publiko performatzaileen arteko alkarlana aztertu nahi du, alderdi sozialak, politikoak eta ekonomikoak jorratzeko eta DIY delakoa («do-it-yourself» edota «zeuk egizu») eta opariaren ekonomia sustatu nahi ditu, Jenny Marketouren lanean behin eta berriz agertzen diren gaiak.

Jenny Marketou

Jenny Marketou, Greziako Atenasen jaio zen eta New Yorken bizi da. Bere lanean era guztietako bideak jorratzen ditu, performancearen eta esku-hartze publiko eta pribatuen nahasketa, bideo-instalazioak, kanal bakarreko bideoa, argazkia, webeko proiektuak, hezkuntza, hitzaldiak eta gizarte ekintzako beste modu batzuk. Korpus artistiko bat sortu du bideoa, teknologia digitalak eta gizarte sareak erabiliz, eta guztiek elkarrekin dituzten ezaugarriak amultsutasuna eta beldurra dira. Eta baita norbanakoarekiko umore ona ere, komunikazio masifikatu, mugikortasun, zaintza eta gizarte sareen egungo mundu honetan. Merketouk New Yorkeko Cooper Union School delakoan eman ditu eskolak eta hitzaldi ugaritan parte hartu du mundu osoko erakunde akademiko eta arte zentroetan. Great Longing: The Greek of Astoria, New York liburuaren egilea da, Astorian (Queens) finkatu ziren greziarren lehen belaunaldikoei egindako elkarrizketa eta argazkiekin.

Duela gutxi bakarkako erakusketak egin ditu Atenasko Arte Garaikideko Nazio Museoan, Veneziako Fondazione Claudio Buziolen eta eta Madrilgo Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofían. Aipatzekoak dira Tina B Jaialdiarekin eta Trevisoko arte eta diseinu eskolako ikasleekin izan dituen lankidetzak ere. Silver, bere aire zabaleko instalazio seriea, Gateways: Art and Networked Culture erakusketan dago egun ikusgai, Tllinn-eko (Estonia) Kumu Art Museum-en.
 
Praxis

ARTIUMen Praxis programa 2010eko urtarrilean abiatu zen, erakusketen programa osatzeko asmoz. Esperimentaziorako laborategi gisa sortu zen, eta bere ezaugarriek ekintza zuzenarekin eta do-it-yourself (zerorrek egizu) delakoaren ohiturarekin zerikusia dute. Oraingo honetan gertatzen den eran, Praxisen proiektu guztietan artistak lehentasuna du artelanaren aldean, eta sortzailearen protagonismoa askoz handiagoa da beste erakusketa-proposamen batzuetan baino. Praxisen barruan era askotako proiektuak sar daitezke, eta elkarrekin izan behar duten gauza bakarra joan den mendeko hirurogeita hamarretako punk mugimenduaren espiritu autogestionarioan inspiratuta egotea da.

Praxiseko beste erakusketa batzuk:

Fernando eta Vicente Roscubas. Super Heroi Euskalduntzarra
Teo Sabando
Jacobo Castellano. Mahai zapia eta oihala
Avelino Sala. Geldi!
Francisco Ruiz de Infante. BlueSky-VGA eta zorte faktorea
Robert Waters. Uncover RECOVER
Wilfredo Prieto. Belardi konstruktibista eta dekonstruktibista, etxeko sofatik ikusita, oinak mahai gainean direla
Itziar Barrio. Atzean, jai taldearen amaieran

Volver al listado

Text/HTML

   Minimize

Youtube

 

Categorías

    Berriak Time

       Minimize
    Share |