ARTIUM-ek jendaurreko irakurketa batekin, kontzertu batekin eta erakusketa batekin ospatuko du Liburuen Nazioarteko Eguna
apirila 13, 2011
Ipuin asmatuak: haur liburuak marraztearen artea erakusketak euskal ilustrazioaren inguruko webgune bat dauka
Liburuen Nazioarteko Eguna ARTIUMen
Apirilaren 15ean, ostirala, 12:00etatik 19:00etara
Artea eta kultura garaikideei buruzko testuen irakurketa etengabea, bookcrossing, Blues & flamenko
Liburu erakusketa: Ipuin asmatuak: haur liburuak marraztearen artea
Sarrera doan. Argibide gehiago Liburutegiaren katalogoa
ARTIUM, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak, Liburuen Nazioarteko Eguna ospatuko du datorren ostiralean, apirilak 15. Horretarako jarduera ugari prestatu ditu, besteak beste artearekin eta kultura garaikidearekin zerikusia duten testuen jendaurreko irakurketa, haurrentzako liburuak marraztearen artearen inguruko erakusketa bat eta blues-a eta flamenkoa elkartuko dituen kontzertu bat. Urtero bezala, gainera, ARTIUMen liburutegiak art-bookcrossing ekitaldi berri bat bultzatuko du, zeinetan artearekin, argazkilaritzarekin eta arkitekturarekin zerikusirik duten 200 ale “askatuko” dituen apirilaren 11tik 15era.
Aste Santua dela eta, ARTIUM-ek apirilaren 15ean egingo ditu Liburuen Nazioarteko Eguna ospatzeko antolatu dituen jarduerak. 12:00etan Ipuin asmatuak: haur liburuak marraztearen artea erakusketaren inaugurazioa egingo da liburutegian. Haurrentzako eta gazteentzako zuzenduak dauden ilustrazio liburuei buruzko erakusketa da, marraztearen arteak txikienen fantasia eta ikusizko gozamena pizteko duen garrantzia nabarmenduz.
Erakusketan historiako ilustratzaile onenen haur eta gazte liburu sorta zabala ikusi ahal izango da. Gainera, ilustrazioaren teoriari eta teknikari buruzko eskuliburuak, ilustratzaileen gidak, ilustrazioko aldizkariak eta jatorrizko ipuinetan inspiraturiko pelikulak egongo dira. Liburutegiko katalogo birtualean ilustrazioaren historiari, sariei, agentziei eta ilustratzaile elkarteei buruzko informazioa, bideoak, elkarrizketak, bibliografia eta web baliabideak aurki daitezke, besteak beste.
Bestalde, ARTIUMen liburutegiak artearekin eta kultura garaikidearekin zerikusia duten testuen irakurketa publiko eta etengabea antolatu du aurten ere. Hautatutako testuen irakurketa 12:00etan hasi eta 19:00etan amaituko da. Deialdi irekia da eta irakurleek noiz parte hartu aukeratu ahal izango dute biblioteca@artium.org helbidera mezu elektroniko bat bidaliz. Mezu horretan zein tarte komeni zaien adierazi beharko dute —12.00-12.30 bitartekoa, 12.30-13.00bitartekoa… eta horrela 19:00ak arte. Erantzunean, liburutegira noiz etorri adieraziko zaio interesdunari. Gainera, norberak aukeratu ahal izango du, nahi izan ezkero, irakurriko duen testua.
Aurtengo jarduera publikoan haurrentzako irakurketa bat egongo da 18:00tik 19:00ra bitartean non umeek arteari buruzko haurrentzako liburuak irakurri ahal izango dituzten. Bestalde, egunean urte osoan ARTIUM-etik pasatu diren pertsonen irakurketak ikusiko dira bideoz, eta egunean bertan egingo direnak Interneteko livestream web orrialdearen bidez jarraitu ahal izango dira.
Liburuen Nazioarteko Egunaren ospakizuna, blues eta flamenko hartu-eman kontzertu batekin bukatuko da 21:30ean Plaza aretoan. Pasa den urtean ARTIUM-ek «bertso-rap-mix» saio bat eskaini zuen Jon Maia eta Joxe Mari Irazu bertsolariekin eta Javicio (Javier Ibarra) eta Sasa (Fernando Méndez) gasteiztar rap kantariekin. Aurten Tobacco road blues taldea, —Txitxo Amili eta Antonio Azazeta musikarik osatua— egongo da alde batetik, eta bestetik, Eduardo Florido flamenko kantaria eta Javier Antoñana gitarra jolea egongo dira.
Bookcrossing
Liburuen Nazioarteko Eguna ospatzeko ARTIUMek antolatu dituen jarduerak arteari, argazkilaritzari eta arkitekturari buruzko 200 liburuen “askapenarekin” abiatuko dira apirilaren 11tik 15era. Liburuak Gasteizko toki ugari eta jendetsuetan ipiniko dira, hala nola, unibertsitate kanpusean, autobus geltokian edota Andra Mari Txuriaren plazan. Esperientzia honetan parte hartu nahi duenak liburu bakoitzaren azalean eta barruan aurkituko dituen eranskailuetako jarraibideak betetzea besterik ez du. Bookcrossing-aren hiru arauak betetzen badira —irakurri, erregistratu eta askatu—, liburu bakoitzaren nondik norakoa ezagutu ahal izango da www.bookcrossing–spain.com web orrian.
ARTIUMen liburutegiak Estatuko beste liburutegiekin batera bookcrossing delakoa sustatzen duen hirugarren aldia da hau. Harrezkero, hogeita hamar bat museo eta zentroetako liburutegiek bat egin dute ekimen horrekin eta aurten arte diziplinen 2.500 liburu “askatuko” dituzte. Parte hartzen dutenen artean Gasteizko Montehermoso Kulturunea, Donostiako Tabakalera, Bartzelonako CCCB-a, Madrilgo La Casa Encendida, eta Toledoko Greco Museoak daude.
Volver al listado