ARTIUMek Belardi konstruktibista eta dekonstruktibista aurkezten du, Wilfredo Prietoren proiektua Praxis programarako.
martxoa 24, 2011
Berez eraikuntzakoak diren materialekin, kubatar artistak paisaia bat sortuko du, ikusleak sofa baten erosotasunetik eta “hankak mahai gainean” begiratuko duena.
Praxis. Wilfredo Prieto. Belardi konstruktibista eta dekonstruktibista, etxeko sofatik ikusia, hankak mahai gainean jarrita
Iparra aretoa, 2011ko maiatzaren 29a arte
Komisarioa: Blanca de la Torre
ARTIUMek ekoitzia (Vitoria-Gasteiz)
Erakusketako eskuliburua (fanzinea): Blanca de la Torreren testuak
www.wilfredo-prieto.com
ARTIUM, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak Wilfredo Prieto kubatar artista aurkezten du Praxis programaren baitako beste proposamen batean: Belardi konstruktibista eta dekonstruktibista, etxeko sofatik ikusia, hankak mahai gainean jarrita (Iparra Aretoa, maiatzaren 29a arte). Prietok erreala dena metaforikoa denarekin nahasi izan du, fisikoa dena kontzeptzuala denarekin, ironikoa dena gogoetazkoa denarekin, eta, ibilbide horri leial izanez, nolabait ezaguna izan dakigukeen paisaia bat sortu du oraingoan, berez eraikuntzakoak diren materialak erabiliz, zeren eta ingurune urbanoaren ia etengabeko aldaketa-egoera aipatzen baitu (konpontze-lan amaigabeetan dagoen hiria) eta sofa baten erosotasunetik ikusi beharra dagoelako, hankak mahai baten gainean jarrita. Blanca de la Torre da proiektu honen komisarioa, eta proiektuaren baitan, Praxis programak ohi duen bezala, fanzine bat argitaratu da, bere edukia erakusketarekin berarekin eboluzionatuko duena. ARTIUMen programa bat da Praxis, artistari presentzia eta protagonismo handiagoa ematen diona, artistak jendaurrean eraikitzen baitu erakusketarako bere proposamena.
Wilfredo Prietok paisaiari buruzko gogoeta kontzeptualerako leku gisa tankeratu du Praxiseko espazioa, eta genero artistiko horri buruzko jarraipen bat eta aldi berean auzitan jartze bat egin du. Hirietako kaleak konpontzeko lanetan erabili ohi diren materialez bete du Prietok galeria: trafiko-seinaleak, ARTIUM inguruko kale-plazak zolatzeko erabilitakoak bezalako galtzada-harriak, aldamioak, hormigoi nahasgailuak, hesiak, zementu-zakuak… Traste horiekin paisaia berezi bat sortzen du, ikusleari parte hartze bitxi samar bat eskatzen diona.
Belardi konstruktibista eta dekonstruktibista, etxeko sofatik ikusia, hankak mahai gainean jarrita paisaia eraiki bat balitz bezala planteatzen du kubatar artistak, eta paisaia horretako objektu ordenatuak bere etxeko egongelan balego bezala ikusi behar ditu ikusleak, sofa batean eserita eta “hankak mahai gainean”. Behaleku horretan, so egoteko kokagune horretan, ez da ezer falta, hozkailu bat ere badago eta, ikusleak garagardo bat lasai asko edan dezan “behatzeko ekintza egin bitartean”. Bi elementu horiek, sofa eta hozkailua, berezkoak ditu erakusketak, baina, hala eta guztiz ere, balio erantsi bat ematen diote bisitariaren presentziari, bisitaren beraren ekintzari: Belardi... artistak aldez aurretik erabakitako posturan eta jarreran ikusi beharra dago.
Leku txiki horretan, Wilfredo Prietok beste lan batzuetan agertzen diren giltzarri asko eta asko biltzen ditu: minimalismo bikain kalkulatu bat, erakusketaren edukiari lotutako hitz jokoak, ironia, hurbileko kontu sozial eta politikoen aipamen zuzena edo zeharkakoa... Natura, garapen urbanistikoak paisaiari eragiten dion aldaketa, gizakiak egoera horren aurrean duen jarrera, eraikitzeko eta bizitzeko kontzeptuak eta era; horiek dira, besteak beste, Praxisek ARTIUMen aurkeztutako proiektu berriak eragiten duen gogoetaren elementuak.
Belardi konstruktibista eta dekonstruktibista, etxeko sofatik ikusia, hankak mahai gainean jarrita-rekin batera, Praxiseko beste proiektu batzuetan bezala, fanzine bat plazaratu da, zentro-museo honek argitaratzen dituen liburuxketatik formalki urrun dagoena. Izan ere, Praxisek honela definitzen baitu bere burua: erakusketen urteko programazioaren modulo alternatibo gisa, 1970eko urteetako punk mugimendutik eratorritako subkultura autogestionarioaren oinordekoa, nolabait. Wilfredo Prietoren proiektua ezin hobeki identifikatzen da Praxisen nortasunarekin, laborategi edo lantegi esperimentala baita Praxis, inprobisazioa, birtziklatzea, prozesual izatea, erlazional izatea, ekintza zuzena eta “do it yourself” edo “zuk zeuk egizu” konbinatzen dituena.
Praxisen espirituari leial, artistaren rola aktiboagoa da hemen, artelanaren eguneroko protagonismoaren aurrean. Prietok zentro-museoa irekita dagoen ordutegian lan egiten du, eta, beraz, ikusleak lanaren garapenaren urrats guztiak ikus ditzake hura bukatzen den arte, artistarekiko elkar-eragile izan daiteke, edo, besterik gabe, berari begira egon, lanean ari den bitartean.
Wilfredo Prieto
Wilfredo Prieto 1978an jaio zen, Zaza del Medio-n, Sancti Spíritus probintzian, Kuban, eta hiri horretako Goi Mailako Arte Institutuan egin zituen ikasketak. Galería DUPP (Desde una Pragmática Pedagógica) taldearen kide izan zen, eta bera tartean zela, la Habanako zortzigarren Biurtekoan, arteak sustatzeko UNESCOren saria irabazi zuen. Parisko Kadist Art Foundation eta New Yorkeko John Simon Guggenheim egoitzak lortu ditu, eta, 2008an, Buenos Airesko F saria eta Londresko Cartier Fundazioaren saria eskuratu zituen. Gaur egun nazioartean hedadura handienetako bat duen artistatzat aitortua dago.
La Habanako Biurtekoaren azken edizioetan parte hartzeaz gainera, Wilfredo Prieto nazioarteko beste arte-saio ospetsu batzuetan ere aritu da, hala nola, 2007ko Veneziako Biurtekoan eta 2010eko Sao Paulokoan. Bakarkako bere erakusketen artean, aipagarriak dira Montaña, Gantesko SMAKen, Belgikan, 2008an; Ángulo muerto, Parisko Kadist Art Foundation-en, 2006an; Mudo, Hamiltongo McMaster Museum of Art-en, Kanadan; eta Mucho ruido y pocas nueces II, Leongo MUSACen.
Gaur egun, atzera begirako handi bat prestatzen ari da Detroiteko Arte Garaikideko Museoan, eta erakusketa bat du ikusgai Madrilen, Mostolesko CA2Mn: Amarrado a la pata de la mesa.
Absurdoa erabiliz ikuslea tartean sartzeko estrategia gisa, Wilfredo Prietok espazio publikoak edo aretoak aldatzen ditu, objektu edo esku hartze jakin batzuen bitartez eta umorea eta errealitate soziopolitikoari buruzko gogoeta kritikoa konbinatuz. Prietok bere hasierako funtziotik edo bere forma naturaletik bestelakatzen ditu objektuak, eta testuinguru desberdin batean sartzen ditu edo itxura poetikoki minimalista batez eraldatzen du objektua bera. Nolanahi ere, Wilfredo Prietok estrategia artistiko gisa ikertzen du umorea, eta sortzen dituen irudiak arinak bezain dibertigarriak dira, absurdoak bezain zentzuz beteak, gaur egungotasunaren irudi subertsibo baten gisakoak.
Volver al listado