ARTIUM Bildumako hogeita sei lanek parte hartuko dute Donibane Lohitzuneko euskal arte garaikideari buruzko erakusketa batean
ekaina 22, 2011
Ipiña Bidaurrázaga Bildumako 70 lanen sorta aurkeztuko da erakusketan, batzuk gasteiztar zentro-museoaren funtsetan gordailuz daudenak
Art contemporain basque / Euskal arte garaikidea
Collection Ipiña-Bidaurrázaga Bilduma
Komisarioa: Jean François Larralde
Ducontenia - La Rotonde, Donibane Lohitzune
Ekainaren 24tik, ostirala, abuztuaren 22ra, astelehena
Ikus kartela Ipiña Bidaurrazágak irailean ARTIUMen gordailuz utzitako multzoen prensa oharra Prentsa oharra (pdf)
ARTIUM, Vitoria-Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoak bere bildumako hogeita sei lan utzi ditu Donibane Lohitzuneko Villa Duconteniako erakusketa aretoan egingo den Euskal arte garaikidea erakusketarako (ekainaren 24tik, ostirala, abuztuaren 22ra, astelehena). Erakusketak XX. mendearen bigarren erdiko eta XXI. mendearen lehen hamarraldiko euskal artearen ikuspegi eklektiko bat eskainiko du, Bilboko Ipiña Bidaurrázaga bilduma pribatuko 70 lanekin. Ikusgai egongo diren lanen heren bat baino gehiago bi bildumagile horiek joan den irailean ARTIUM zentro-museoan gordailuz utzi zuten multzokoak dira. Erakusketaren inaugurazioan (ekainaren 23an, osteguna, 17.30etik aurrera), ARTIUM Fundazioaren Batzorde Betearazlearen lehendakaria, Malentxo Arruabarrena, eta Bildumaren artatzailea, Enrique Martínez Goikoetxea, egongo dira.
Donibane Lohitzuneko hiriak Villa Ducontenia jauregiaren udako erakusketa azken hirurogei urteetako euskal arte garaikideari eskainiko dio 2011. urte honetan. Horretarako, Jean François Larra erakusketaren komisarioak, Alberto Ipiña eta Begoña Bidaurrázagaren bilduma pribatuko 70 lan aukeratu ditu. Joan den urteko irailean funts horien parte bat gordailuz utzi zuten ARTIUM Bilduman. Erakusketaren eskupaperean Larraldek dioen eran, Ipiña-Bidaurrázaga bilduma Euskal Herrian XX. mendearen bigarren erdian eta XXI. mendearen lehen hamarraldian gertatu diren metamorfosi artistikoen ikuspegi txit adierazgarria osatzen du. Erakusketaren asmoa, beraz, euskal artearen egungo joeren berri ematea da margolari, eskultore, marrazkilari eta bideo-artisten lanaren bidez, dagoeneko ezagunak izan edota etorkizunean Euskariko sorkuntzaren bideak markatuko dituzten artistak izan.
Erakusketan ikusgai egongo diren hirurogeita hamar lanetatik 26 ARTIUM Bildumaren Ipiña Bidaurrázaga Gordailukoak dira. Gordailu horrrek 50 lan baino gehiago biltzen ditu, Mikel Eskauriaza, Txomin Badiola, Néstor Basterretxea, José Ramón Amondarain, Darío Urzay eta Cristina Iglesias artistenak, besteak beste. Horri esker, zentro-museoak lehen ez zituen egile batzuen lanak dauzka bere Bilduman eta, bereziki, dagoeneko museoaren funtsetan badiren egileen hasierako lanak edota ez lan ohikoak.
Euskal arte garaikidea erakusketarako ARTIUMek utzi dituen lanen artean Amable Ariasen (Hombre de pelotitas, 1974), Cristina Iglesiasen (Muralla), José Ramón Amondarainen (Sin título, 1994), Rafael Ruiz Balerdiren (Sin título, 1977-1985) eta Txomin Badiolaren (Sin título, 1983) margolanak daude; Vicente Ameztoyren (Sin título, 1987) lan grafikoak; Alberto Peralen (Sin título) eta Iñaki Olazabalen (Sin título) eskulturak; eta Carlos Irijalbaren (El sentido de la dirección, 1977) eta Mikel Eskauriazaren (We will all die, 2002) argazkiak, besteak beste.
Volver al listado