ARTIUMek Carmelo Ortiz de Elgearen eta José Luis Argia barrura erakusketa aurkeztu du
urria 05, 2011
Bi artistek margolaritzarekiko duten konprimisoa adierazten duen azken lanen sorta hautatua
Erakusketa
Carmelo Ortiz de Elgea, José Luis Zumeta. Argia barrura
Hegoa aretoa, 2011ko urriaren 8tik 2012ko martxoaren 4ra
Komisarioak: Daniel Castillejo eta Enrique Martínez Goikoetxea
Ekoizlea: ARTIUM (Vitoria-Gasteiz)
Babesleak: Tubacex, Norbega eta Arabako Foru Aldundia
Erakusketaren katalogoa. Testuen egileak Ángel Lertxundi, Pako Aristi, Mª José Aranzasti, Daniel Castillejo eta Enrique Martínez Goikoetxea
Inaugurazioa: urriaren 8an, larunbata, 20:00etan
Argibide gehiago Prentsa oharra (pdf)
ARTIUM, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak Argia barrura erakusketa (Hegoa aretoan, 2011ko urriaren 8tik 2012ko martxoaren 4ra) aurkeztu du, Carmelo Ortiz de Elgearen (Aretxabaleta, Araba, 1944) eta José Luis Zumetaren (Usurbil, 1939) formatu handiko berrogei margolanen sorta. Erakusketa honetan bi margolari horien azken lanen sorta hautatua aurkeztuko da, biek ala biek margolaritzarekiko duten konpromisoa –Euslkal Eskola delakoaren garaian sortua– agerian uzten duen elkarrizketa batean. Erakusketa honen inguruan aurki argitaratuko den katalogoak Anjel Lertxundiren, Pako Aristiren eta María José Aranzastiren testuak izango ditu. Argia barrura ARTIUMek ekoitzi du Tubacexen, Norbegaren eta Arabako Foru Aldundiaren babesarekin.
Erakusketarako bi gune handitan banatu da aretoa, bi egileen lana bereizirik erakusteko. Bien artean konkurrentzia esparru bat sortu da, elkarrizketa hori sustatzeko. Horretarako beren lanak nahastu dira parekotasuna duten mintzairak eta proposamenak hautatuz. Ez beren arteko aldeak nabarmentzeko, margolaritzari heltzerakoan duten antzeko intentsitatea erakusteko baizik. Bi margolari hauek zirriborrorik eta aurreideiarik gabe lan egin ohi dute. Koloreak eta formak modu autonomo eta berezkoan giltzatzen dute lana. Zumetaren proposamenak gestualagoak eta adierazkorragoak dira, Ortiz de Elgearenak, berriz, landuagoak eta barrokoagoak.
Beren lantegian hautatu dira piezak, testuinguru eta denborazko esparru zehatzik gabe, bere interesen intentsitateak markaturikoa izan ezik. 44 formatu handiko lan egongo dira guztira ikusgai, azken hamarraldian eginak eta hasieretako lan esanguratsu banaren euskarria izango dute. Proposamen honen helburua, besteak beste, eten eta haustura urte haietan artearen kritika pasioz eta eztabaidaz betetzen zuten eta gaur egun beren sortze lanari indar berarekin heltzen dioten egile haien egungo lana lehen mailara ekartzea da.
Hainbeste aldiz arrazoibideak objektua ordezten duen testuinguru artistiko batean, biek erabateko askatasunaren, zoriaren, subjektibotasunaren eta artikulatu gabe mantentzen den haren indarra proposatzen dute lotsarik gabe. Bidaien, adiskidetasunen, paisaien edota artearen historiaren aipamenak aurki ditzakegu aurrean jartzen garenon irudimena esnatzeko zain erne dagoen margolan bihurturik.
Bien lantegietan kokaturiko kamera banak erakusketarekin batera abiatuko diren bi lanen prozesua ezagutzeko aukera emango digute. Irudiak zuzenean proiektatuko dira museoko aretoan eta ARTIUMen web gunean ere ikusi ahal izango dira. Bizi diren eran margotzen duten, harridura behartzen, eta kolorearen eta formen gidaritza hutsarekin kaosa antolatzen duten bi egile.
Carmelo Ortiz de Elgea Euskal Eskolaren Orain taldearen kide izan zen, José Luis Zumenta, berriz, Gaur taldean egon zen. Euskal Eskola hirurogeietan garatu zen mugimendu artistikoa izan zen, eta handik aurrerako Euskal Herriko arte plastikoen garapenean eragin handia izan zuen. Biak jaioterriaren eta Araitz ibarraren artean, Balerdi mendiaren itzalean, bizi dira eta lan egiten dute, beren belaunaldiko euskal sortzaile asko elkartu diren inguru naturala.
Carmelo Ortiz de Elgea margolari erabat autodidakta da. Bere prestakuntza Círculo de Bellas Artes delakoan osatzeko Madrilen bi egonaldi egin ondoren, euskal artista plastikoak esperimentatzen ari ziren elkarte-giroan murgildu zen margolari gaztea. 1966an Carmelo Ortiz de Elgeak Orain taldea sortu zuen Joaquín Frailerekin eta Juan Miegekin batera. Aurrerago Alberto Schommer argazkilaria eta Jesús Echevarría eskultorea ere talde horren kide izango ziren. Bere erakusketen artean nabarmentzekoak dira Bilboko Arte Ederren Museoan 1984an eta Vitoria-Gasteizko Montehermoso kulturunean 1999an egindako bi atzerabegirako erakusketak, eta baita 2005ean ARTIUMen egin zen Maisulan ezezaguna erakusketan izan zuen parte hartzea ere. Erakusketa hartarako Obra al maestro desconocido izeneko margolana egin zuen Balzac-en nobelan oinarriturik.
Jose Luis Zumeta hamalau urte zituela hasi zen Donostiako Gráficas Valverden lanean, marrazkilari grafiko gisa. Margolaritzarekiko zaletasunak Donostiako Arte eta Lanbideen eskolara eraman zuen, eta baita Gipuzkoako Artisten Elkartean ematen ziren eskoletara ere. Abangoardia artistikoak ezagutzeko grinaz, 1959an Parisera joan zen. 1962 eta 1963 bitartean Estokolmo eta Londresen artean bizi izan zen. 1965ean Gaur taldearen sorreran parte hartu zuen, Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Remigio Mendiburu, Nestor Basterretxea, Rafael Ruiz Balerdi, Amable Arias eta Sistiagarekin batera. José Luis Zumeta gerra ondoko Euskal Herriko artista adierazgarrientzat jo izan da. Bere lanak Bilboko Arte Ederren Museoan, Donostiako San Telmo Museoan, Vitoria-Gasteizko ARTIUM Museoan eta Txileko Santiagoko Museo de la Concordian daude, besteak beste.
Volver al listado