ARTIUMek VideoStorias aurkeztu du, hirurogeita hamarretan hasi eta gaur arteko espainiar bideo-artearen berrikuspen berezia
apirila 15, 2011
70 artista inguruk parte hartzen duen erakusketa honek lau ibilbide eskaintzen ditu aukeran, elkarrekin lotuak eta irekiak
VideoStorias
Iparra aretoan, 2011ko apirilaren 15etik irailaren 4ra
Komisarioak: Blanca de la Torre eta Imma Prieto
Ekoizlea: ARTIUM (Vitoria-Gasteiz)
Babesleak: Euskaltel, Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia
Erakusketaren katalogoa. Testuen egileak: Blanca de la Torre, Imma Prieto, Ángel Quintana, Nekane Aramburu, Emilio Álvarez, Juan Ramón Barbancho, Laura Baigorri, Susana Blas, Eugeni Bonet, Antoni Mercader, María Pallier eta Berta Sichel
Lotutako jarduerak:
- Esparruak, testuinguruak, ibilbideak: VideoStorias, hitzaldi zikloa. Hizlariak: Guadalupe Echevarria, Antoni Mercader, Gabriel Villota eta Eugeni Bonet (maiatzean)
- Pantaila borroka (Felix Hita, Jorge Luis Marzo eta Fito Rodríguez-ekin). Maiatzaren 14an
- PSJM-en (Cynthia Vera eta Pablo San José) La isla de hidrógeno nobelaren aurkezpena. Maiatzaren 3an
Prentsa oharra Erakusketa
ARTIUM, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak VideoStorias erakusketa aurkeztu du (Iparra aretoan, 2011ko apirilaren 15etik irailaren 4ra), azken berrogei urteetako espainiar bideo-artearen berrikusketa, hirurogeita hamar artista baino gehiagoren lanean oinarriturik. Horien artean ehuneko berrogeita hamar baino gehiago emakumeak dira, eta garrantzi berezia eman zaio azken hamarraldiari. Aukeran dauden lau ibilbideren bidez egituratu da erakusketa. Norbanakoa, politika, teknologia eta beste hizkuntza artistiko batzuekiko harremana dira lau ardatzak. Ibilbide horiek lan jakin batzuetan gurutzatu egiten dira, eta horrek batetik bestera aldatu eta norako a aldatzeko aukera ematen dio bisitariari, metroan balego bezala. Blanca de la Torre eta Imma Prieto izan dira erakusketaren komisarioak, eta katalogoa, dieseinu berezikoa, hainbat testuk eta ikusgai dauden bideolan guztien fitxek osaturik dago. VideoStorias-en inguruan, ARTIUMek hitzaldi ziklo bat antolatu du eta bertan, Antoni Mercaderrek, Eugeni Bonetek, Guadalupe Echevarriak eta Gabriel Villotak parte hartuko dute. VideoStorias ARTIUMek ekoitzi du, Euskaltel-en, Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren babesarekin.
VideoStorias-ek ez du ibilbide bakar eta lineala, zorrozki kronologikoa, planteatzen espainiar bideo-sorkuntzaren historian barrena, hasi zenetik gaur arte. Aitzitik, erakusketan ikusleari bere ibilbidea edo ibilbideak erabakitzeko aukera ematen zaio, azkenean bere gogoko azken geltokira iritsi arte. Lau giren inguruan antolatua (Tekneak, Subjektuak, Politikak eta Hibridoak) eta Julio Cortázarren Rayuela nobelaren begien bistako aipamenak eginez –katalogoaren edizioan, esate baterako–, ikusleak kolorez markatutako ibilbideak egin ditzake baina, bideak eta gaiak inondik ere elkar-baztertzaileak ez direnez, naturaltasun osoz igaro daiteke testuinguru batetik bestera, garraio publikoko sare bateko lineak bailiran.
Iristen denean, ikusleak kolore bat aukeratu beharko du (urdina, berdea, gorria nahiz horia), hau da, espainiar bideo-artean barrena egingo duen bidaia nondik hasi. Ibilbidean zehar lineak gurutzatzen diren puntuak aurkituko ditu, hau da, bi edo hiru esparru biltzen dituzten bideo-lanak aurkituko ditu. Batzuetan hiru linea gurutzatzen dira, esate baterako Eugènia Balcellsen Indian Circle (1981) lanean, Valeriano Lópezen Estrecho Adventure-n (1996) edota Guillem Bayoren 2000 Volts-en (2004), eta beste askotan, bi linea gurutzatzen dira. Gurutzebide horietan lineaz aldatu edota bide beretik jarraitzeko aukera egongo da.
Tekneak, Subjektuak, Politikak eta Hibridoak
Linea urdina Tekneen esparruari dagokio (teknologiak). Bide horri jarraituz, ikusleak Espainiako bideogintzaren historietako bat ezagutu ahal izango du, bide hori kronologiari loturik baitago, teknologiaren garapenari eta bideoaren euskarriak adierazpide artistiko gisa izan duen bilakaerari dagokienez. Hemen bisitariak espainiar bideo-arteko lehen lanetakotzat jotzen denaren irudi berreskuratu ahal izan direnak ikusteko aukera izango du: Àngel Jovéren, Antoni Llenaren, Sílvia Gubernen eta Jordi Galíren Primera muerte (1970). Bide horri jarraituz, Eugeni Boneten (V2, 1973), Maite Ninouren (Revival Solitary, 1980), Sergio Pregoren (Tetsuo Bound to Fail, 1988), Ignacio Pardoren (Tránsito, 1988) eta María Cañasen (El perfecto cerdo, 2005) lanetan gelditzeko aukera egongo da, baina baita lineaz aldatzekoa ere, Antoni Muntadasen (Cadaqués Canal Local, 1974), Iñigo Salaberriaren (La noche navegable, 1993), Txuspo Poyoren (Delay Glass, 2007) edota Eugenio Ampudiaren (Collectors, 2009) lanen aurrean gelditu ondoren, besteak beste.
Ibilbide berdean, Subjektuak, erretratuaren eta autoerretratuaren, eta mirror image esaten zaionaren generoak bildu dira. Artistaren bere baitako edota kanpo alderako begiradaren bidez, esparru honetan generoari, komunikazioari (edota komunikaziorik ezari), eta gizakiaren hauskortasunari eta zaurkortasunari buruzko lanak egongo dira ikusgai. Ángeles Agrelaren (Entrevista, 2010), Pilar Albarracínen (She Wolf, 2006), Cabello-Carceller taldearen (Casting: James Dean (Rebelde sin causa), 2004), Jordi Colomerren (The Istanbul Map, 2010), Alicia Framisen (Before Your Name, 1998), Eulàlia Valldoseraren (Interviewing Objects, 2008), Carles Congosten (Bad Painting, 2010) eta Francesc Torresen (Imitation of Myself, 1974) lanak linea honetako geltokiak dira.
Kolore gorriak markatzen duen bidea Politikarena da. Artistari gizartearen arazoei buruzko argudio politikoak bilbatzeko aukera eman dion euskarria izan da beti bideoa, eta jarrera ezkorrenetatik utopia erradikaletarainoko paisaia marraztekoa. Colectivo Video Nou (Vaga de benzineres, 1977), Txomin Badiola (EAE. Acción en el museo, 1983-2001), Daniel García Andújar (Technologies to the people. “Postcapital. Archive Project”. Black Box, 2006), Fernando Sánchez Castillo (Pegasus Dance, 2008) eta Democracia taldea (Ser y durar, 2011) aurkituko ditugu, besteren artean, ibilbide honetan.
Azkenik, linea horiak (Hibridoak) bideo-artearen eta hurbileko beste sortze-esparru batzuen –dantza, musika, performancea, bideo-jokoa, eskultura eta bideo-klipa, besteak beste– arteko lotura jorratzen du. Concha Jerez (OSNABRÜCK: OSNA-BRÜCK, 1988), Joan Morey (F_TERROR* ism par STP (Fucking Fashion Rules), 2002), Itziar Okariz (Thanks, 2004), Guillem Bayo (2000 volts, 2004), Eugenio Ampudia (Collectors, 2009), Dora García (Insulto al público: adaptación, 2009), Daniel Canogar (Dial M for Murder, 2010) eta PSJM (La isla de hidrógeno, 2010) aurkitzen dira VideoStorias-en ibilbide honetan.
Bide bat zein bestea aukeratu, ikusleak beste aukera bat du oraindik bere esku, bideo-artearekiko bere istorioaren amaiera erabakitzeko ahalbidea emango diona. Azken geldialdian, “Hurrengo geltokia” izenekoa, lau ibilbideetan ez dauden bideo sorta baten artean aukeratu ahal izango du. Erakusketaren amaiera irekia da, ondorio kategorikorik gabe. Hori da, nolanahi ere, komisarioen asmoa.
Katalogoa
VideoStorias erakusketaren inguruan, ARTIUMek diseinu bereziko katalogo bat argitaratu du: hiru liburuki eta ikusgai dauden lanen fitxa sorta bat dituen kutxa bat. Erakusketan bezala, katalogoan ere irakurleak aukera dezake bere irakurketa-ibilbidea eta, are, liburuko zati batzuk ez irakurtzea, artxibo-oharrak diruditen testuak eta irakurketaren hurrenkera aukeratzeko ahalbidea elkartzen ditu, Julio Cortázarren Rayuela nobelan, Ballarden The Atrocity Exhibition eta gazteei zuzenduriko “aukera ezazu zeure abentura” motako liburu horiek inspirazio iturri harturik.
Rayuela nobelaren oihartzuna aurkibidean bertan agertzen da lehendabizi, zenbait atalek Cortázarren nobelako zatien izenburua baitaramate: “Hemengo aldetik” (Del lado de acá), “Hango aldetik” (Del lado de Allá), “Beste alde batzuetatik” (De otros lados). Baina “Ibilbideak / Aukerak (Beste alde batzuetatik)” atalean, Blanca de la Torre eta Imma Prieto komisarioen testua, nabaritzen da batez ere ondre hori: lineen elkarketa, irakurleari esparru batetik bestera jauzi egiteko gonbidapena, funtsezko informazioa baizik ez irakurtzeko aukera…
Liburuak bideo-artearen historiaren ibilbide kronologiko bat ere eskaintzen du, hau ere Prietok eta de la Torrek idatzia, “Ez dira dauden guztiak, eta ez daude diren guztiak ere (Hango aldetik)”, Ángel Quintanaren testu bat (“Jardueren eta irudien arteko mugak berriro eraikitzeko premia”), eta eduki pertsonalagoa duten testu labur sorta bat, “Bideokontakinak” izenburuaren pean bilduak. Susana Blas, Antoni Mercader, Eugeni Bonet, María Pallier, Berta Sichel eta Nekane Aramburu dira, besteak beste, horien egileak.
Kutxaren barruan, gainera, 77 artisten 78 lanen fitxak egongo dira, dagokien linea edo lineen kolore-kode batekin eta komisarioen iruzkin batekin.
Volver al listado