Berriak

Berriak

   Minimize

ARTIUMek nazioartean egindako azken dokumentalen sorta bat eskainiko du

ekaina 14, 2011

Zentro-Museoak Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiarekin bat egingo du ohiko zirkuituetatik kanpoko lanak aurkezteko
 

Zinema zikloa: Punto de vista
Ekainaren 16tik, osteguna, 19ra, igandea (4 saio)
Proiekzio guztiak 20.00etan, jatorrizko bertsioan eta gaztelaniazko azpitituluekin
Doako jarduera. Toki mugatua
Emanaldi aretoan
Programa osoa kontsultatu   Andrés Duque   Punto de Vista Jaialdia   Prentsa oharra (pdf)

ARTIUM, Vitoria-Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak, Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren laguntzarekin, nazioarteko azken dokumentalen sorta bat eskainiko du genero honi eta fikzioa ez den edozein mugako adierazpen heterodoxori hurbildu nahian. Punto de Vista zikloan sei pelikula proiektatuko dira ekainaren 16tik (osteguna) 19ra bitartean (igandea), lau saiotan banatuta. Lehenengo egunean Andrés Duque zuzendari venezuelarrak Color perro que huye pelikula aurkeztuko du.

Punto de Vista proposamen ausart eta aurrerakoiak egiten dituzten egileen lanei tokia ematen saiatzen da eta bestela jaialdian baizik ikusiko ez liratekeen dokumentalak erakutsi nahi ditu. Gainera, zikloak eskaintzen dituen pelikuletan ez-fikziozkoa adierazpide benetan independente eta gizartean beharrezkotzat jotzen da, horrela, ikusleak dokumentaletan agertzen den errealitatean inplikatzen dira. ARTIUMek Punto de Vista zinemaldiaren zazpigarren edizioan saritutako pelikulen sorta bat eta Jean Cohen eta Chus Dominguezek Iruñeako egonaldian egindako hiru pelikula eskainiko ditu.

Zinema zikloa ekainaren 16an, osteguna, hasiko da Andrés Duque zuzendari venezuelarraren Color perro que huye pelikularekin. Dokumentala Duquek berak aurkeztuko du. Istripu baten ondoren ohean egotera beharturik, egileak hainbat irudi berreskuratu eta zentzumenei zuzenduriko film bat egin du: adiskideen erretratuak, Bartzelonan barrena egindako ibilaldiak eta Venezuelara, kaosa jaun eta jabe den jaioterrira egindako bidaia bat.

Duqueren pelikulak sari ugari irabazi ditu, besteak beste, Punto de Vista zinemaldian, ikusleena. Andrés Duquek kazetaritza ikasketak egin zituen Venezuelako Universidad Centralen eta HBO telebista katean gidoigile eta errealizadore gisa aritu zen. Egun, Bartzelonan lan egiten du zuzendari, pelikula programatzaile eta irakasle gisa.

Zikloak ekainaren 17an, ostirala, jarraituko du jaialdirako espresuki egindako bi pelikularen proiekzioarekin: Jean Cohen zinemagilearen Crossing paths with Luce Vigo eta Opus luminis et hominis, eta Chus Dominguezen Notas de lo efímero. Oraingoan, Dominguezek Iruñeako alde zaharreko Eslava ostatuan gauero grabatu eta editatutako oharrak jaso ditu koaderno batean. Hona baldintza bakarra: aurreko egunetako muntaketa ez ikustea.

Crossing paths with Luce Vigo Luce Vigo-ren, Jean Vigo zinemagilearen alabaren, eta Jen Cohenen, Vigoren bideari jarraitzen dion egungo zinemagile bakanetakoaren arteko elkarrizketa da. Cohenek haren eskuak, aurpegia, ibilaldiak, … filmatu ditu. Eta Luce bere bizitzaz mintzo da hurbiltasunez. Opus luminis et hominis, Cohenek Iruñeari buruz duen ikuspegia da. Argi eta itzalen sinfonia laburra.

Ekainaren 18an, larunbata, Vérena Paravel eta J.P Sniadeckiren Foreign Parts aurkeztuko da. New York Metsen estadio berriaren atzean gordeta bizirik dirau Willet Point auzoak, hots, eraisteko zorian dagoen industriguneak. Inolako hiri-antolamendu, espaloi, zoladura edota estolderia-sistemarik gabe, badirudi lekua prest dagoela etorkizuneko hiri-garapenerako. Baina pelikulan bizitzaz betetako lekua agertuko da, gizarteari dagoeneko interesatzen zaiona desegin, berreskuratu eta berrerabiliz bizi den komunitatea.

Zinema zikloa ekainaren 19an, igandea, bukatuko da The Arbor dokumentalaren proiekzioarekin. Clio Bernard dokumentalistaren lehenengo film luzea da eta Andrea Dunbar dramagilearen inguruan hitz egiten du. Antzezlea The Arbor auzoan bizi izan zen, bere lanetan arrastoa utzi zuen hirigintza proiektua. Bernardek bi urtez Durbaren familia, lagunak eta bizilagunak elkarrizketatu ondoren, antzezleak erabili zituen elkarrizketa haien edukia antzezteko. Pelikulan Dunbarrek alaba Lorrainerekin zuen harreman ekaiztsua kontatzen da.

Ekainaren 16an, osteguna
Color perro que huye. Andrés Duque. Espainia. 2011

Ekainaren 17ean, ostirala
Crossing paths with Luce Vigo. Jen Cohen. Espainia. 2010
Opus luminis et hominis (Works of light and man). Jen Cohen. Espainia. 2010
Notas de lo efímero. Chus Domínguez. Espainia. 2010

Ekainaren 18an, larunbata
Foreign parts. Véréna Paravel, J.P. Sniadecki. AEB. 2010

Ekainaren 19an, igandea
The Arbor. Clio Barnard. Britainia Handia. 2010

Proiekzio guztiak Emanaldi aretoan egingo dira 20:00etan.
Doako jarduera. Toki mugatua
J.b eta gaztelaniazko azpitituluak.
Ikus programazio osoa
 

Volver al listado

Text/HTML

   Minimize

Youtube

 

Categorías

    Berriak Time

       Minimize
    Share |