ARTIUMek gaur egungo hezkuntza prozesuetan tresna politiko izango diren irudiak sortzearen inguruko zinema zikloa eskainiko du
apirila 07, 2011
Izpibildeak: generoaren inguruko pedagogia erradikalak, politikak eta narrazioak kontzientzia eta jarrera kritikoa sortzen dituzten ikaste garapenei buruz arituko da
Zinema zikloa. Azpibideak:Generoaren inguruko pedagogia erradikalak, politikak eta narrazioak
Komisarioak: Montse Romaní eta Virginia Villaplana
Apirilaren 9tik, larunbata, 17ra, igandea (4 saio)
Proiekzio guztiak 20.00etan, jatorrizko bertsioan eta gaztelaniazko azpitituluekin
Doako jarduera. Toki mugatua
Ekoizleak: ARTIUM (Vitoria-Gasteiz) eta Centro de Arte Dos de Mayo (Móstoles, Madril)
Babeslea: Goethe Institut
Programa osoa kontsultatu Prentsa oharra
ARTIUM, Vitoria-Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak, gaur egungo hezkuntza prozesuetan tresna politiko izango diren irudiak sortzearen inguruko gogoeta egiten dituzten ikus-entzunezko lanak aurkezten ditu, genero kontakizunen politizazioa eta subjektibotasunen sorrera nabarmenduz. Izpibildeak: generoaren inguruko pedagogia erradikalak, politikak eta narrazioak zikloan zazpi pelikula proiektatuko dira apirilaren 9tik (larunbata) 17ra bitartean (igandea), lau saioetan banatuta. ARTIUMek eta Centro de Arte Dos de Mayo-k ekoiztu dute zikloa.
Ikus-entzunezko esperientzien bitartez, jakitearen eta boterearen arteko harremana zalantzan jartzen da, ikuskizun-kulturaren normalizazioak jokabideak moldatzeko eta gizarte baloreak ezartzeko duen ahalmenari buruzko kontzientzia pizteko. Izpibildeak: generoaren inguruko pedagogia erradikalak, politikak eta narrazioak «irudipenaren pedagogia erradikak» esaten zaien horien baitan dago, hezkuntzak definitzen duten kontakizun batzuen eta besteen inguruan eztabaidatzeko aukera ematen duen tresna.
Zinema zikloa apirilaren 9an, larunbata, hasiko da Pietra Bauer zuzendari suediarraren Rana pelikularekin. Rana 13 urteko neska musulman baten fikziozko izena da. Gaztea 18 urteko mutil libanoar batekin ezkonduta dago eta seme bat daukate. 2003. urtean egunkari batek argitaratutako gertaera pribatu bat oinarri harturik, gertakari horren, egunkariek kontatutakoaren eta eremu publikoan sortu ziren arazo politikoen arteko harremana aztertzeari ekin zion Pietra Bauerrek.
Apirilaren 10an, igandea, Sandra Schäferren eta Elfe Branderburgerren Passing de Rainbow pelikula ikusi ahal izango da. Filmak emakume batzuek afganiar gizarteko genero-arau zorrotzak iraultzeko erabiltzen dituzten metodoak aurkezten ditu.
Zikloak hilaren 16an, larunbatean, jarraituko du Scuola Senza Fine eta Journal Nº1 – An Artist´s Impression pelikulekin. Lehenengo filmak Adriana Montik zuzendu zuen 1983. urtean. Dokumentalak etxekoandre talde bati emandako eskoletan egindako esperimentu pedagogikoa aurkezten du. Emakumeen artean sortzen diren gogokidetasun harremanak erakusten dira, nola irudikatzen dituzten eta nola irudikatzea nahi duten.
Journal Nº1 – An Artist´s Impression pelikulan Hito Steyerl kroaziarrak zinemaren, eskolaren eta gudaren arteko harremanak nabarmentzen diren momentuen inguruko gogoeta egiten du.
Zikloaren azken eguna, apirilaren 17an, igandea, hiru filmen proiekzioarekin bukatuko da. Lehenengo pelikula Danièle Huillot-en En rachâchant da. Istorioa lau pertsonaien arteko elkarrizketarekin hasten da: haur ikasle bat, bere gurasoak eta irakaslea. Esaldi labur eta loturarik gabeen bidez, elkarrizketa zentzugabea sortzen da beraien artean, eta horren guztiaren emaitza, irakaskuntza instituzionalak norbanakoari inposatzen dizkion arau sozial eta kulturalen aurkako ikuspegia da.
Bigarren pelikula Helke Sander zuzendariaren Brecht die macht der manipulateure (Manipulatzaileen boterea apurtzea) izango da eta hirurogeiko hamarkadako Alemaniako ikasle mugimenduari buruzko filma da. Stadt_Chronik ( hiriko kronikak) Marisa Manzak zuzendu du eta Berlingo espazio publikoetan egindako hezkuntza esperientziari du aipagai. Irakasle eta ikasleak hiriko espazio publiko batzuetara eta besteetara joan eta erabilera berriak ematen dizkiete.
Apirilaren 9an, larunbata
Rana: Petra Bauer. Suedia. 2007
Apirilaren 10ean, igandea
Passing the rainbow. Sandra Schäfer eta Elfe Branderburger. Alemania. 2007
Apirilaren 16an, larunbata
Scuola senza fine. Adriana Monti. Italia. 1983
Journal Nº1 – An Artist´s impression. Hito Steryerl. Alemania. 2007
Apirilaren 17an, igandea
En rachâchant. Danièle Huillet eta Jean Marie Straub. Frantzia. 1982.
Brecht die macht der manipulateure (Manipulatzaileen boterea apurtzea). Helke Sande. Alemania. 1968.
Stadt Chronik. Crónicas en la ciudad. Marisa Maza. Espainia. 2003
Proiekzio guztiak Emanaldi aretoan egingo dira 20:00etan.
Doako jarduera. Toki mugatua
J.b eta gaztelaniazko azpitituluak
Volver al listado