Liburuen Nazioarteko Eguna dela eta, 31 espainiar zentro eta museok arte-liburuz beteko dituzte hiriak
apirila 11, 2011
ARTIUMek 2006an abiarazi zuen bookcrossing ekintza bat burutzeko elkartuko dira, artearen adar batzuekin eta besteekin zerikusia duten 2.500 liburu baino gehiago “askatuz”
Hirugarren urtez jarraian, espainiar arte garaikideko 31 zentro eta museok apirilaren 15ean, Liburuen Nazioarteko Egunarekin, bookcrossing, liburuak askatzeko kanpaina bat burutuko dute elkarrekin. Horretarako, beren liburutegietan arte adar batzuekin eta besteekin loturik bikoizturik dituzten aleekin “beteko” dituzte hiriak. Parte hartzaileek 2.500 liburu baino gehiago zirkulazioan jartzeko asmoa dute, jasotzen dituztenek irakurri, eta ondoren munduko beste edozein tokitan aska ditzaten. Askatutako liburu guztiek etiketa bat daramate, kanpainan parte hartzeko jarraibideekin. Horrez gainera, www.bookcrossing-spain.com web orrian erregistraturik daude liburuak, eta gune horretan irakurleek ale bakoitza non aurkitu duten eta non askatu duten adierazi ahal izango dute. Ekimen honen helburua, arte museoetako liburutegiak irakurketa sustatzeko bat egitea da, eta zehazkiago, arte adar batzuen eta besteen ezagutza zabaltzea.
2001. urtean nazioartean sortu zenetik, bookcrossing ekimena parte hartzaile kopurua biderkatuz joan da. “Liburu elkarte global” gisa definitzen da bookcrossing, eta “hiru erre” esaten zaien hiru arau bakun ditu ardatz: read (irakurri), register (erregistratu), release (askatu). Liburuak toki publikoetan eta jende asko dabilen tokietan askatu ohi dira arruntean, hau da, Unibertsitatean, garraio publikoetan, polikiroldegietan eta abar, eta irakurle bakoitzak jarraibide horiek kontuan hartzen baditu, liburuak abiapuntutik helbururaino egindako bidea ezagutu daiteke www.bookcrossing–spain.com orrian. Aurrekoetan, kanpaina honen inguruan askatutako arte liburuak Parisen, New Yorken, Erroman edota El Cairon aurkitu izan dira, esate baterako.
Vitoria-Gasteizko ARTIUM zentro-museoa izan zen ekimen honen abiatzaile, 2008ko Arte Garaikideko Liburutegi eta Dokumentazio Zentroen Laugarren Topaketeten esparruan. Bi urtez behin egiten diren topaketa horietan informazioa partekatzen da, lan lerro berriak aztertzen dira eta zentroen arteko lankidetzak sortzeko ahalbideak eztabaidatzen dira.
Askatutako liburu guztiek lau itsasgarri izango dituzte. Lehendabizikoa, bizkarrekoa, bookcrossing-en nazioarteko sinboloa da: lasterka doan beso eta hankadun liburu baten marrazkia, oraingo honetan zentro edo museo bakoitzaren logotipoarekin berezitua. Testu batek bookcrossing ekimeneko liburua dela argitzen du. Bigarren etiketa liburuaren azalean erantsi da, eta argibide gehiago ematen ditu: “pasa iezaiozu liburua norbaiti edota utz ezazu aske bere abentura bizi dezan” eta “ez naiz galdu, liburu talde global baten parte naiz”. Horrez gainera, liburuaren barruan xehetasun gehiago aurkituko direla adierazten du.
Liburuaren barruan, hirugarren itsasgarriak liburua askatzearen helburua zein den eta nazioarteko esperientzia honetan www.bookcrossing-spain.com web orriaren bidez parte hartzea zergatik komeni den adierazten dio liburua jaso duenari. Izan ere, horrela liburua nondik nora ibili den eta nork irakurri duen jakin daiteke, eta irakurle berriak bidaia egunkarian idatz dezake bere izena. Baina web gunean sartu ordez, liburuak duen laugarren itsasgarri batean idatz dezake irakurleak bere izena eta liburua non aurkitu duen.
Apirilaren 15eko astean edozeinek eman ahal izango ditu pauso horiek Espainiako hamazazpi hirietako hainbat tokitan “askatuko” diren 2.500 liburu baino gehiagorekin.
Bookcrossing ekimenak liburuak doan trukatzeko aukera emateaz gainera, “askatu” ondoren liburu bakoitza nondik nora dabilen jakiteko bidea ematen du, ta baita nork eta non irakurri duen ere. Horretarako nahikoa da “hiru erren” arauari jarraitzea: Read (irakurri), Register (erregistratu) eta Release (askatu). Edozeinek parte har dezake esperientzia honetan, ez liburuak jasoz bakarrik, baita bereak zirkulazioan jarriz ere. Horretarako nahikoa da liburua bookcrossing-en web orrian erregistratu eta ondoren toki publiko batean askatzea.
Museo eta arte zentro parte-hartzaileak
Arteleku, Donostia-San Sebastián
ARTIUM, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoa, Vitoria-Gasteiz
CAAM, Centro Atlántico de Arte Moderno, Las Palmas de Gran Canaria
Casa África, Las Palmas de Gran Canaria
CDAEA, Centro de Documentación de Artes Escénicas de Andalucía, Sevilla
Centre d’Art La Panera, Lleida
CCCB - Centre de Cultura Contemporània de Barcelona, Bartzelona
Centro Cultural Montehermoso Kulturunea, Vitoria-Gasteiz
Centro de Arte La Regenta, Las Palmas de Gran Canaria
Centro de Arte y Naturaleza – Fundación Beulas, Huesca
CENDEAC, Centro de Documentación de Estudios Avanzados de Arte Contemporáneo, Murtzia
Centro Galego de Arte Contemporánea – CGAC, Santiago de Compostela
Disseny Hub Barcelona (DHUB), Bartzelona
Es Baluard, Palma de Mallorca
Fundació Antoni Tàpies, Bartzelona
Fundación Eugenio Granell, Santiago de Compostela
Fundació Joan Miró, Bartzelona
Fundación Marcelino Botín, Santander
Koldo Mitxelena Kulturunea, Donostia-San Sebastián
La Casa Encendida, Madril
MARCO, Museo de Arte Contemporánea de Vigo, Vigo
MNAC - Museu Nacional d'Art de Catalunya, Bartzelona
MUSAC - Museo de Arte Contemporáneo de Castilla y León, León
Museo de Arte Contemporáneo Esteban Vicente, Segovia
Museo del Greco, Toledo
Museo del Traje, Madril
Museo Oteiza Museoa, Alzuza
Museo Pecharromán Pasarón de la Vera, Cáceres
Museo Sefardí, Toledo
Museu d'Art Jaume Morera, Lleida
Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa, Donostia-San Sebastián
Volver al listado