Berriak

Berriak

   Minimize

ARTIUMek Ángel Marcosen Sugandila buztana. Planifikazioa eta estrategia erakusketa aurkeztu du

maiatza 20, 2011

Valladolideko artistaren bideo, argazki eta instalazioak, botere sistemek arrisku egoeran bizirik iraun ahal izateko ihes egiteko mekanismoak sortzeko duten gaitasunari buruzko metafora osatzeko
 

Erakusketa
Ángel Marcos. Sugandila buztana. Planifikazioa eta estrategia
Ekialde-Behekoa aretoan, 2011ko maiatzaren 20tik irailaren 4ra
Ekoizlea, ARTIUM (Vitoria-Gasteiz)
Babesleak: El Correo, Kultura Ministerioa eta Arabako Foru Aldundia
Laguntzailea: Gaztela-Leongo Junta
Erakusketaren katalogoa: Fernando Castro Flórez, Rafael Doctor, Jesús Remón (aurki argitaratzekoa)
Jarduerak: Fernando Castroren hitzaldia (maiatzaren 20an, 19.00etan)
Inaugurazioa: maiatzaren 20an, ostirala, 20.00etan

Argibide gehiago   Prentsa oharra (pdf)

ARTIUM, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak Ángel Marcosen Sugandila buztana. Planifikazioa eta estrategia erakusketa aurkeztu du (Ekialde-Behekoa aretoan, 2011ko maiatzaren 20tik irailaren 4ra), botere sistemek natura imitatzeko duten gaitasunari buruzko alegoria, ezegonkortasun edo katastrofe egoeran irauteko josteta eta iheserako sistema estrategikoak asmatzerakoan. Erakusketan Valladolideko artistaren argazkiak, bideoak, instalazioak eta eskulturak egongo dira ikusgai, botere ekonomikoa, politiko eta erlijioarena eta natura estrategiak planifikatu eta finkatzeko gai den organismo gisa aipagai harturik. Erakusketaren inguruan katalogo bat argitaratuko da aurki, Fernando Castro Flórez, Rafael Doctor eta Jesús Remónen testuekin. Sugandila buztana ARTIUMek ekoitzi du, El Correo-ren, Kultura Ministerioaren eta Arabako Foru Aldundiaren babesarekin.

Oroimena eta gogoeta izan dira Ángel Marcos-ek (Medina del Campo, 1955) Sugandila buztana. Planifikazioa eta estrategia erakusketarako hartu dituen abiapuntuak. Bere gaztelar haurtzaroko jolasen oroimen afektiboarekin loturik daude, besteak beste, erakusketa zabaltzen duen bideoa: gai ez-egonkorrekin egindako biribilgune bat, zeinetan sugandila batek esku ikusezinek darabiltzaten makilen jazarpenetik ihes dagien; azkenean, animaliak buztanari jaregiten dio, buztana iraulka geratzen da, harraparien arreta erakarriz eta horrek ihes egin eta ezkutatzeko aukera ematen dio sugandilari.

Ángel Marcosen ustez botereak natura antzeratzen jakin du beti, historian zehar, eboluzionatzen, irauten eta arriskuak saihesten lagundu dioten estrategiak planifikatzerakoan, bere burua arriskuan ikustean sugandilen antzera arreta desbideratuz. Zentzu horretan, natura planifikazio eta estrategiadun organismo handia da, eta bere presentzia nabarmena da erakusketan: natura otzandua, soropil atifizialezko tapiz handi batek lurra estaltzen duen instalazio batean, landareen argazkiak dituzten eta kaleargiak diruditen argi kutxak eta aulki multzo bat, guztiak desbedinak, guztiak erabiliak, eseri eta horri guztiari begira egoteko gonbidapena diruditenak.

Erlijioa Ángel Marcosen ustez erabateko boterea da, eta berezko sugandila buztanak ditu. Marcosen esanetan, erlijioak mehatxu egiten duenean –betiereko kondenazioarekin, esate baterako–, behartsuak zaurkorragoak dira aberatsak baino, azken hauei salbazioa «erosteko» bideak eskaintzen baitzaizkie. Zentzu horretan, limosna ematea den bezain gauza zaharra, behartsuak ez matxinatzeko estrategia besterik ez da, berez. Elizetako erretaula klasikoen xehetasunak jasotzen dituzten argazkien bidez dakargu Marcosek ideia hori gogora.

Botere politikoaren estrategiei dagokienez, berriz, masa alienatuak sortzeko duen gaitasuna aipatzen da erakusketan. Barruan txoriak dituen kaiola txiki bat behin eta berriz errepikatzen den argazki erraldoi batek klonak sortzeko modua eta pentsaera estandarrak hartzea ditu aipagai, eta baita gainezka beteta dagoen Mexikoko Zocalo plazaren irudi handi batek ere.

Hiriak boteregune

Hiriak, bestalde, boterearen estrategiak planifikatzen eta sortzen diren tokia irudikatzen du artistarentzat. Marcosek hiri batzuetako eta besteetako (Hong Kong, New York, Berliln) eraikin garaien argazkiak aurkezten ditu. Batean, buztanik gabeko txarkur baten irudia duen publizitate kartel batek Alcibiades greziarraren historia dakar gogora, bere buruarenganako gehiegizko arreta desbideratzeko txakur txit garestiaren buztana bi aldiz pentsatu gabe moztu baitzuen. Erakusketako beste bideo bat, animazio digitalaren bidez sortua, hiri estilizatu baten ikuspegi zenitala erakusten du. Kaleetan barrena sugandila ugari ikusten da, ikusmenetik desagertzen dira, gelditu egiten dira, hurrena emango dituzten pausoak planifikatzen ari direla ematen du eta, batzuetan, eraikinetara igotzen dira, kokagune estrategiko bat izateko.

Hiriak, dirua sortzen, mugitzen eta negoziatzen den tokia ere bada. Mundu klasikoaren beste aipamen bat eginez, Marcosek Vespasianoren ahotan jarri ohi den esapide bat jaso du. Bere seme Titok letrinen gaineko zerga bat sortu izanagatik kritikatu zuenean, txanpon eskukada bat erakutsi eta usain zezan hurbildu baitzion, eta semeak Non olet erantzun omen zuen. Diruak ez du usainik, bere jatorria, edota lortzeko egin dena gorabehera. Benetako botereak, merkatuak, dio Marcosek, ez dauka aurpegirik, eta horregatik matxinatzea ezinezkoa da: hori da bere estrategia, bere sugandila buztana.

Argidun afixa handi batean NON OLET irakurtzen da aretoaren muturrean, eta horren ondoan oroimen afektiboaren beste aipamen bat: munduko behartsuen irudiak. Eta amaitzeko, hiru beirazko kutxa, non olet gainean inprimaturik dutela: batean lanjantzi bat dago (langilearen izerdia), beste batean europako txanponak, eta hirugarrenak, hirugarren mundu esaten zaion horren argazkiak.

Ángel Marcos

Medina del Campon (Valladolid) jaio zen 1955ean. 1992an Valladolideko Calderón Antzokiari buruzko aginduzko lan bat egin zuen, eta horrekin, bere lehendabiziko bakarkako erakusketa aurkeztu zuen, Un viaje por el Teatro Calderón. Une horretatik aurrera bere lan pertsonalei eskaini zitzaizkien erabat, paisaiei protagonismoa emanez, batzuetan txerarik gabe, beste batzuetan oroimen afektiboarekin loturik (Gaztela-Leongo lurretatik hasi eta Txina, New York, Las Vegas edota Kubaraino). Baina bidaia ez da tokiz aldatze fisiko hutsa Marcosentzat, kontzientzia hartzea baizik: zentzu horretan, bere argazkiak ezin dira sortu ziren testuinguru kultural eta politikotik bereizi.

Sugandila buztana alde bat utzita, bere lan nagusien artean aurkitzen dira: Los bienaventurados (1997), bazterketari buruzkoa; La Chute (2000), eguneroko etsipenari buruzkoa: Alrededor del sueño (2001), New Yorken egina (benetako paisaiari iragarki panel abandonatuetako publizitate irudiak gehitzen dizkio); En Cuba (2004), jenderik gabeko Habana baten erretratua; China (2007), arrakasta ekonomikoaren eta honen zehar eraginen erretratua; eta La mar negra (2010), immigrazioari, honen arrazoiei eta tragediei buruzko gogoeta.

Ángel Marcosen lana bilduma askotan aurki daiteke, esate baterako Madrilgo Reina Sofían, Leongo MUSAC-en, Valladolideko Patio Herrerianon, Burgosko CABen, IVAMen, Floridako Napoles Museoan, Linz-eko (Austria) museoan, eta baita bilduma pribatu eta korporatibo askotan ere. ARTIUM Bilduman Marcosen zenbait lan daude, bi Alrededor del sueño seriekoak eta Recorridos fotográficos ARCO 2004-ko lau lan.
 

Volver al listado

Text/HTML

   Minimize

Youtube

 

Categorías

    Berriak Time

       Minimize
    Share |