Berriak

Berriak

   Minimize

ARTIUMek denda zabaldu du Interneten

iraila 29, 2011

Erosleek salerosgai bereziak eta kalitate onekoak aurkituko ditu ARTIUMdenda.es-en, artelanak eta paper-gauzak tartean direla
 

ARTIUMdenda.es, zentro-museoaren on-lineko denda
www.artiumdenda.es
Diseinu garaikidea, opariak, ARTIUMen argitalpenak, artelanen edizioak …

Prentsa oharra (pdf)

ARTIUM, Vitoria-Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak ARTIUMdenda.es abiarazi du. Interneteko denda honetan orain arte museoaren Atari aregoan dagoen dendan baizik eros ezin zitezkeen salerosgaiak erosi ahal izango dira on-line. ARTIUMdenda.es erabiltzen erraza da eta beharrezko laguntza guztia eskaintzen dio erabiltzaileari. Bere katalogoan museoaren argitalpenak, zentro-museoak ekoitzi dituen artelanen edizioak, paper-gauzak, bitxiak, etxeko apaingarriak, jolasak eta oparitzeko osagai egokiak aurki daitezke, guztiak originalak eta kalitate handikoak. Ordainketa-pasabide delako sistema baten bidez egiten da erosketa transakzioen erabateko segurtasuna ziurtatzeko.

ARTIUMen on-lineko dendaren katalogoa zazpi ataletan antolatuta dago. Lehendabiziko bietan ARTIUMek berak ekoitzitako salerosgaiak eskaintzen dira, hau da zentro-museoan egindako erakusketen inguruan argitaratutako 80 katalogo ingurua eta beste liburu batzuk eta erakusketa garrantzitsuenetako batzuetarako ARTIUMek argitaratu dituen artelanen edizio seriatuak. Azken hauek toki berezia dute ARTIUMdenda.es-en barruan, artearen bildumagintza sustatzeko ekimena baita. Orain arte Juan Hidalgo, Santiago Sierra, Txuspo Poyo, Miguel Ángel Gaüeca eta Ángel Marcos artistek parte hartu dute ekimen horretan, eta aurki Esther Ferrer, Carmelo Ortiz de Elgea eta José Luis Zumeta artisten lanekin osatuko da edizioen katalogoa.

Gainerako diseinuko eta oparitzeko salerosgaiak, guztira 200 ale baino gehiago, ondoko izenburuen pean antolaturik daude: bitxiak eta osagarriak, barne dekorazioa eta etxea, paper gauzak, jokoak eta osagarriak. Hemen denetarik aurki daiteke: eraztunak, belarritakoak, paparrekoak, mahuka-bikiak, bolalumak, koadernoak, euritakoak, eskuko zorroak, lepoko zapiak, bulegorako gauzak eta posterrak aurki daitezke, batzuk aipatzearren, guztiak bereziak eta diseinu zaindukoak. Aipamen bereizia merezi dute barne dekorazioko eta etxeko gauzen arloak. Hemen, kartoiz egindako aulki sendoak, biltegiratzeko kutxak, sukaldeko ontziteria eta dekorazioko beste gauza asko aurkituko ditu erosleak. Guztiak diseinu zainduagatik, originaltasunagatik eta kalitateagatik aukeratu dira.

Transakzio ziurra

Salerosgaiak aukeratu ondoren eta erosketa amaitzeko, ARTIUMdenda.es-eko eremu ziur batean sartuko da eroslea. Ordainketa kreditu txartel baten bidez egingo da, Caja Vital Kutxa-k emandako ordainketa pasabide baten bidez. Aipatzekoa da, gainera, ARTIUMen on-line-ko dendaren logistika Gasteiz Courier mandatu enpresaren zerbitzuekin erabat integratuta dagoela –Gasteiz Courier ASM sarearen parte da eta 400 banaketa zentro baino gehiago ditu Espainian. ARTIUMdenda.es egunean 24 orduz dago zabalik eta telefonozko arreta eskaintzen du 945209020 zenbakian museoa zabalik dagoen ordutegian.

ARTIUMdenda.es saleroste elektronikoko Magento (www.magentocommerce.com) plataformaren gainean eratu da eta bere alderdi tekniko guztiak Arabako On4You enpresak garatu ditu. Magentok 60.000 denda baino gehiago ditu abian mundu osoan eta 50.000 kide baino gehiagoko garapen taldea. Garatzaile talde zabal horri esker aplikazio ugari daude eskura, negozioa handitu ahala gunea eta zerbitzuak handitzea dakartzatena.

ARTIUMen saleroste elektronikoko zerbitzua zabalduz joango da pixkanaka aplikazio eta atal berriak gehituz, besteak beste, diseinatzaile eta sortzaileentzako gune bat, edota erabiltzaileek beren esperientziak elkartrukatzeko esparruak. Erakusketetarako eta jardueretarako sarrerak erosteko on-lineko sistema bat ere ezartzeko asmoa badago. Nolanahi dela ere, ARTIUMdenda.es abiarazteak ez du esan nahi zentro-museoko denda itxiko denik. Dendak han jarraituko du gasteiztar zentro-museoaren Atari aretoan bisitariei zerbitzu emateko. Bi guneek, hala hezur-mamizkoak nola birtualak, sinergiak sortuko dituzte salerosgai berezi eta kalitatekoak erosteko prozesua esperientzia gogo-betekoagoa izan dadin.

 

Volver al listado

Text/HTML

   Minimize

Youtube

 

Categorías

    Berriak Time

       Minimize
    Share |