Berriak

Berriak

   Minimize

ARTIUMek performance-jarduerei eta kutsadurei buruzko udako ikastaro bat eskainiko du

ekaina 27, 2011

Performance munduko nazioartean entzutetsu diren artisten parte hartzearekin, hala nola, Juan Domínguez, La Ribot, espe López eta Txubio Fernandez de Jaúregui
 

Lanbroa ’11. Performance-jarduerei eta kutsadurei buruzko udako ikastaroa
2011ko Uztailaren 7, 8 eta 9an ARTIUMen
Komisarioak: Idoia Zabaleta eta Isabel de Naverán
UPV/EHU-ko kredituak.   Argibide gehiago   Ikus programa osoa   Prentsa oharra (pdf)

ARTIUM, Vitoria-Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak, performance-jarduerei buruzko lehenengo ikastaroa egingo du uztailaren 7, 8 eta 9an. Hiru egunez proposamen artistiko batzuei eta besteei hurbiltzeko teoria eta praktika landuko dira eta performanceak egiteko moduen inguruko gogoeta bultzatuko da. Idoia Zabaleta eta Isabel de Naverán dira Lanbroa ’11-ren komisarioak eta beren xedea praktika artistikoak egiteko moduen arteko elkarrizketa sortzea da, bi pelikulak, bi performancek, prozesuan dagoen lan batek, zenbait solasaldik eta mintegi batek osatutako programa baten bidez. Testuinguru egokiak sortuz eta hurreratze bereziak eskainiz, artistek darabiltzaten gaien, prozesuen eta metodologien bidez praktika horien alderdi komunetan sakonduko da. Hiru egunez Victor Iriarte, Chus Dominguez, Fernando Quesada, Juan Dominguez, Espe López, Txubio Fernandez de Jauregui, La Ribot eta Maria Jerez artista eta teorikoek, eta ikastaroko parte hartzaileek burutik burura jarraituko dute programa. Ikastaroan parte hartzeko hiru era egongo dira eta aukera libreko kredituak lor daitezke egindako orduen arabera.

Lanbroa ’11, performance-jarduerei eta kutsadurei buruzko udako ikastaroa, urtero ARTIUMen hiru egunez egingo den programa da eta proposamen batzuen eta besteen alde teorikoak eta praktikoak aztertzea izango du helburu. Lanbroa programak lanbroz estalitako paisaia baten antzera funtzionatuko du. Kontua ez da konplexutasuna sakabanatzea, biltzea baizik. Hortaz, lanbroa gogoko duen jende guztiari zuzendutako ikastaroa da honako hau.

Lehenengo edizio honetan bi pelikulak, bi performancek, prozesuan dagoen lan batek, solasaldiek eta mintegi batek osatutako programa baten bidez, lan batzuen eta besteen arteko elkarrizketak sortzea izango da xedea. Roger Cailloies-en Jokoa eta gizonak. Maskara eta zorabioa liburua goizero egingo den mintegiaren edukia antolatzeko eta programaren barruan eztabaida bat sortzeko abiapuntua izango da.

Ikastaroa uztailaren 7an, osteguna, hasiko da Jokoak eta gizonak mintegiarekin. Mintegia hiru egunez egingo da –egunean hiru ordu, 11:00etatik 14:00era– eta Fernando Quesada arkitektoa eta arte eszeniko eta arkitekturari buruzko zenbait libururen egileak izango da gidari. Lehenengo egunean gaiaren eta aukeratutako liburuaren –matrikulatu diren pertsonei artxibo bat emango zaie– aurkezpen orokorra egingo da, hiru egunetan garatzea espero den eztabaida kokatzeko.

Bigarren eta hirugarren egunak bi zatitan banatuko dira: lehenengoaren helburua mintegiaren testuingurua bera eta arratsaldez ikusiko diren performanceak eta ikus-entzunezko lanak lotzea izango da. Bigarren zatian, berriz, jolasaren zentzua sortze-prozesu gisa praktikan jartzea izango da helburua, hau da, jokoak asmatu eta gauzatzea.

Arratsaldez egingo diren jarduerei dagokionez, lehenengo egunean, uztailaren 7an, osteguna, 18:30ean Lisandro Alonso argentinarraren Los muertos eta Fantasmas pelikulak proiektatuko dira Florida Zinemetan, eta 21:30ean solasaldi bat egongo da Victor Iriarte eta Chus Dominguez ikus-entzunezkoen egileekin. Isabel de Naverán, arte eszenikoetan ikertzailea eta ikastaroaren komisarioa, izango da moderatzailea.

Ikastaroak uztailaren 8an, ostirala, jarraituko du: goizean mintegia izango da eta arratsaldean performance bat eta solasaldi bat. 20:00etan Juan Dominguez koreografoak Blue antzerki lana aurkeztuko du eta ondoren, 21:30ean, dantzariak eta antzezleek Fernando Quesadak moderatutako solasaldi batean parte hartuko dute.

Azken egunean, uztailaren 9an, larunbata: goizean mintegia bukatuko da eta 17:30ean Espe López eta Txubio Fernández de Jauregui Legaleón-T konpainiaren kideek, Neska eta mutila. Fikzioak performancearen prozesua aurkeztuko dute. 19:00etan biek Juan Dominguezek moderatutako solasaldi batean parte hartuko dute eta 20:00etan La Ribot koreografoak eta ikus-entzunezko artistak Llámame mariachi lana aurkeztuko du. Programa 21:30ean bukatuko da La Ribot-ek eta antzezleek egindako solasaldi batekin. Idoia Zabaleta, koreografo eta ikastaroaren komisarioak moderatuko du.

Bestalde, ikastaroan parte hartzeko hiru era egongo dira: alde batetik, A era, mintegira eta hiru performanceetara joateko balioko duena ¬40 euro balioko ditu eta kide elkartu, ikasle eta antzerkiaren munduko profesionalek 20 euro ordainduko dituzte–; beste alde batetik, B era, hiru performanceeara joateko balioko duena –15 euro balioko ditu eta kide elkartu, ikasle eta antzerkiaren munduko profesionalek 8 euro ordainduko dituzte–; eta azkenik, C era, performance batera joateko balioko duena –6 euro balioko ditu eta kide elkartu, ikasle eta antzerkiaren munduko profesionalek 3 euro ordainduko dituzte.

Izena ematea 945 20 90 20 telefonoan edo lanbroa@artium.org helbide elektronikoan egin daiteke izen-abizenak, telefonoa eta aukeratutako era adieraziz. Uztailaren 7ko proiekzioak eta lehenengo solasaldia Florida zinemetan izango dira 18:30ean eta doakoak izango dira. Mintegia, performanceak eta beste hiru solasaldiak ARTIUMen egingo dira. Lanbroa ’11 ARTIUMek urte osoan burutzen duen eszena garaikideko programazio jarraitu eta egonkorrarekin bat egiten du.

Lanbroa ’11
Performance-jarduerei eta kutsadurei buruzko udako ikastaroa

Programa:
Uztailaren 7an, osteguna
11:00etatik 14:00etara. Mintegia. Jokoa eta gizonak. Fernando Quesada (Madril)
18:30ean. Proiekzioa. Los muertos. Lisandro Alonso (Buenos Aires). Florida zinemak
20:20ean. Proiekzioa. Fantasma. Lisandro Alonso (Buenos Aires). Florida zinemak
21:30ean. Solasaldia. Victor Iriarte (Durango) eta Chus Domínguez (León). Moderatzailea: Isabel de Neverán (Bilbo)

Uztailaren 8an, ostirala
11:00etatik 14:00etara. Mintegia. Jokoa eta gizonak. Fernando Quesada (Madril)
20:00etan. Performancea. Blue. 2009. Juan Domínguez (Madril)
21.30ean. Solasaldia. Juan Domínguez eta antzezleak. Moderatzailea: Fernando Quesada.

Uztailaren 9an, larunbata
11:00etatik 14:00etara. Mintegia. Jokoa eta gizonak. Fernando Quesada (Madril)
17:30ean. Performancea. Neska eta mutila. Fikzioak. 2011. Legaleón-T. Espe López (Irun) eta Txubio Fdez. De Jauregui (Vitoria-Gasteiz)
19:00etan. Solasaldia. Espe López eta Txubio Fdez. De Jauregui. Moderatzailea: Juan Domínguez
20:00etan. Performancea. Llámame Mariachi. 2009. La Ribot (Ginebra)
21:30ean. Solasaldia. La Ribot eta antzezleak. Moderatzailea: Idoia Zabaleta (Vitoria-Gasteiz)

Parte hartzeko erak:
A era: Mintegia + 3 performanceak, 40€.
Kide elkartuak, ikasleak eta antzerkiaren munduko profesionalak 20€
B era: 3 performanceak, 15€
Kide elkartuak, ikasleak eta antzerkiaren munduko profesionalak 8€
C era: performance bat, 6€
Kide elkartuak, ikasleak eta antzerkiaren munduko profesionalak 3€
Non: ARTIUM.
Izena ematea: 945 20 90 20 o lanbroa@artium.org izen-abizenak, telefonoa eta aukeratutako era adieraziz.

 

 

Volver al listado

Text/HTML

   Minimize

Youtube

 

Categorías

    Berriak Time

       Minimize
    Share |