ARTIUMek Elkar jotzeak, eszenari eta performanceari lotutako hainbat proiektu aurkeztu ditu
maiatza 10, 2011
Dantza garaikidea nonahi proposamenak dantza saio bat edozein tokitarako agintzeko aukera ematen du
Eszena garaikidea. Elkar jotzeak
Maiatzaren 13an, ostirala, 19:00etan. Plaza aretoan.
Help! I need somebody. Claudia Müller
Maiatzaren 14an, larunbata, 15:00etatik 20:00etara.
Dantza garaikidea etxean. Claudia Müller
Eskaera egiteko: 945 20 90 20
Ekainaren 4an, larunbata, 19:00etan.
La Glorieta. Societat Doctor Alonso
UPV/EHU-ko kredituak. Doako jarduera
Argibide gehiago Claudia Müller Societat Doctor Alonso prentsa oharra (pdf)
ARTIUM, Vitoria-Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak, maiatzaren 13an (ostirala), maiatzaren 14an (larunbata) eta ekainaren 4an (larunbata), hiru proposamen eszeniko/performatibo eskainiko ditu Elkar Jotzeak izenburuaren pean. Alde batetik, Claudia Müller artistaren bi lan aurkeztuko dira: Help! I need somebody, sortze prozesuan dagoena, eta dantza garaikidea nonahi, edozeinek eska dezake dantza saio bat doan berak nahi duen lekuan. Beste alde batetik, Societat Doctor Alonso taldearen La Glorieta proiektu eszenikoa aurkeztuko da. Jarduera guztiak doakoak dira eta dantza garaikidea nonahi 945 20 90 20 telefonora deituz eska daiteke. Gainera, Elkar Jotzeak-eko ekimenetan parte hartuz gero, UPV/EHU-ko kredituak lor daitezke.
Elkar Jotzeak programak artista batzuen eta besteen egitasmo artistikoak biltzen ditu, eszenari eta performanceari loturikoak, bereziki, eta sortze prozesuan zehar ARTIUM “erasoan hartu” eta bertan bizi direnak, arteaz elikatzeko. Askatasun osoz eta ordutegirik gabe, museoa bera eta artelanak inspirazio iturri bihurtzen dira eta sortze prozesuaren zati. Ekimen honen bidez, Zentro-Museoak disziplina batzuk eta besteak elkartzea bultzatu nahi du, eta sorkuntza artistikoetarako toki eta akuilu izan nahi du. Museoan eta Azala sortzeko gunean egonaldi labur bat egin ondoren, artista gonbidatuek ikusleei erakutsiko dizkiete prozesu horiek eta sortutako ideia eta zalantzak aurkeztuko dizkiete.
Maiatzaren 13an, ostirala, 19:00etan Plaza aretoan Claudia Müller artista brasildarrak Help! I need somebody lanaz hitz egingo du. Gorputzaren ikerketaren, bideoaren eta audioaren artean eraikitzeko bidean dagoen proiektu bat da. Müller-en proiektuak hainbat gai planteatzen ditu, esate baterako, lanaren garapenean “besteak” duen eginkizuna, hau da, artistak eta ikusleak nola hautematen duten batak bestea eremu bera partekatzen dutenean, oraingo honetan, arteari eskainia, gainera. ARTIUMera hurbildu diren ikusleek izan duten portaeraren behaketa egin du Müllerrek, gertakizun edo lan artistiko baten aurrean sortzen diren pertsonen arteko harremanak kritikoki aztertzeko.
Bestalde, maiatzaren 14ko Dantza garaikidea nonahi programarekin doako dantza saio bat eskainiko zaio eskaera egin duen ikusleari, berak nahi duen tokian (bulegoan, tabernan, etxean nahiz kotxean). Claudia Müller-ek eramaile arruntaren irudia darabil, beste testuinguru batean kokatuz, eta horrela zabaldutako alegiazko guneetan elkartzen da ikuslearekin, egunerokotasunean arrakalak irekiz. Saio bakoitzaren iraupena hamar minutu ingurukoa izango da eta 15:00etatik eta 20:00ra bitartean egingo dira. Performancea 945 20 90 20 telefonora deituz eska daiteke eta esandako lekura “eramango” da.
Claudia Müller-ek performanceak, dantza, bideoak eta instalazioak egiten ditu. Arte eta kultura garaikidean lizentziatua da eta 2000. urtera arte Lia Rodrigues Cia dantza konpainian aritu zen, urte horretan bere proiektuak egiten hasi zen. 2004. urtean Dantza garaikidea nonahi lana sortu zuen, eta Europako jaialdi askotara eraman du. 2007. Urtean egin zuen Fora de Campo bideoa aurreko lanaren parte da eta ikuslearen ikuspuntua jasotzen du. Txileko, Brasilgo eta Espainiako hainbat jaialditan saritua izan da.
Elkar Jotzeak osatzeko Societat Doctor Alonsok La Glorieta sortze proiektua aurkeztuko du ekainaren 4an, arratsaldeko 19:00etan. Bi astez antzerki talde honen kideak –Sofia Asencio dantzari eta antzezlea eta Tomás Aragay antzerki zuzendaria– eta adar batzuetako eta besteetako artistak –Espe Lopez antzezlea, Chus Dominguez ikus-entzunezkoen egilea eta Idoia Zabaleta koreografoa– elkarrekin biziko dira Azala sortzeko gunean eta sorkuntza eszenikoaren inguruko beste ikuspegi, jardun eta irizpide batzuk aztertzeko. Artista parte hartzaileek elkarbizitza horren ondorioz sortzeko mapa komun bat marraztu nahi dute. Baina horrek ez du esan nahi guztien interesak norabide berean joan behar dutenik. Mapa horrek baldintzatuko du La Glorieta antzeri proiektu berriaren aurkezpena nolakoa izango den larunbatean ARTIUMen.
Urte osoan zehar Societat Doctor Alonsoren kideak alde bateko eta besteko artistekin elkartuko dira zalantzak argitzeko, eztabaidatzeko eta beren lan eszenikoari irtenbide berriak emateko. Proiektua 2012. urtean bukatuko da, behin behineko izenburua El show de la esquina duen ikuskizunarekin.
ELKAR JOTZEAK
Maiatzaren 13an, ostirala, 19:00etan Plaza aretoan. Doako jarduera
Help! I need somebody ( prozesuaren aurkezpena) Claudia Müller
Maiatzaren 14an, larunbata, 15:00etatik 20:00etara. Doakoa
Dantza garaikidea nonahi. Claudia Müller
Edozein tokitarako eska daiteke 945 20 90 20 telefono zenbakira deituz
Ekainaren 4an, larunbata, 19:00etan. Doako jarduera
La Glorieta (prozesuaren aurkezpena) Societat Doctor Alonso (Sofia Asencio eta Tomas Aragay) eta Espe López, Chus Dominguez eta Idoia Zabaleta
Volver al listado